Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 

Goikobalu Abesbatzaren “Carmina Burana” obrak burrunba egin du Amaia Antzokian (Argazki galeria eta bideoa)

Koldo Carrillo- 2014/11/16

 

Goikobalu Abesbatzak emanaldi oso eta aparta eskaini zuen atzo Amaia Antzokian. Taldearen 25. urteurrena ospatzeko, Carl Orff-en  Carmina Burana obra interpretatu zuten arrasatearrek eta entzuleek izugarri gozatu zuten eszenatokian bildutako kantari guztien ahotsekin. Emanaldi berezia izan zen, jakina, eta arrasatearrek neurriko erantzuna eman zuten, Amaia Antzokia goraino betez.

Goikobalu Abesbatzak bere ibilbidean izandako hiru zuzendariei omenaldi txiki bat egin gura izan zieten, “haiengatik garelako gaur garena”, azaldu zuten. Hala, jendaurrera gonbidatu zituzten Jimmy Ruiz de Alegria eta Eugenio Etxebeste, eta sarrerako pieza bana zuzendu zuten kantari guztiekin. Jarraian, egungo zuzendaria den Iñaki Maidaganek hartu zuen batuta eta taldearen zuzendaritza. Omenaldiekin jarraituz, Jesus Mari Arce zuzendari ohiari egindakoa azpimarratu beharra dago. Bera izan zen Goikobalu Abesbatza sortzerako orduan pertsona garrantzitsuenetako bat eta atzokoan, lore-sorta oparitu zioten bertaratutakoen txaloen artean.


Arrasateko kantariek eszenatokia bete zuten zentzu guztietan eta ahotsek momentu hunkigarriak eskaini zizkieten bertaratutako entzuleei. Carmina Burana obrako hasierako doinu ezagunek, adibidez, burrunba egin zuten Amaia Antzokian, indar eta tentsio izugarriarekin. Guztira, 100 abeslari inguru igo ziren eszenatokira eta tartean, egungo kantariekin batera, Goikobalurekin harremana izandakoak ere izan ziren. Arrasatearrekin batera, Donostia eta Tolosako Orfeoietako kantariak ere izan ziren eta guztia borobiltzeko, Ainhoa Garmendia sopranoak, Cesar San Martin baritonoak eta David Azurza kontratenoreak hartu zituzten solisten paperak.

Musika doinuek behar bezala jantzi zituzten kantarien ahotsak. Arrasate Musikaleko Perkusio Orkestrarekin batera, Rakel Murgiondo eta Arturo Goicoechea izan ziren pianoan. Musika eta kantua osatu egin ziren atzoko Carmina Burana kontzertuan eta herritarrek emanaldi ederraz gozatu zuten. Obraren amaieran, herritarrek itzelezko txaloak eskaini zizkieten Goikobalu Abesbatzako kideei eta beste hainbat urteko ibilbidea opa zieten.


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE