Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
6 fusilatu gehiago eta Francisca Garciari gorazarre

Justizia exijitu dute fusilatuen senideek, omenaldi jendetsuan

Argazkiak: Marijo Simón / Testua eta bideoak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko irailak 26, osteguna

 

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolaturik, herritar ugari izan dira aurtengo omenaldian Jose Maria Arizmendiarrieta plazan.

 

Tartean, errepresaliatuen senide ugari izan dira, ekitaldia hunkituta jarraitu dutelarik. Hainbat ordezkari politiko ere izan dira, tartean Arrasateko eta Debagoieneko alkateak, EH Bilduko Mertxe Aizpurua parlamentaria edota Nafarroa Bai alderdiko Koldo Martinez senataria.

 

Ekitaldiko aurkezpen-lanak Iraitz Agirre Aranguren arrasatearrak egin ditu, eta gogora ekarri ditu errepresio frankistak eragindako zapalkuntza guztiak:

  • Erailketak
  • Desagerpenak
  • Beste hildako asko (700 bailara honetan)
  • Kartzela
  • Tortura
  • Kontzentrazio-eremuak
  • Bortxaketak
  • Erbestea
  • Depurazioa
  • Bonbardaketak
  • Euskararen debekua
  • ...

Ondoren, Maite Uranga eta Nati Roa errepresaliatuen senideek hitza hartu dute, eta gogoan izan dituzte, besteak beste, gaur ere omendu dituzten beste 6 fusilatuak:

 

Eusebio Mentxaka Turiel: Arrasaten jaio zen, Errepublika garaian Santanderren bizitzera joan zen. Ezkertiarra zen, Alderdi Komunistakoa. Gerra denboran atxilotua, epaitua eta fusilatua izan zen. 

 

Guillermo Ugarte Aeta: Oñatiarra zen, gaztetan Beasainera lanera joan zen, eta gerra hastean bera bertan zegoen. Abertzalea zen, eta 58 urte zituela fusilatu zuten.

 

Victor Uribetxebarria Bengoa: Asatzakoa zen, Marruko baserrikoa, honezkero desagertuta dagoen etxea. Victor ere Beasainera joan zen lanera. Abertzalea zen, eta 64 urte zituela fusilatu zuten.

 

Isidro Monje Alonso: Julia Monjeren aitonetako bat izan zen. Aretxabaletan bizi zen, ezkertiarra zen, UGTkoa eta gerra denboran desagertu zen.

 

Blas Unamuno Amutxastegi: UHP-ko batailoiko kide zen, Bergarakoa eta ezkertiarra, Alderdi Sozilistakoa. Kanpazarko borroketan zauritu zuten. Apirilaren 24an, anbulantzian Elorriora zeramatela, requete-ek ibilgailua geldiarazi zuten eta eskuko bonba batekin anbulantzian zihoazen pertsona denak txikitu zituzten.

 

Dimas Aranzeta Etxezarreta: Elgetarra eta abertzalea zen. Bere herrian faxistak sartu zirenean fusilatu egin zuten. Berataz ez dute datu gehiago lortzerik izan orain arte.

 

 

Bidenabar, senideek eskerrak eman dituzte orain arte laguntzaile izandako Arrasate eta Debagoieneko Udalak, baita Gipuzkoako Foru Aldundia ere.

 

Era berean, exijitu egin dute benetako Egia, Justizia eta Erreparazioa ekarri dituzten legeak. Besteak beste, Jaurlaritzari galdegin diote aipatutako Legea.

 

Julia Mongek bereziki gogoan izan ditu 1936 altxamendu frankistan eta ondorengo diktaduran emakume ugarik sufritutako biolentziak. Horren adibide Francisca Garcia errefuxiatua izan zen:

 

Francisca Garcia, urte bat zuela, Arrasatetik eraman behar izan zuten, eta erbestean behar izan zuten. Bizkaitik Kataluniara eraman zuten eta Kataluniatik frantziar estatuta. Garai hartan bere aita, bi anaia-arreba eta hiru osaba hil ziren edo hil zituzten faxistek. 

 

Intxorta 1937ren ekimenez, Francisca Garciak, 83 urtetan Arrasatera itzuli barik izan ostean, gaur omenaldian izan da, eta oroigarri bat jaso du. Baita goian aipaturiko 6 fusilatuen senideek ere. Franciscaren semeak hitza hartu du, eta esker oneko hitzak izan ditu. 

 

Gero, Txikitxu Arrostaitzek Ikurrin Dantza plazaratu du, eta ondoren lore eskaintza egin da, Izaskun Zubizarretak biolinjoleak, bailarako txistulariek, Arrasate Musikaleko metal bostekoa eta perkusio ikasleek, eta Debagoieneko abesbatza ezberdinek 'Internazionala' interpretatu duten bitartean, Xabier Barriolaren zuzendaritzapean.
 
Ekitaldiari bukaera emateko, Pablo Sorozabalen 'Gernika' eusko kantata abestu da, herritarren txaloak jasoz. 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE