Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Josu Pereda (Ingurumen zinegotzia):

"Organikoa beste hondakinekin nahasten bada, hondakinek euren balioa galtzen dute"

Udalak herritarrei aukera emango die konpostaje komunitarioan parte hartzeko. Udaberrirako jarriko da martxan. Era berean, eskatzen die konpostajea eta Atez atekoa "ez nahastea", "ezta politizatzea ere".

392.Josu.Pereda.Ingurumena (id: 67291)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2013-ko urtarrilak 22, asteartea

 

Josu Peredak, Udaleko Ingurumen zinegotziak, parte hartu du Uribe auzoan konpostaje komunitarioari buruzko batzar batean. Aukera baliatuta, ondoko elkarrizketa egin diogu:

 

- Auzo konpostajearen (konpostaje komunitarioaren) inplantazioak esan nahiko du Atez atekoa inplantatzen hasiko dela?

 

- Ez, ez daukat zerikusirik, Atez atekoa inplantatuko ez balitz ere, auzo konpostajea egin beharrekoa da.

 

Hau sentsibilizazio kanpaina bat da, jendea konturatu dadin zein garrantzitsua den organikoa beste hondakinekin ez nahastea.

 

Izan ere, organikoa beste hondakinekin nahasten bada, hondakin horiek euren balioa galtzen dute, ez-birziklagarri bihurtzen direlako. Hori kontuan hartuta, konpostaje komunitarioari hasiera ematea erabaki dugu.

 

Organikoa bereizten baduzu, eta beste hondakinak bereizten badituzu, ez duzu ia zaborrik sortuko. Horixe da herritarrari ikusarazi nahi dioguna.

 

Gaur egun jende guztiak dio birziklatzen duela, baina errealitatea da sortzen diren hondakin guztien %70 ezin dela birziklatu organikoarekin nahastuta dagoelako.

 

- Ze ezberdintasun dago autokonpostajearen eta auzo konpostajearen artean?

 

- Diferentzia handiena da autokonpostajea norberaren lurretan egiten dela. Beraz, lurrik ez duen pertsonak ezin du autokonpostajea egin.

 

Horregatik, lurrik ez duten herritarrei lur publikoetan konposta egiteko aukera da auzo konpostajea.

 

- Beraz, herritarrei aukera emango zaie lur publikoetan (Erdialdean, Ospitale inguruan eta Uriben) konposta egiteko?

 

- Horixe da guzti honen helburua. Urrian kanpaina bat egin zen, etxerik etxe triptikoak banatuz, jendea autokonpostajea edo konpostaje komunitarioa egitera animatuz.

 

Ondorioz, 50 pertsonek eman dute izena Arrasaten, baina hori ez da nahikoa. Horregatik erabaki dugu hurrengo pausua dela 3 gune antolatzea, jende gehiagok parte hartu dezan.

 

Horretarako, 3 guneak kokatuta daude jende ugari pasatzen den tokietan. Horrela jendeak ikusiko du konpostaje komunitarioa gauzagarria dela, txukuna dela, eta ez zabortegi bat.

 

Gune horietan panel informatiboak jarriko ditugu, azaltzeko gune hori zer den, zertarako balio duen eta konpostajean izena emateko aukera emanez.

 

- Erabaki duzue 3 gune horiek zehazki non jarri?

 

- Ez, zehazteke dago. Konpostaje komunitarioan parte hartuko duen herritarrak %25eko hobaria jasoko du bere zaborraren tasan. Horrek suposatzen du 25 euro aurreztea 100 euroko zabor-tasetan.

 

Beste abantaila bat da 2014an, Atez atekoa Arrasatera heltzerakoan, konpostaje komunitarioko erabiltzaileek ez dutela egutegi eta ordutegi zehatzak jarraitu beharko, zintzilikariora eraman beharko dutenek ez bezala. Beraz, herritar hauentzat erosoagoa izango da.

 

- Noiz jarriko da martxan konpostaje komunitarioa?

 

- Ikusi beharko da oraingo kanpainak zer-nolako erantzuna jasoko duen. Gaur lehen batzarra egingo dugu Uribe auzoan. Gure asmoa da aste honetan batzarrak Uriben egitea, hurrengo astean Erdialdean edota Ospitale inguruan. Konpostaje komunitarioa epe laburrean jarriko da martxan. Gure asmoa da udaberri honetan gauzatuta egotea konpostaje guneak.

 

- Nola doa Atez atekoa?

 

- Arrasaten momentuz aparkatuta dago neurri batean, Mankomunitatea egun zentratuta dago Oñatin, Bergaran eta Gatzagan. Arrasaten asmoa da udaberri honetan ere komertzio, zerbitzu, ostalaritza, industria txiki, industria handiarekin,... bilerak egitea, eurei zer datorren azaltzeko.

 

Hortaz gain, erreferentzia-gune bat irekiko dugu, seguruaski Gazte Bulegoan, eta asteko egun baten herritarren duda, kexa edo jakinminei erantzungo die. Asteartero hitzalditxo bat emango litzateke Atez atekoaren arrazoien inguruan. Horixe baita gakoa:

 

Jendeari azaltzea Atez atekoaren zergatia, eta argi uztea ez dela politiko zoro batzuen kapritxo bat. Pisuzko arrazoiak ditu Atez atekoak.

 

Gune horretan ere azalduko litzateke Atez atekoaren funtzionamendua. Asmo gehiago ditugu, baina horiek aurrerago emango ditugu ezagutzera.

 

- Gaur prentsan agertu da Arrasaten Atez atekoaren aurkako plataformako kide batek mehatxuak jaso dituela, anonimo baten partetik. Zer iritzi duzu hortaz?

 

- Esan didate egunkari batean agertu dela, irakurri dut eta harrituta geratu naiz. Pertsona horrek presioak jasan baditu, erabat salagarria da. Gai horri buruzko informazio gehiagorik ez daukat. Hori horrela bada, salaketa bat jartzea aholkatuko nioke.

 

- Zeozer gehitu nahi duzu?

 

- Jendeari eskatuko nioke auzo konpostajea ez dezala nahastu Atez atekoarekin. Ez ditzagun autokonpostajea edota auzo konpostajea politizatu mesedez.

 

Auzo konpostajearen arrazoiak argi azaltzen gabiltza. Herritarrak animatu nahi ditut konpostaje komunitarioan parte hartzera. Posible da egitea.

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE