Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Ikei enpresak adineko 218 lagun inkestatu ditu

Arrasaten bakarrik edo bikotean bizi diren pertsona nagusiek 7ko nota jartzen diote euren egoerari

Arrasaten kolektibo honen diru-sarrerak 1.137 € dira hileko batez beste. Hala ere, %15a askotan bakarrik edo triste sentitzen da. Gizarte-zerbitzuei 9ko nota jarri diete. "Osasuna da alor okerrena".

595.Pertsona.Nagusiak.Ikerketa (id: 2548778)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2019ko ekainak 13, osteguna 

 

Arrasateko 65 urtetik gorako pertsonen egoerari buruzko ikerketa aurkeztu dute gaur eguerdian udaletxean. Bertan parte hartu dute, besteak beste: 

  • Ikei enpresako Laura Gallo
  • Hurkoa fundazioko Bakarne Etxeberria
  • Adinberri Fundazioko zuzendaria Rakel San Sebastian
  • Amaia Azpiazu, Gizarte Ongizateko zinegotzi jardunean

Hurkoa fundazioa, tutelar bat izateaz gain, "hauskortasun egoerei erantzun bat eman nahi die. Ondorioz, Adinberri estrategiaren barruan, Hurkoak aukera ikusi zuen Gipuzkoan hauskortasunaren inguruko argazki bat ateratzeko. Argazki hori baliagarria da esku-hartze bat egiteko" eta "esku-hartze eredu bat proposatzea".


Hurkoa fundazioak Ikei enpresa kontratatu zuen pertsona nagusien hauskortasunari buruzko ikerketa egin zezan. Hain zuzen, bakarrik edo bikotean bizi diren 65 urtetiko gorako pertsonei buzuko ikerketa.


Hurkoak jakin gura zuen kolektibo honetako "hauskortasunaren dimentsioa", eta "Ikeirekin batera ikerketa lana egin dugu, hiru udalerritan: Azkoitin, Pasaian eta Arrasaten".


Adinberrik iaz deialdi bat egin zuen, eta bertako onuradunetako bat Hurkoaren proiektua izan zen. Denera 15 izan ziren.


Adinberri estrategia "Foru Aldundiak iaz abiatu zuen zahartze osasuntsura bideratutako estrategia. Jakin badakigu erronka potoloa dela".

Ikerketa egiteko, ikerlariak Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta Udalak jakitera eman zien "Arrasaten bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako biztanlegoa, hau da, 1.193 pertsonen datuak". Baita bikoteka bizi diren 2.308 herritarren datuak ere (biek 65 urte baino gehiago zituztenen datuak".

 

Ikerketaren emaitzak:

 

Orokorrean:

  • Norberaren egoeraren pertzepzioa: 7 puntu 10etik.

Osasuna:

  • Norberaren osasun pertsonalari jarritako nota: 6'8 puntu 10etik.
  • %15ari osasun arazoek ez diote bere kabuz bizitzen uzten. 
  • %11k ezin du kalera irten.
  • "Osasuna da arrasatearren alorrik okerrena".

Eguerokotasuneko jarduerak egiteko gaitasuna:

  • Gaitasun honi jarritako notaren batez bestekoa: 6'9 puntu 10etik.
  • Halere, "batzuek badituzte eskailerak igotzeko eta jaisteko zailtasunak, etxeko lanak egiteko,...".

Harreman pertsonalak:

  • Inkestatuen gehiengoak egunero harremanak ditu bere gertuko familiarekin.
  • %5ak ez du sostengu familiarrik edota lagunik.

Ongizate emozionala:

  • Pertsona nagusien %15 askotan bakarrik sentitzen da.
  • Pertsona nagusien %16 askotan triste sentitzen da. 

Parte-hartze sozial eta komunitarioa:

  • Gehiengo zabala etxetik irteten da, paseoak ematen ditu, lagunekin elkartzen da,... 
  • %2'5 ez da ia etxetik irteten.

Ordaintzeko gaitasuna:

  • Batez besteko diru-sarrerak 1.137 eurokoa da hilabeteko.
  • Emakumeen artean baxuagoa da: 1.091 €.
  • Gizonen artean altuagoa: 1.253 €.
  • Gehiengo zabalak ez du gastuei aurre egiteko arazorik.
  • %10ak zailtasunak ditu.
  • "Inork ez digu erantzun gaitasun nahikorik ez duela".

Etxebizitza:

  • Gehiengo zabalak etxe propioa dauka.
  • %3a alokairuan bizi da.
  • %3k gastu batzuk ordaintzeke ditu.
  • Pertsona nagusien etxeen %11k berritu edo aldatu beharra du.
  • %38aren etxeak ez du igogailurik.

Gizarte Ongizateko Zerbitzuak:

  • %90 inguruk ezagutzen ditu
  • %10ak ez ditu ezagutzen
  • Ezagutzen dituztenen artean, 9 puntuko nota jartzen diete. 
  • %75ak aurreikusten du zerbitzu hauek beharko dituela.

Ikerketaren ondorio nagusietako bat da "hauskortasuna handiago dela adin gehien dituzten pertsonen artean".

Hurkoako ordezkariak azaldu du "faktore horien pilaketa hauskortasuna dela, eta beraz faktore horiek euren artean nola eragiten duten argitu behar da".

 

Ikerketak horietatik guztietatik 400 pertsonari gutuna bidali zien, eta 218 pertsonen erantzunak lortu ditu. Inkestan ondoko gaietaz galderei zieten:

  • Osasuna: nola ikusten duten euren osasuna, ea osasun zerbitzuak erabiltzen dituzten, ea botikak hartzeko arazoak dituzten,...
  • Eguneroko jarduerak egiteko gaitasuna: ea kalera irtetea kostatzen zaien, ea etxeko lanak egiteko zailtasunak dituzten,...
  • Harreman pertsonalak: zein maiztasunarekin daukaten harremanak (gertuko familiarekin, beste senideekin, lagunekin, bizilagunekin,...), ea kalera irteten den, oporretan joaten den, ikastaroak egiten dituen,...
  • Ongizate emozionala: ea bakarrik sentitzen diren, ea triste sentitzen diren, ea beldur diren etxean, inguruan, auzoan,...
  • Ongizate materiala: ea etxebizitzaren jabeak diren, ea irisgarria den, diru-iturrien maila,...
  • Ongizate zerbitzuak: ea ezagutzen dituzten, ea erabiltzaileak diren, ea etorkizunean erabiltzaileak izatea aurreikusten duten,...


Oro har, hauskortasun egoerei aurre egiteko "beharrezkoa da sare lana egitea gizarte-zerbitzuen, osasun-zerbitzuen, kulturaren,... artean, begirada komunitario batekin. Eragile komunitarioek argi izan behar dituzte euren erantzukizunak, eta esku-hartzea gertutasunetik egin beharra dago".


Esate baterako, adineko pertsona batzuk "ez dira etxetik irten eta adibidez gizarte-zerbitzuetara joango, baizik eta pertsonaren etxera joan beharko da".

 

Arrasatearren %24 inguruk 65 urte baino gehiago ditu. Gainera, horietatik %12k 75 urte baino gehiago ditu. 

 

Horiek kontuan izanda, Udalak orain direla 2 urte ikerketa bat egin zuen, eta ondorioz suteen aurkako detektagailuak jarri zituzten 80 urtetik gorako pertsonen etxeetan.
Bidenabar, Udalak jaso egin zituen pertsona hauen "bizitza-egoera, beharrak, gabeziak,...". 


Orain, Hurkoaren ikerketaren datuak jakinik, Arrasateko Udaleko Gizarte Ongizate Zerbitzuek adierazi dute baliatu egingo dituela egitasmo berriak aurrera eramateko, baina ez du aurreratu zein izango diren.
 

"Horri esker, datu askoz gehiago eta zehatzagoak lortu ditugu", baloratu du Gizarte Ongizateko jarduneko zinegotzi Amaia Azpiazuk.


"Datu positiboak daude oro har, baina badira gabezia batzuk ere, eta hemendik aurrera gure helburua orain arteko berbera izaten jarraituko du: Adineko pertsonen beharrea erantzuna ematea. Ea denon artean guztion bizi-kalitatea hobetzen dugun".

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE