Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Jesus Acin, medikua:

“Baliteke neke kronikoaren sendagaia 3 urte barru aurkitzea”

Fibromialgiari eta neke kronikoari buruzko hitzaldiak ikusmin handia piztu du herritarren artean.

590.Neke.Publikoa (id: 9607661)


Gontzal Landa Herbias / 2009ko ekainak 16, asteartea

Jesus Acin Urzainqui medikuak 15 bat urte daramatza fibromialgia eta neke kronikoa ikertzen. Bizi Bide elkarteak gaurko hitzaldian azpimarratu du mediku honek konpromiso handia erakutsi duela, eta erreferente bat dela Euskal Autonomia Erkidegoan.

Bizi Bidek antolatutako hitzaldiak jakingura eragin du herritarren artean. Kultur Etxeko areto nagusia ia bete egin da, adituaren berbak aditzeko.

Acin-ek ezer baino lehen argitu du fibromialgiari [FM] buruz esan daitekeen guztia aplikagarria dela neke kronikoaz hitz egiterakoan. Biak, beraz, antzeko sindromeak dira.

Adituak esplikatu du oraingoz ez dagoela sendagairik, eta oraingoz ez da argitu fibromialgiaren eta neke kronikoaren jatorria zein den. Baina baliteke epe ertainera (hemendik bizpahiru urtera) botika eraginkorra aurkitu.

XIX. mendearen erdialdean idatzi zen lehen aldiz gaixotasun honi buruz. “Erreumatismo psikogeno” bezala bataiatu zen, eta gaixoen %90 emakumeak direnez, emakumeen “histerismotzat” jo zuen orduko matxismoak.

Ordutik ikertu egin da gaitz honen inguruan, eta 1992an Osasunerako Mundu Erakundeak gaixotasun bezala onartu zuen.

Acin-ek datu interesgarri bat eman du ezagutzera: batez beste, pazienteak 4 urte ematen ditu sendagile batetik bestera, FM diagnostikatzen dioten arte. “Peregrinazio” horretan neurologoaren, internistaren, digestologoaren,… kontsultak bisitatu behar izaten ditu.

Zoritxarrez gaixotasunak pazientearen bizitza-kalitatea kaltetzen du, eta esfortzu ekonomiko bat egitera behartzen du.

Gorago aipatu dugun moduan, oraindik ez da argitu jatorria, baina sintomak agertzen hasten dira pertsonak trauma bat jasaterakoan: istripu bat, inguruko pertsona baten heriotza,…

Bitartean, laborategietan ikerlariek konparatu izan dituzte FM daukaten eta ez daukaten pertsonak. Eta ondorioztatu dute bi burmuinek funtzionamendu ezberdina daukatela, eta muskuluetan ere diferentziak daudela.

Muskuluen zurruntasuna da, zehazki, sintometako bat. Kasu batzutan gaixoa goizean esnatzen denean ezin da ohetik altxatu ere egin.

 

590.Neke.Jesus.Acin (id: 9854015)

 

Ezintasun horrek kezka larriak sorrarazten dizkio gaixoari. “Pertsona pentsatzen hasten da elbarrituta geratuko dela, eta horrek antsietatea sortzen dio. Baina FM ez da degeneratiboa, eta gaixoaren kezka ulergarria den arren, ez da zentzuzkoa”, lasaitu du medikuak hitzaldian.

Ildo horretan, argi utzi du pazienteak ez direla hipokondriakoak, “FMak berak sortzen baitu hipokondria”. Pazienteak sufritzen duen arazo psikologiko horri gehitu behar zaio, kasu batzutan behintzat, bere inguruko pertsonek ez dutela bera ulertzen. Horrek angustia handitzen dio.

Acin medikuak aholkatzen die FM jasaten duten pertsonei psikologoarengana joatea, “horrela baztertu ahal izango da hipokondria dela, eta konfirmatuko da FM dela”.

Adituak azpimarratu du ez dela gaixotasun hilkorra, ezta degeneratiboa ere, baina berak pertsona bakar bat ezagutzen duela guztiz sendatu dena. “Batzuk ondo eramaten dute eta bizitza-kalitatean gutxi eragiten die. Beste batzuek, ordea, ezin dute bizitza normal bat egin”.

Era berean, aholkatzen du psikologoari, akupunturistari edota emaitza onak ematen dituen beste edozein adituri laguntza eskatzea. Erlaxazio-teknikak oso onuragarriak dira. Baita ariketa aerobikoa egitea, betiere neurrian egiten bada. Horiei esker, gaixoen %50 hobekuntza nabarmenak disfrutatzen ditu. Botikek ez dute garrantzi handirik kasu hauetan.

Adituak aipatu ditu zeintzuk diren FM jasaten dutenen sintomak (noski, horrek ez du esan nahi sintoma hauetako gutxi batzuk dituzten pertsonek FM daukatenik):

  • Giharretako zurruntasuna
  • Burukominak
  • Loaldien nahasteak
  • Memoria galera
  • Maskuriaren infekzioa
  • Kolon suminkorra
  • Alergiak
  • Antsietatea eta depresioa
Acin-ek aholkatzen du, pertsonak susmoa badauka FM sufritzen ari dela, ohiko medikuari bisita egin diezaiola.

Aditu honek salatu egin du Gizarte Segurantzaren Epaitegiak “sistematikoki” ukatzen diola baja pazienteari. Bizkaian ere beste horrenbeste gertatzen da. Halere, pazienteek eskubidea daukate erabaki hori errekurritzeko, eta ohiko epaitegietara jotzeko.

Horrelako kasuetan, epaileek pazienteei ezintasuna onartzen diete kasuen %40an. Ildo horretan, hitza hartu du entzuleetako batek, FM jasaten duen emakume batek, eta adierazi du urteak behar direla onarpen hori lortzeko, baina aurrera egin behar dela. Biztanleen %2’5 FM jasaten du eta %0’8 neke kronikoa.

Bizi Bide elkartearekin harremanetan jarri gura bazara, interesgarriak izango zaizkizu ondorengo datuak, Eibarko egoitzaren datuak:
  • Helbidea: Portalea eraikina, Vista Eder, 10. zenbakia
  • Telefonoa: 619 428 145
  • Ordutegia: Astelehenetan 16:00retatik 20:00etara (uztailean itxita)

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE