Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Martxoaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan
Angel Mario Fernandezek bere azken liburua Kulturaten aurkeztuko du
Intxorta 1937 elkartearen eta Josune Murgoitio idazlearen babesarekin ‘Che Aitona! las palabras enterradas’ liburua aukeztuko du. Aurretik, Mondraberrik idazlearekin hitz egiteko aukera izan du.

 (id: 952709)Testua eta argazkiak: Marijo Simon. 2019ko martxoak 14, osteguna.


‘Che Aitona! las palabras enterradas’ Espainiako Gerra Zibilean oinarritutako liburua da . Zergatik aukeratu zenuen gaia?


Hainbat arrazoirengatik. Bederatzi urte eman ditut liburu hau idazten. Ikerketa lan handia izan da, eta agertzen diren anekdota gehienak Arrasaten gertaturikoak dira. Bernardo Atxagaren ‘El hijo del acordeonista’ liburua irakurri nuen, eta honek eragin handia izan zuen nigan. Asko gustatu zitzaidan, eta gainera, gazteei gertatutakoa azaltzeko modu paregabea iruditu zitzaidan.


Ondoren, Gerra Zibileko garaian bizi zen jendearekin hitz egiten hasi nintzen. Pasadizo ugari jaso nituen. Batez ere, oso lagungarria izan ziren Miguel Zubizarretak kontatutakoak Euskadin gerra garaia nolakoa izan zen ezagutzeko.


Gainera, Euskadi eta Argentinaren arteko harremana oso estua izan da?


Euskaldunen eta argentinarren historiek gauza asko dituzte komunean, independentziaren historia, guden historiak,... Argentinan euskal jatorriko bost lehendakari izan ditugu, eta herrialdeko bi famili boteretsuenek euskaldun jatorria dute. Euskal kulturak eragin handia izan du gure herrialdean.


 (id: 987217)Zer aurkituko dugu liburua irakurtzean?


Liburuak 17 urteko mutil baten istorioa kontatzen du. Gerra Zibiletik ihes bere herritik irtengo da. Bergaran bere aita hil ondoren errepublikaren alde borrokatzeagatik. Aitaren gorpua esku gabe agertuko da, eta gertaera hau garrantzitsua izango da historiarentzat. Bere amak dituen gauza guztiak salduko ditu bere semea joan dadin. Euskaditik Portugalera oinez joango da, Ameriketara joango den itsasontzi batera igotzeko.


Historiaren protagonistak fikziozko pertsonai bat da, baina errealitatean oinarrituta dago.


Nire aitona Extremadurakoa zen, eta antzeko esperientziak bizi zituen. Bere kasuan Gerra Zibila aurretik joan zen Argentinara, Kubako 1898ko gerra garaian. Beraz, puntu autobiografikoa du eleberri honek.


Liburuak protagonistaren bizitza Argentinan kontatzen du. Bertan, ezkondu egiten da, eta bi seme-alaba ditu. Euskara ez galtzeko ahalegiak egiten ditu, baina herrialde berrian gaztelera berri bat topatzen du. Gaizki-ulertu hauetan irakurleak aurkituko ditu liburuak duen umore puntua.


Protagonistak Argentinan beste euskaldunekin harremanik al du?


Bai noski. Pertsonaiak Joseba Etxeberria du izena. Izena aukeratu nuen oso arrunta delako, euskaldun guztiak irudikatzeko asmoz. Istorioa bi garai ezberdinetan girotuta dago. Alde batetik, aitonaren garaian. Erdaraz idatzita dagoen arren, beti 'aitona' hitza erabiltzen dut. Izenburuan ikusten dugun bezala, hitz joko bat egiten dut che hitzarekin, bi kulturen arteko batura egiteko.


Beste istorioaren zatia bilobak kontatzen du. Bere aitonarekin duen harremanaz hitz egiten du. Beretzat gizon burugogor eta zuzena da. Bere hitzetan oso euskalduna. Nagusi egiten denean Euskal Herrira etortzen da bere familiaren jaioterrira eta historia ezagutzera. Lurperatuta dauden hitzak hilobitik ateratzera. Euskal Herriko historia modu inpartzialean ezagutzeko aukera bat da eleberri hau.


Nolakoa izan da irakurleen harrera?


Oso ona. Harritu nau. Publikatu nuen ‘Hijos del corralito’ liburuak izandakoa baino hobea, kontutan izaten badugu azken liburu honek Amazonen publikatu dudala autogestioan, eta aurrekoa editorial batekin egin nuela. Nire iritziz Euskal Herriarekin zerikusia izanak eragin handia izan du.


Liburua uztailean publikatu nuen, eta Amazonen dago erosgai, paperean eta Ebook formatuan. Elkarren ere erosteko aukera dago, eta Mecan nik lan egiten dudan gasolindegian ere. Urrian aurkezpen ofiziala egin nuen Soraluzen. Euskarara itzultzeko asmoa ere badut.


Martxoaren 15ean, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan liburuaren aurkezpena egingo dut Kulturateko areto nagusian, Intxorta 1937 elkartearen babesarekin. Gurekin ere Josune Murgoitio idazle arrasatearra izango da, eta bere liburu berriaren aurrerapen bat egingo du, ‘Mujeres turcas’.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE