Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Nati Roa (iloba): ''Egia judiziala eskatzen dugu''

Florencia Olazagoitiaren desagerraraztea argitzeko, Aldundiak kereila aurkeztuko du

Faxistek 1936an atxilo hartu zuten emakume arrasatearra. Ordutik ez da bere berririk izan, eta familiak "erreparazioa, aitortza, artxibategien irekiera eta batez ere egia judiziala eskatzen ditugu".

540.Florencia.Olazagoitia.INTXORTA (id: 2932637)


Bideoak: Intxorta 1937, Dragoi Produkzioak eta Aldundia / Argazkiak: Intxorta 1937 eta Aldundia / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2019ko urtarrilak 17, osteguna

 

Florencia Olazagoitia Zeziaga arrasatearrak 37 urte zituen, eta orduko alderdi sozialistako militante zen.

 

Faxistek 1936ko irailaren amaieran Arrasate okupatu zutenean, 10 urteko seme nagusienarekin herrian bertan geratzea erabaki zuen, bere berezko familiari laguntzeko.

 

Senarra, aldiz, Madrilera joan zen bi seme-alaba txikiak hartuta, han bizi baitzen haren familia. Jakin badakigu arrasatearraren neba bat eta beste senitarteko batzuk Errepublikaren alde borrokatu zirela, hura baserriz baserri bizirauteko janari bila ibili zen bitartean.

 

Baserri batetik bueltan semearekin zetorrela atxilotu zuten, irailaren 28an. Florenciaren erailketaren inguruan badira bi bertsio: Batek dio espia lanak egiteagatik salatu zutela (baserrietara joan-etorrian ibiltzen zela oinarri hartuta).

 

Beste bertsioak militantzia politikoarekin eta bere familiaren erresistentzia armatuarekin lotzen du erailketa. Argitu barik jarraitzen du ere fusilamenduaren kokapena (Hernani edo Oiartzun) eta hobiratze lekua.

 

Edonola ere, gorpua ez da oraindik aurkitu eta horregatik desagertze behartutzat hartzen da. Epaitu barik fusilatu zuten emakume arrasatearra.  

 

Jose Ariztimuño 'Aitzol' tolosarra ere beharturik desagerrarazi zuten faxistek, eta Gipuzkoan denera 1.000 pertsona inguru desagertarazi eta erail zituzten.

 

540.Florencia.Olazagoitia.Kereila.ALDUNDIA (id: 3035554) 

 

Kasu hauei guztiei buruzko ikerketak egin zituzten Aranzadi elkarteak eta UPV unibertsitatearen UNESCO katedrak.  

 

Hauetan oinarriturik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2016an erabaki zuten kereilekin bat egitea. Fusilaturiko eta desagerrarazitako gipuzkoar horien guztien "ordezkari sinboliko" gisa, arrasatearra eta tolosarra aukeratu ditu Aldundiak.

 

Horrela, bi kasu hauen inguruko kereila kriminala aurkeztuko du Aldundiak, eta atzo ekimenaren aurkezpena egin zuten Donostian. Ekitaldian hainbat senide, Markel Olano ahaldun nagusia eta Denis Itxaso diputatua izan ziren, besteak beste.

 

Florenciaren ilobak, Nati Roa arrasatearrak, ekitaldian hitza hartu zuen, eta oraindik kasua ez dela argitu salatu zuen. Gogoan izan zituen ere fusilatutako beste bi emakume arrasatear: Maria Areitio eta Francisca Ojanguren.

 

Ondorengo bideoan azaltzen duen bezala, "erreparazioa, gertatutakoaren aitortza, artxibategien irekiera eta batez ere egia judiziala eskatzen ditugu": 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE