L.L.A/ Mondraberri, 2008ko ekainaren 26a, eguena.
Bederatzi kilo eta erdi; zazpi kilo gertu...zortzi eta berrehun zituela ere esan dit besteren batek. Atun handi haren pisua asmatuko ote zuen inork? Bakarren batek eramango zuen etxera honez gero, baina asko izan dira gaur jadanik azken egunean ohitura bihurtzen hasi den dastatze honetara hurbildu direnak.
Lehenak Goikobalukoak izan dira heltzen. Noski... beraiek ibili dira eta atuna probatzera zetozen guztientzat pintxo txukunak prestatzen. Baina lehen bisitariak heldu direnean eguerdiko hamabiak ez ziren aparte.
Edateko sagardoa eta ardoa aukeran, besteak beste... eta jendeak gogoz hartzen zituen Eusko Labeleko mantalez jantzita ziren haiek eskainitako plater goxoak. Inkesta txiki bat ere egin dugu, atuna zelakoa zegoen jakiteko. Eta guztiek “edarra” zegoela esan digute... begira bestela, zelako gozamena somatzen zaien aurpegian!
Ordu biak aldera izan da jende gehien dastatzean, seguru aski herriko plazan ordurako zegoen atun usainak erakarrita. Plazan jarrita ziren mahaiak jendez beteta geratu dira, beste batzuei bazkaltzeko ordua iritsi zaigunean... datorren urtean gehiago!