Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Joseba Garitaonaindiak sagardoa nola egin azalduko du

Sagardo erakustaldia, dastatzea, Jakoba Errekondo,... izango dira Zapatuko Azokan

Seber Altubeko azokaren baitan Sagar eta Sagardoaren Eguna ospatuko da zapatuan. Joseba Garitaonaindia arrasatearrak tolare batekin azalduko du sagardoa zelan egin. Gainera, 6 sagardo ezberdin probatzeko aukera izango da, Euskal Sagardoaren eskutik.

590.Zapatuko.Azoka.Sagardo.Eguna19 (id: 5045145)


Testua eta goiko argazkia: Gontzal Landa Herbias / Beheko argazkia: MB Artxiboa / 2019ko urriak 15, asteartea

 

Iazko urtean Sagar Eguna ospatu zen Baserritarren Zapatuko Azokan, eta aurten antzeko ekimen bat izango da:

 

Aurten lehen aldiz Sagar eta Euskal Sagardoaren Eguna ospatuko da, larunbat honetan hain zuzen, Amaia Ceciaga Toki Garapeneko zinegotziak adierazi bezala.

 

Ekitaldi honen helburuetako bat da, besteak beste, azokarentzat "ekintza osagarri izatea", hain zuzen, azoka "girotzeko eta alaitzeko", Nerea Lazpiur Garapen Iraukorreko udal-teknikariak azaldu bezala.

 

Ekimen honen izen osoa Debagoieneko Sagarraren eta Euskal Sagardoaren Eguna da. Berau prestatzeko, elkarlanean aritu dira Arrasateko Udala, Debagoieneko Turismoa eta Deba Garaia Landa Garapena.

 

Beste laguntzaile batzuek ere lagundu dute, eta Euskal Sagardo jatorri-deiturak babesle lanak egingo ditu, hain zuzen, "sagarra sasoiko produktua dugun honetan".

 

Euskal Sagardoko Unai Agirre ordezkariak azpimarratu duenez sagarra "altxor bat" da, eta "Jatorri Deituraren baitan barietate asko ditugu. Arrasatera Fruitel-eko ordezkariak etorriko dira, hau da, sagargile elkarteetako bat".

 

Jatorri Deituran "115 sagar mota ditugu hobetsita, eta batzuk gaziak dira, beste batzuk gezak, mikatzak, garratzak,... Horien arteko nahasketak sagardoa dakar".

 

Seber Altuben muztioa eta sagardo ezberdinak probatzeko aukera izango da. Zehazki, "2018ko sagardoa probatuko da, orain 2019ko uzta egiten gabiltzalako, eta oso egindako sagardoak ditugu".

 

Aurten "sagar ugari izan dira, eta horrek sagardogileari aukera gehiago ematen dizkio, baina aldi berean graduazio alkoholiko txikixeagoko eta gorputz gutxixeagoko sagarra dator".

 

Ordea, 2018ko uzta "kopuruz txikia izan zen, baina izaera handiko sagardoak izan ziren, alkohol graduazio nahiko altukoak, baita gorputz handikoak ere. Hauek probatuko dira Arrasaten". Hala, 6 sagardo ezberdin probatuko dira Seber Altuben.

 

Lauzpabost barietate izango dira dastagai, "herritarrek ikus dezaten barietate horien nahasketa dela gure sagardoa".

 

Sagardo postuak ez dira faltako, eta herritarrek bertan zukua erosi ahalko dute. Sagardo dastatzean Eusko Labeleko pintxoak ere izango dira. 

 

392.Sagardo.Denboraldia.Joseba.Garitaonaindia (id: 5077237)

 

Hortaz gain, Joseba Garitaonaindia arrasatearrak sagardoa nola egiten den azalduko du. Hartara, tolare txiki bat baliatuko du. "Hori luxu bat da - azpimarratu du Deba Garaia Landa Garapeneko ordezkariak - aukera oso gutxi izaten direlako hasierako muztio hori probatzeko".

 

Lexarra baserriko semearen erakustaldia goizeko 11:00etan izango da, eta sagarra jo eta sagardoa egiteko prozesua ezagutzeko aukera oso ona izango da.

 

Fruiteleko partaide honek motore txiki bat baliatzen du "bai sagarra apurtzeko baita prentsatzeko ere", aurkezpenean azaldu dutenez.

 

Gehitu dute bailara honetan "sagarrondo asko daudela, eta sagar ugari sagardotegietara saltzen direla. Era berean, baserri askotan egindako sagardoa batez ere autokontsumorako da".

 

Unai Agirrek gehitu du "kostaldean barrualde honetan baino sagar gehiago izaten direla, eta iaz oso gutxi izan ziren".

 

Hortaz gain, Seber Altubeko azokan Jakoba Errekondo agronomo ezagunak herritarren zalantzak argitzeko postua jarriko du, goizeko 11:00etatik aurrera.

 

Gainera, ohiko postuak ez dira faltako urriko azoka honetan "irailean baino hiruzpalau postu gehiago" izango dira.

 

 

 

550.Sagar.Sagardo.Eguna.ANTOL (id: 5193768)

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE