Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Saskibaloia
Iñaki Ogaran 'Arri' : " Kontziente izan behar gara denboraldia oso luzea dela, baina mentalki taldea prest dago"
Mondragon Unibertsitateak Euskal Kopako bigarren partidua jokatuko irailaren 22an, igandea, arratsaldeko 18:30ean Iturripen Zarautzeko Ulaciaren aurka. Partidu honen berri izateko, taldearen egoera eta berritasunak ezagutzeko Iñaki Ogaran 'Arri'rekin hitz egin dugu.

 (id: 1174125)Testua: Marijo Simon. Argazkia: MB artxiboa. Kartela: Ointxe!. 2019ko irailak 17, asteartea.

 

Denboraldia hasi berri da, eta lehenengo partidua Baskoniaren aurka jokatu duzue Euskal Kopan. Nola joan da norgehiagoka?

 

Gure aurre-denboraldiko prestakuntzari beste saio bat gehitzea eta hainbat teknika lantzea, helburu hori lortu dugu. Partiduaren zehar eduki genituen minutu gehienak onak izan ziren, erritmo onarekin, baina emaitza ez zen izan espero genuena. Batez ere, azkenengo minutuetan taldeak fisikoki nahiko nekatuta bukatu zuelako. Normala da hankak oraindik pisatzea, lehenengo egunetako karga handia izan da, eta azkenengo minutuetan nabaritu egin zen.

 

Nire iritzian irabazteko hainbat aukera izan genituen. Lanean jarraitu egin behar dugu. Lehenengo partidu da, eta ez ditugu ondorio asko atera, baina badakigu nondik jarraitu behar dugu lanean hurrengo partiduan garaipena lortzeko.

 

Aurten ez ditugu aurpegi berriak ikusiko taldean, lehen taldean jokatutako jokalariak berriz, harrobiko jokalariak hain zuzen.  Zergatik hartu duzue erabaki hori?

 

Ez da izan aurten hartutako erabaki bat, aurretik hasitako proiektuari jarraipen bat emateko baizik.  Egia da jokalari honen egoera pertsonala aldatu dela. Pasa den denboraldian nahi izan genituen taldean, baina azkenean ezinezkoa izan zen. Aurten denbora gehiago daukate asteburuetan bidaiatzeko eta astearen zehar entrenatzeko.

Taldearen nukleoa berdina da, harrobiko jendearen alde apustua egiten jarraitzen dugu.

 

Eta gainera iaz egin genituen fitxaketek taldean jarraituko dute. Azken finean, etxeko jendea da ere. Ointxeren filosofiarekin bat datoz, eta Arrasateko saskibaloiarekin identifikatzen dira. Oso pozik gaude jarraipena ematen diolako proiektuarekin.

 

Zach Kirschbaum ere hilabete gutxirako etorri zen, baina azkenean Arrasaten gelditu da?

 

Oso pozik nago. Denboraldi amaiera beste eskaintza batzuk izan zituen atzerritik eta Espainiako beste klubetik,  baina gurekin jarraitzea erabaki du, eta hori esan nahi du klubean oso ondo ari garela gauzak egiten.

 

Bi laguntzaile berri izango dituzu aulkian ere, Guillermo Sedano eta Unai Ibarra. Lehenengoa taldeko jokalaria izandakoa, eta bigarrena harrobiko jokalaria eta entrenatzailea.

 

Guilleren kasuan zoritzarrez belaunetan tendinitis kronikoa daukanez, ezin du jarraitu jokalari moduan jarraitu.  Klubera heldu zenetik asko identifikatu da gure filosofiarekin eta oso gustura sentitzen da Arrasaten. Denboraldi bukaeran proposatu nion staff teknikoan jarraitzea. Naiz eta kantxan ezin lagundu, aulkitik bere esperientziarengatik eta bere nortasunarengatik oso lagungarria izango da.

 

Unairen kasuan, bizpahiru denboraldi egon da alebinetan entrenatzen. Ondo ezagutzen dugu, harrobiko jokalaria, entrenatzailea. Azkenengo denboraldiak Bilbon entrenatzen egon da Loiolan ikasketengatik. Aurten gurekin dago berriz, eta kadete eta EBA mailan entrenatuko du.

 

Zeintzuk dira denboraldi honen helburuak?

 

Lehengo helburua da pasa den urteko dinamikarekin jarraitzea. Oso ona izan zen emaitzen aldetik eta taldeak egindako lanaren aldetik. Gure asmoa da iaz lortutako emaitza hobetzea. Ez da izango batere erraza, baina mentalki taldea prest dago. Kontziente izan behar gara denboraldia oso luzea dela, eta mantendu egin behar garela fisikoki ondo.

 

Pertsonalki uste dut pasa den denboraldian saskibaloi polita egin genuela. Aurten errepikatzeko gai izan behar garela, eta gure jokoa hobetzeko ere. Ondorioz emaitza onak bakarrik helduko dira.

 

Denboraldiko lehenengo partidua Megacalzados Ardoiren aurka daukazue Iturripen. Zelan ikusten duzu Nafarroako taldea?

 

Aurrean pasa den urteko txapelduna izango dugu. Taldea ez da asko aldatu eta ondo ezagutzen gara. Pasa den denboraldian etxean porrot mingarria jaso genuen. Inflexio-puntua izan zen denboraldian, pixka bat atzera gelditu ginen. Argi dago errebantxaren bila aterako garela kantxara.

 

Ardoi talde oso ona dauka, esperientziako jokalariak. Ez da erreza izango, baina aurre-denboraldi on bat egiten badugu, eta ondo entrenatzen badugu lehenengo partidu horretara oso ondo helduko gara.

 

Euskal Koparik aparte, beste lagunartekorik jokatzeko asmoa daukazue?

 

Euskal Kopan asteburuan atsedenaldia izan dugu, eta irailaren 22an, igandea, Zarautzen aurka jokatuko dugu Iturripen. Irailaren 28an Arrasaten ere Final Fourra jokatuko dugu, eta gure asmoa da bertan izatea. Bestalde, egia da aste honetako atsedenaldia ez dela ona guretzat, eta egoera pairatzeko bi lagunarteko jokatuko ditugu: lehenengoa Bilbon larunbatean arratsaldeko 20:00etan Loiolaren aurka; eta bigarrena, asteazkenean Gasteizen Urgatxiren aurka. Biak lehenengo nazionaleko taldeak dira, talde oso gogorrak. Saio hauek erabiliko ditugu gure prestakuntzari orduak gehitzeko. Final fourrean sartzen ez bagara zer edo zer bilatuko dugu asteburu horretarako.

 (id: 1155131)

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE