Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:

HAUTESKUNDEETAN HITZ EGINGO EZ DUTENA

Unai Ibarraren iritzi artikulua.

595.EAJ-PNVKanpaina (id: 8814707)

Testua: Unai Ibarra / Argazkia: Noticias de Gipuzkoa, Unai Ibarrak bidalia /
2019ko maiatzak 21, asteartea
 
Orain dela hilabete Estatu mailako hauteskundeak izan ziren, non faxismoaren gorakada geratzeko bozka eskatu zen sektore anitzetatik. Maiatzaren 26an udal hauteskundeak “ospatuko” dira Arrasaten eta berriz ere mobilizatzea tokatzen zaigu, oraingoan gehiago baitugu jokoan, gure herriaren gestioa baitago jokoan.
 
Dagoeneko badaude partidu politikoak kanpainan, Mondraberriko eta Goienako webguneak gainezka daude, baina kanpaina batek besteak baino gehiago deitu dit atentzioa, Maria Ubarretxenaren kanpaina, niretzat desmemoriaren kanpaina deritzona, Mariarentzat ematen du herriaren arazoak “deus ex machina” direla, hau da kanpoko faktore batek ezarriak direla, eta beraiek oposizioan daudela. Hori horrela ikusita, iritzi artikulu honen helburua ariketa sinple bat egitea da, Arrasatek Mariarekin jasan duen aldaketa Danteskuari errepaso bat emango diot ondoren bere kanpainari beste bat emateko.
 
Hasteko soldata 50% igo zuen bi aldiz pentsatu gabe, bere lehen urtean uste dut, zenbat Arrasatearrok dugu soldata igotzeko aukera?

Arrasateko udaletxeko pasioetatik entzuten da, PSOEk, Oscar Garcia Horrillos zerrenda buru duen partidu politikoak horren alde bozkatu zuela pare bat gauzen truke; zerrendaburuaren, Oscar beraren, liberazioa, herrian entzuten da lanpostutik bere lankideei ipurdia erakutsiz irten zela, zinegotzi baterako forma egokia benetan; eta horrez gain euren pastelaren zatia exijitu zuten, Udal Gobernuan egotea.

Oscarrek, Udal Gobernutik eta EAJ-ren oniritziz bere legea ezarri du herri osoan, bereak gustukoak ez diren pankartak, pintadak, kartelak… kenduz eta dirutza handi bat xahutuz, azken 4 urte hauetan, “garbiketaren” izenean, hori bai milaka pintada nazkagarri daude herrian eta oraindik ez dugu esfortzurik ikusi bere aldetik hauek ezabatzeko, baina kartzeletan preso dauden herrikideen edo Altsasuko gazteen aurpegiak behin eta berriz kendu dituzte paretetatik, gure herriak pairatzen duen arazo sozial zein politiko bat ezkutatuz; baita ere ez ahaztu Uarkapeko murala ezabatu zutela lege hau erabiliz, Udalatxen hil zen gaztearen aldeko murala. Gero errespetua eskatuko dute gure aldarriak zentsuratzen dituzten bitartean.

Gauzak horrela izanik argi eta garbi esan genezake Oscar ez dela Pedro Sanchez, azken honen igoerak ez du udal hauteskundeak baldintzatu beharko eta ez duela zentzu askorik bere alde bozkatzea, EAJ-ak erabiliko baitu Udal Gobernua eskuratzeko, bakoitzak ikus dezala zeinen alde egiten duen.
 
Memoria apur bat egiten, ez ahaztu Arrasaten Espainiako Bandera jarri zutela balkoian, EAJ-ren diskurtsoan hain garrantzitsua den gure ikurrinaren alboan eta desagertzen zen bakoitzean hurrengo egunean berri bat jartzen zuten… udal aurrekontuetan espainiar banderen erosketa onartua zegoen?
 
Ezin dut ahaztu ere hainbeste duintasun erakutsi dutenen etxez etxeko langileak kale gordinean utzi zituztela, barkagabea benetan, nahiz eta borrokan jarraitu duten jasaten dutenari aurre eginez.
 
Mariaren lau urte hauetan ere aipatzekoa da tabernak eta tabernariek jasan izan dutena, ez dut honen inguruan analisi sakonik egin eta errespetuz jokatuko dut bizilagunekiko baino alde zaharreko tabernak goiz ixten diren bitartean; apustu etxea ordu txikitan zabalik egoten da, jendea, gazteak ere, jet set moduko diskoteketara joateko joera hartu du ez dagoelako ezer gehiago zabalik… eta ondorioz nire buruari galdetzen diot ea drogen kontsumoaren igoeraz erlaziorik izan dezakeen tabernen aurkako kanpaina honekin. Ez dakit, hor ixten dut bakoitzaren irizpidetarako, danok dakigu non mugitzen den droga, eta arazo hau erlazio zuzena duela tabernek jasaten dituzten lapurretekin.

Lapurreten harira, zehaztu nahi dut, sujetu askok udaleko gizarte zerbitzuetatik pasatu direla delinkuentzian hasi baino lehen eta udaletxeak ezin izan duela ezertxo ere egin. Azkeneko komunikatu publikoan Estatuko gastu sozialean 3. herririk handiena ginela esanez betetzen zuen ahoa Mariak, horrek bi gauza esan ditzake edo dirua soberan dagoela xahutzeko edo bere udal gobernuak aipatzen ez duen arazo sozial larriak daudela.
 
Kiroldegia, Musakolakoa, berriztu nahi du Mariak, 24 milioiko aurrekontuaz, itsua dela ematen du, Atxabaltak Ibarra kiroldegiaren zati bat edo gestioa enpresa pribatu bati eman zion udalak ezin zuelako zorra jasan. Beharrezkoa da, bai baina beste modu asko daude herria zor publiko putzu batean utzi gabe.
 
Azkenik, hurrengo urteetan gertatuko denaz hitz egin nahi dut eta herritik behin eta berriz belarrira esaten diren pare bat txutxu-mutxu publiko egiteko ordua dela uste dut; esaten denez Arkautetik ekarriko dute hurrengo Arrasateko udaltzainburua, ertzain bat, zer desberdintasun dago ertzain eta herriko udaltzain baten artean? Gure Udaltzainak ez daude prestatuta halako postuetarako? Drogen aferaz, bi gorpuek ezintasun berberak erakutsi dituzte, seguru lapurretak eta biolentzia geratzeko dela? Edo arrazoi politikoagoak daude erdian? Gure segurtasunarekin jolasten ibiliko ote da Maria?

Baita ere entzun dut datorren Euskal Parlamentuko hauteskundeetan, 2020-2021 urteetan, EAJk Maria nahi duela bertan eta Arrasaten egoten bada kargua utziko duela, horrela izango balitz eta Alkate izateko aukeratua bada, Anuskak hartuko zuela Alkatetza… Egia ote?... Horrela bada zergatik zerrendaburu Maria?... zenbat galdera.
 
Hau dena kontuan izan beharreko puntuak direla uste dut, hurrengo maiatzaren 26an hauteskunde mahaira gerturatzen garenean, norbanakoak erabakitzen du zer bozkatu, legeak argi dio bozka sekretua dela, eta EAJk bere portaeraz argi utzi du berari berdin zaiola nork bozkatzen dion, Erromak ez die traidoreei ordaintzen, horren adibide dira; Tapiaren entzungorra Fagorren auziaz, EITBren (EAJren aparatu ideologikoa) zentsura Ordainduri, mendien zulaketa AHT egiteko, errauskailuaren ezarpena, mozal ordenantza, Espainiako bandera, soldata igoera, Pentsioen igoera eza… EAJk eta Mariak bakarrik beraien poltsikoari begiratuko diote aurtengo Udal Gobernuan ea Arrasatearrok gure herriaren alde begiratzen dugun eta memoriarekin bozkatzen dugun.
 
 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE