Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arrasateko parroko berria
Victoriano Etxabe: "Niri pertsonak axola zaizkit"
Horacio Argaratek 10 urte egin ditu Arrasateko parroko gisa, baina Donostiako Gotzaitegiak erabaki du Oñatiko parroko izendatzea. Ondorioz, Victoriano Etxabek Arrasateko parrokian geratu den hutsunea bete du. Mondraberrik parroko berriarekin hitz egiteko aukera izan du.

 (id: 8055987)Testua eta argazkia: Marijo Simon. 2019ko urriak 10, osteguna.

 

Zein da Victoriano Etxabe?

 

Euskalduna eta apaiza naiz, modu sinplean. Itziarko Urain baserrian jaio nintzen 1963ko urriaren 6an. Ondoren familia Arroa Goian dagoen Etxetxo baserrira jaitsi zen bizitzera. Oraintsu 56 urte egin ditut.

 

Erizaintza ikasketak egin nituen, baina ez daukat argi zergatik aukeratu nituen, hala ere esperientzia handia izan zen, eta Erizaintzan diplomatua naiz. Ez nuen lanik egin, baina esperientzia berezia izan zen. Egia da emakumeak beti izan direla Erizaintzaren aurpegi, baita azkenaldian ere, baina gero eta emakume gehiagok Medikuntza ikasketak egiten dituzte. Eliza-ikasketetan lizentziaduna naiz, eta Antropologia ikasketak egin nituen. Ikasketak laiko moduan egin nituen.

 

Noiz hartu zenuen apaiza izateko erabakia?

 

Gazte nintzela, 26 bat urterekin, Dublinen bizi nintzen, eta han zerbait berezia sentitu nuen. Hala ere, 41 urterekin apaiztu nintzen. Pentsatzen nuen Elizan niretzat tokirik ez zegoela, kanpoan bizi nintzelako, oso irekia naizelako, Elizaren egoeragatik, eta jende anitzarekin harremanak izan ditudalako.

 

Baina denborarekin konturatu nintzen ez zela horrela, Eliza oso anitza zela. Kanpotik ez nuen horrela ikusten, baina barrutik begiratzen duzu eta oso anitza da. Ez da fedea bizitzeko hainbat modu daudela, baizik eta norberak bizitza hori jarraitzeko era ezberdinak daudela, egunerokotasunean jendearekin moldatzeko era ezberdinak daudela, ikuspuntu desberdinak, ...

 

Nolakoa izan da Eliza barruan egin duzun ibilbidea?

 

Oso aberatsa izan da. Apaiztu aurretik San Pedroko diakonoarekin bidali ninduten Legazpira, lehenengo pausoa izan zen. 2004ko abenduaren 26an apaiztu nintzen, eta nire lehenengo meza Legazpin esan nuen. 10 urte eman nituen bertan, artzapez eta artzapez ordezkoa izan naiz. Orain Legazpira askotan joaten naiz, legazpiarrekin harreman oso sendoa daukat.

 

Gotzainak  2014ko irailean Hondarribira bidali ninduen. Lau urte egin nituen bertan, eta urriaren 7an esan nuen azken meza. Alardea dela eta ez dela, Hondarribia uztea erabaki nuen. Harrezkero bidaiatzeko aprobetxatu dut , oso gustuko dut eta mesede egiten dit.

 

Hondarribitik irteteko erabakia hartzea ez zen samurra izan?

 

Ez hainbeste, hartu beharrekoa zen. Lehen hitzak pisu handia zuen, orain ez horrenbeste, hitza eta ekintza beharrezkoak dira. Hala ere, gauzak mugitu dira.

 

Nola hartu zenuen Arrasatera etortzeko berria?

 

Nik gotzainari eskatu nion Elgoibarrera joatea, etxea hurbil daukadalako, Elgoibarren edo Getarian. Baina berak erantzun zidan “ez, zu Arrasatera zoaz”. Ez nuen beste aukerarik, eta gehitu zuen Horacio Oñatira joango zela. 

 

Horacio Argaraterekin harremana daukazu? Penatuta joan da Arrasatetik?

 

Beti lagun onak izan gara, egia da Arrasatetik penatuta joan dela. Baina niri horrek poza eragiten dit. Gure kulturan botila erdi hutsik ikusteko joera daukagu, beti eragozpen bat aurkitzen dugu. Baina nik ezingo nuke beste egun bat apaiz bezala igaro, pertsonen alde ona ikusiko ez banu, nahiz eta onartzen dudan beste alde bat ere badugula. 

 

Arrasate lehendik ezagutzen zenuen?

 

Ez, Horacio hona bidali zuten, eta oso gustura zegoen. Berak ondo hitz egiten du herritarren inguruan. Apaiz bat maitatua denean, errespetatua denean, seinale ona da, eta Horacio halakoa da. Bera ondo ezagutzen dut, eta herritarren aldeko hitzak ditu.

Erreferentzia batzuk ditut. Nire iloba Leirek Ingeniaritza ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean, eta orain Bartzelonan dihardu masterra egiten. Eta hark hitz egiten zidan Maritxu Kajori buruz, pintxopoteari buruz,... Beti ondo hitz egin du Arrasateri buruz. Bestalde, lagun handi batek ere, Julian Serrano Mondragon Unibertsitateko Fisikako irakasle ohiak,  Arrasateren aldeko hitzak izan ditu.

 

Lanari dagokionean, erabaki duzu Horacioren ildotik jarraitzea?

 

Ez da aldaketarik izango, Horacioren proiektuekin jarraituko dut. Berak aholku bat eman zidan, “entzun”. Nik ere Legazpitik Hondarribira joan nintzenean aholku berbera eman nuen, “entzun”. Oso gustuko dut hitz egitea, baita jendea ere. Hondarribian ere mota askotako jendearen hitz egiten nuen, fededunekin nahiz ez fededunekin. Niri pertsonak axola zaizkit. 

 

Arrasatera oso lasai etorri naiz. Oso harrera ona izan dut, nahiz eta ohartu kristau elkartea, edo bertako alde bat behintzat, minduta dagoela maite duten gizon bat joan delako. Baina gu esanekoak gara, eta gure hitza eman genuen. Ni hona eta Horacio Oñatira. 

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE