Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Gogoeta

Henrike Knörr-en oroitzapenetan

Patxi Salaberri
Salaberriri sari ematea (id: 8663295)

 

 

 Henrike Knörr joan zaigu, hil da. Banekien, lehengo urteko maiatzaz geroztik, eri zegoela, minbizia lotu zitzaiola eta radio, kimio eta besterekin lehian ari zela gaitzari kontra egin eta osagarria berreskuratzeko, baina alferrik, Heriok eraman du, betiko. 1981ean Euskal Herriko hizkuntz atlasa abian paratzeko Euskaltzaindiak Deban antolatu zituen jardunaldietan ezagutu nuen, han egin zuen mintzaldian. Gero, berriz, Gasteizen izan ziren onomastika jardunaldietan ikusteko eta aditzeko aukera izan nuen, eta, 1988tik aitzina, Onomastika batzordean sartu nintzenetik, hilero-hilero behin edo bitan ikusi izan dut Henrike, salbuespenak salbu.

Gizon adeitsu eta jendekina zen, behin ere kalapitarik plantatzen ez zuena, arras irakurri eta ikasia, gutxienez, eta bakarren bat atzenduko zait segur aski, euskara, gaztelania eta katalanaz gainera frantsesa, ingelesa eta alemana irakurri, idatzi, ulertu eta hitz egiteko moduan zekizkiena, ez baita gutxi. Grekoa ere ikasia zuen, eta latina bere lagun ugariei mezu eta artikuluen berri emateko ibiltzen zuen noiznahi eta aisetasun handiz, Henrikeren ekoizpena, hein handi batean, egunkarietan eta Landazuri bezalako aldizkarietan bilatu behar baita. Beti kezkaturik agertu da gure herriaren egoera ikusirik, eta beti saiatu da lumaren bitartez zuzentzen, hobetzen. Lagun hurkoarekiko errespetua eskatzen eta erakusten zuen aldioro, hitzez eta egitez.

Zaila da hola, bat-batean eta supituki, Henrikeren lanaren laburpena egitea, baina lehen-lehenik Euskaltzaindian egindako lana azpimarratu behar da: ez zion, edozein aitzakiarengatik bileretara, bilkuretara joateari utziko, ezta eri egon den azken urte hits honetan ere. Beti barne-indarra eta aurrera egin nahia agertu du, hondarrean, aski ustekabean, borroka galdu eta ziztuan aienatu bazaigu ere. Akademian izan dituen karguen berri bestek emanen du nik baino hobeki; Onomastika batzordean beti etorkor azaldu da, beti amore emateko prest, eta holakoa izatea ez da kalterako talde lana egin behar denean. Ezagutza zabala zuen gai anitzetan, eta bereizki onomastikan; oroitu beharra da besteak beste Mitxelena eta Irigoien izan zituela batzordekide, eta urte hauetan guztietan onomastikaren arlo eta zoko-moko guztiak ukituak eta arakatuak zituela. ICOS (International Congress of Onomastic Sciences) delakoaren biltzar guztietan parte hartzen zuen aspaldidanik eta aurten Toronton eginen denera ere joan gogo zuen, euskal izendegiaren goiti-beheitiak munduan barna zabaltzera. Bestela ere etxeko eta nazioarteko aldizkari eta liburuetan lan franko argitaratu ditu; nik ezagutzen dudan azkena karrikaratu berria den Europäische Personennamensysteme liburu bikaineko «Das baskische Personennamensysteme» atal biziro interesgarria da, sorta luze baten azken alea, zorigaitzez sekula gehiago jarraipenik izanen ez duena. Goian bego.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE