Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Txanponaren bi aldeak ikusi dituzte Zurbanoren mutilek asteburu honetan
Ostiralean Urdanetaren aurka bertan behera utzitako partidua jokatu zuten Iturripen, eta 82-64 mendean hartu zuten Iruñako taldea. Zapatuan, baina, ezin izan zuten UPV Araba garaitu (97-67). Juniorrek Euskal Ligako bigarren garaipena erdietsi dute.

I.B.G. / Argazkiak:  MB artxiboa / 2010eko otsailak 16, asteartea



300 (id: 9625043)Zapore gazi-gozoarekin amaitu dute asteburua Ointxekoek, ostiralean Iturripen Urdanetaren aurka garaipen garrantzitsua lortu bazuten ere, zapatuan esku hutsik bueltatu baitziren Araba aldetik.

Ostiral arratsaldean, Urdanetaren aurka markagailuak izandako matxura baten ondorioz bertan behera geratutako partiduaren azken 20 minutuak jokatu zituzten Zurbanoren mutilek, eta sekulako erakustaldia eman eta gero puntuak poltsikoratu zituzten.  

Norgehiagokari 32-31ko emaitzarekin ekin zioten, eta kantxan jenio bizia erakutsiz eta Iturripen bildutako 100 jarraitzaile inguruko babesarekin Ointxekoek garaipen oso garrantzitsua eskuratu zuten (82-64).  Esan beharra dago, Arrasateko taldearekin batera Urdaneta ere sailkapenaren zuloan sartuta dagoela, beraz bi talde hauek jaitsiera fasea jokatu beharko dute.  Garaipen honi esker arrasatearrek “basket-average” delakoa alde dute Nafarroako taldearekiko, eta hori lagungarri izango da jaitsiera saihesteko.

Zapatuan, baina, txanponaren beste aldea ikusi zuten Ointxekoek.  Gasteiz aldera joan ziren UPV Arabaren aurka indarrak neurtzera, eta ostiralean egindako esfortzua garesti ordaindu zuten arrasatearrek, esku hutsik bueltatu baitziren 30 puntuko aldeagatik galdu eta gero (97-67).

Asteburu honetako gorabeheren ondoren, Arrasateko taldeak hasierako faseko azken norgehiagoka jokatuko du datorren asteburuan Iturripen La Salleren kontra.  Garaipena eskuratzea oso garrantzitsua izango da, talde honek ere jaitsiera fasea jokatuko baitu.  Lehen itzulian garaipena arrasatearrek eskuratu zuten, beraz asteburu honetan puntuak lortuz gero lan asko aurreratuta izango dute Zurbanoren mutilek ligaren amaierara begira.

 

 

 

Juniorren bigarren garaipena Euskal Ligan.

Joan zen astean Loiola Indautxuri irabazi eta gero, asteburu honetan Balzategiren mutilek Euskal Ligako bigarren garaipena erdietsi dute Gasteizen Araberriri 69-77 irabazi eta gero.

Izerdi asko bota behar izan zuten arrasatearrek puntuak eskuratzeko, bi taldeek lan oso ona egin baitzuten defentsan.  Lehen laurdenaren amaierara 12 eta 13ko emaitzarekin heldu ziren.  Bigarren 10 minutuetan aurrea hartu zuten markagailuan gasteiztarrek, 12 eta 5eko partzialari esker.  Atsedenaldian 29 eta 22 erakusten zuen markagailuak.

Aldageletatik indarberrituta irten ziren Balzategiren mutilak, eta norgehiagoka berdintzea lortu zuten 3. laurdenaren amaierarako (43-43).  Azken hamar minutuetan emozioa izan zen nagusi, hasieran abantaila lortu zuen Gasteizko taldeak, baina arrasatearrek berriro ere markagailua berdintzea lortu zuten (51-51).  Amaieran aurretik zen etxeko taldea bi puntuko aldearekin, baina azken unean zuri-moreek 64na berdintzea lortu zuten.  Luzapenean Mondragon Unibertsitatea hobeto aritu zen, eta 0-10eko partzialari esker garaipena eskuratu zuen (69-77).

Jokatutako bi partiduak irabazi eta gero, Balzategik zuzentzen duen taldea sailkapeneko buruan da Easo Lurgoienekin batera.  Datorren astean hasiera batean erraza dirudien partidua jokatuko dute arrasatearrek, azken postuan dagoen Baskoniaren zelaira joango baitira.

 

590 (id: 9573320)Ointxeko Juniorrak

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE