Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Mondraren aurrekontuek urtarrilera arte itxaron beharko dute
Gora-behera ekonomikoek eztabaida ugari sorrarazi zituzten atzoko Batzar Nagusian, eta bazkideek ez zuten onartu Zuzendaritzak aurkeztutako kontuak. Kirol arloan balorazioa positiboa izan zen, emakumezkoen taldearen denboraldia azpimarratuz.

Isei Barbero / Argazkiak:  I.B.G. eta MB artxiboa / 2011ko uztailak 22, ostirala



Zalapartatsua izan zen oso atzo, osteguna, Mondrak ospatutako Urteko Batzar Nagusira.  Mojategiko bilera gelan 13 bazkide bildu ziren, eta azkenean ez zuten onartu Zuzendaritza Batzordeak aurkeztutako aurrekontua.  Arlo ekonomikoko gai ezberdinek eztabaida ugari sorrarazi zituzten bildutako bazkideen artean, eta zalantzan jarri zuten Zuzendaritzako kideen lana.

120.000 euroko aurrekontua aurkeztu baino lehen, Patxi De Andres presidenteak 2010-2011 denboraldiko emaitza ekonomikoak eman zituen jakitera, 92.400 euroko diru-sarrerekin eta 99.500eko gastuekin.  Gauzak horrela, klub zuri-moreak 7.000 euro inguruko diru galera izan duela eman zuten jakitera Zuzendaritzako kideek.  Diru-sarrera horien zatirik handiena publizitatea eta bazkide zein jokalarien kuotetatik etorri dira, 40.000 euro baino gehiago, “eta Mojategiko tabernatik beste 24.000 euro eman ditu”, esan zuten.

Zentzu honetan, oso bestelakoak izan dira aurten aurkeztutako kontuak iazkoekin alderatuz, 2009-2010 denboraldian Mondrak 6.000 euroko irabaziak izan baitzituen.  Hori justifikatzeko klubak duen metatutako zorra jarri zuten aitzakiatzat atzoko batzarrean Zuzendaritzako kideek, 45.000 eurokoa dena eta urtetik urtera kitatzen dutena.  Kopuru horretatik 4.000 euro mutualitateei zor dio klubak, 10.000 Astoreri eta 32.000 autobus konpainiari.

Eta azken kontzeptu honek, autobusena, piztu zuen batzarreko eztabaida nagusietako bat.  Aurretik Zuzendaritzako kide izandako bazkide batek orain dela bi denboraldi zor hori antzekoa zenean hori murrizteko neurriak hartu zituztela eman zuen jakitera, “eta 3 urte igaro ostean nola liteke kopuru hori antzekoa izatea?”, galdetu zuen.  Horren aurrean De Andresek azaldu zuen aurten Astorerekin zeukaten zorraren zati handia kendu dutela, “eta horretarako aurtengo autobusen gastuen zati bat ordaintzeari utzi diogu”.  Kontzeptu horretan zuri-moreek 22.500 euro inguruko gastuak izan dituzte aurten.

 

 

590 (id: 9705097)Mojategin bildutako bazkideak

 

Mondra taberna

Dena den, autobusena ez zen izan arratsaldeko eztabaida bakarra, iazko irailean Olarte kalean irekitako taberna ere izan baitzuten mintzagai bazkideek.  Horren inguruko kontuak ez zituen eraman batzarrera Zuzendaritzak, ireki zutenetik oraindik urtebete ez dela igaro, eta negozioaren kontabilitateaz arduratzen den aholkularitzarentzat galdu irabazien kontua ixteko urtebete igarotzea ezinbestekoa dela argudiatuz.  Hala eta guztiz ere De Andresek jakinarazi zuen negozioa martxa onean doala, “eta gutxi barru hasieran egindako inbertsioa amortizatu ondoren irabaziak ematen hasiko da”.

Halere, bazkide batzuk ez ziren guztiz ados agertu orain arte klubak taberna hori kudeatzeko izan duen erarekin, eta presidentea berak bertan lan egiteagatik etekin ekonomiko propioa ateratzen ote duen galdetu zuten.  Patxi De Andresek argi utzi zuen bertan lan egin arren ez dagoela soldatapean:  “Konpentsazio txiki bat daukat legea betetzeko, tabernan kontratupean hiru zerbitzari daude, eta nire ordez soldatapeko beste zerbitzari bat kontratatuz gero negozioaren gastuak handiagoak lirateke”.

Testuinguru honetan, eta gaur egun diruzain lanak presidenteak berak burutzen dituela, bazkideek kontabilitatearen ardura kanpoko pertsona batek hartzea eskatu zuten.  Era berean, eta Mondra tabernako kontuak esku artean izan bitartean, 2010-2011ko galdu-irabazien kontua eta hurrengo denboraldiko aurrekontua urtarrila aldean berriro ere bozkatzea adostu zuten bertaratutakoek.  Horretarako, Ezohiko Batzar Orokorra egingo dute.

Halere, arlo ekonomikoaren inguruko gai guztiak ez ziren negatiboak izan atzoko Batzar Nagusian, presidenteak jakitera eman baitzuen datorren denboraldirako bi babesleekin akordioa itxi dutela:  Garagorri Optika eta Loramendi Kirolak.  Lehenengoak Ohorezko Erregionala eta emakumezkoen taldeak babestuko ditu; mutilei 1.500 euro emango dizkie, eta neskei 2.000 eta Espainiako Federazioak bigarren mailan jokatzeko eskatzen duen bigarren jantzia.  Loramendi Kirolak Futbol Eskolaz arduratuko da, 1.200 euro eta jantziekin.  Diru-sarrera hauek atzo aurkeztutako kontuetan ez zituela sartu argitu zuen presidenteak, "baiezkoa oraintxe bertan eman baitigute".


Kirol arloa

Kirol arloaren inguruko balorazio positiboa egin zuen atzokoan Mondrako Zuzendaritzak, eta aipamen berezia egin zioten 2. Mailara igo berri den emakumezkoen taldeari.  Ekipoa indartzeko lau fitxaketen berri eman zuten:  Tolosako Izar Usabiaga, Ainhoa Lete eibartarra, Gasteiz Cup taldeko Melanie arrasatearra eta Bergarako Maider Esnaola.  Lehen taldera igotako gazteek emandako maila aipatu zuten, eta baita azpiko taldeetan gero eta neska gehiagok futbolera jokatzen dutela azpimarratu ere.  Zentzu honetan, datorren denboraldian emakumezkoen taldeak 25 urte beteko dituela gogorarazi zuten, eta hori ospatzeko Superligako Erreala eta beste talderen bat ekarriko dute Mojategira.

 

590.2 (id: 9829592)Mondrako neskak Mariñoren kontrako garaipena ospatzen, ligako finalerdietan

 

Mutilen taldeak ere denboraldiko aurreikuspenak bete dituela esan zuten Zuzendaritzako kideek, eta horretan Iban Rodriguez entrenatzailearen lana goraipatu zuten.  Zentzu honetan, Rodriguezek lehen taldearen ardurapean jarraituko duela iragarri zuten, eta 2011-2012 denboraldirako “lehenik eta behin mailari eustea” izango dela eman zuen aditzera Juan Jose Uribesalgok.  

Ohorezko Erregionalekoa talde gaztea izango da oso aurten, halere Zuzendaritza baikor agertu zen horren aurrean, “Iban Rodriguez ohituta baitago jokalari gazteekin lan egitera”.  Jubeniletatik hiru jokalari igoko dira:  Andoni Aizpurua, Mikel Gonzalez eta Kevin Branka.  Bestetik, Aretxabaletatik hiru fitxaketa egin ditu Mondrak, aurretik Iban Rodriguezen agindupean egondako jokalariena:  Zabala, Urra eta Del Palacio.  Une honetan lehen taldean 19 jokalari dituztela jakinarazi zuten.

Dena den, kirol arloan ere bazkideen aldetik hainbat kritika jaso zituen Zuzendaritzak, batez ere Erregional mailako taldean aurtengo denboraldian izandako jokalari faltagatik.  Zentzu honetan plangintza falta leporatu zioten klubeko agintariei, eta horretaz guztiaz arduratuko litzatekeen Kirol Zuzendari baten beharra azpimarratu.  Honen aurrean, datorren denboraldian horren ardura hartzearen konpromisoa plazaratu zuen Uribesalgo berak.


Harrobia

Futbol Eskola
ere izan zuten hizpide Mondrako agintariek, eta hori orain dela urte batzuk martxan jarri ostean “urtetik urtera fruituak jasotzen ari garela” esan zuten.  Zentzu honetan Aretxabaletara alde egiten duten gazteak gero eta gutxiago direla argitu zuten, “hein handi batean gazte gaztetatik hemen futbolean jokatzeko aukera dutelako orain”.  Kirol-heziketa honetan entrenatzaileen garrantziaz mintzatu zen Uribesalgo, “eta zentzu horretan aurten inoiz baino tituludun entrenatzaile gehiago izango ditugu klubean”.

Honen harira, Leintz Eskola Kirolarekin sinatutako akordioaren inguruan hitz egin zuten ere.  Honen arabera, kimuen ekipotik kanpo geratzen diren gaztetxoek talde horretan jokatzeko aukera izango dute, hurrengo urteetan talde zuri-morera itzultzeko aukerarekin.  Izan ere, Eskola Kirolaren Legeak kimuen talde bakoitzak 16 jokalari izatea baino ez du baimentzen, “eta horren ondorioz jokalari ugari geratzen ziren futbolean jokatu barik”.

Mondrak 11  talde izango ditu datorren denboraldirako:  Ohorezko Erregionala, Erregionala, Jubenila, errendimenduzko Kadetea, parte-hartzeko Kadetea, Ohorezko Infantila, Infantil Txikia eta Kimuak gizonezkoetan;  emakumezkoetan, aldiz, Infantila Arizmendirekin batera, Kadetea eta Seniorra 2. Mailan.

 

590.3 (id: 9898569)Mondrako kimuak Donostian jokatutako txapelketa batean

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE