Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Daniel Bensaid-en atzean
Joseba Barriola

200 (id: 8099418)

 

    

        

Lanak ondo eginak, garai berrien atarian, kapital neoliberala ukitua gelditu den unean eta sozialismo bizigarriaren aideak indartzen ari direnean, Daniel Bensaid joan egin da, utzi gaitu. Ez da jadanik gure artean. Bere oroimenak pozten gaitu ezagutu genuenoi.

   

Munduko Bigarren Gerra amaiturik, 1946ean, jaio zen. Haurtzaroa, nerabezaroa eta lehen gaztaroa, gerra hartatik irten eta Europan inposatu zen “ongizate estatu” miseriaz josia eta miserablearen testu-inguruan igaro zituen. Beldurrean eta mehatxuan oinarritutako bloke gotortuen arteko gerra hotzaren garaia zen. Haren karirat nazismoaren, Hiroshimaren eta goulagaren amets-gaiztoen eta haiekiko konplizitateen  memoria zauritzailea manipulazio operazio ikaragarri batez estali eta ahaztu-arazi nahi izan zen. URSSeko tirania burokratiko estalinistaren krimenak eta sistemaren endekapena (Hungaria, Polonia eta Txekoeslovaquiako altxamendu erreprimituak). Europa eta USAko kontsumismo leloaren eta kontzientziaren manipulazioaren mekanismo berrien hedapena. Gerran ezaguturiko ildo bereko sarraskiei aurre eginez altxatu ziren kolonizazioaren aurkako mogimenduak, Txinako iraultza, Indiako independentzia, Vietnamgo gerra luzea, Argeliako independentzia, Cubako iraultza... URSSeko burokraziak Eta guzti horren gainean mehatxu nuklearren espantua. Leherketa lokalizatuak baziren ere, mundua estu eta gogor lotua zirudien.

  

Bainan guzti hura kraskatzen hasi zen eta 1968an eztanda egin zuen agerian. Vietnamgo gerraren eta inperialismoaren aurka; URSSeko eta bere ildoko erakundeen burokratizazioaren aurka; mendebaldeko kapitalismo anker eta miserablearen aurka mundu osoan, baita EBn eta Europan altxatu ziren oldarrak. Daniel Bensaid, orduan Parisen ikaslea zen. Mogimendu hark errotik berraztertu zuen egoera jasanezinaren iturriak eta errotik berraztertu ere zapalduen memoria (komunista iraultzaileak URSS-en; Rosa Luxemburgen Spartakus Alemanian; POUM eta anarkista iraultzaileak Espainiako gerran; nazismoaren aurkako erresistentzia...). Eta zapalduen aurkako erabakien memoria (URSSeko indarrezko kolektibizazioa; Espainiako gerran demokrazia kapitalistak eta URSSeko burokraziak izandako jarrera; langile erakunde nagusiek nazismoarekiko izandako politika burugabea; multinazionalek nazismoarekiko izandako babes kriminala; gerra ondoren estatu europearrak eta EBak nazi torturatzailei emandako babesa eta horien erabilera...). Daniel Bensaid, ekaitz honen erdian kokatu zen, eta Parisko Maiatzaren sustatzaile izanik, mugimenduaren hegaletan erakarritako jarrera askatzaile, antiburokratiko, feminista, ekologikoa eta gerraren aurkako bultzadan murgilduz eta horietatik ikasiz, gertakizun haien muina politikoa (botere arazoa) ederki atzeman zuen. Urte haietan, 20-26 urte zituelarik, ekintzaile eta pentsalari aske gisa, titulazio cum laude lortu zuen.

  

Ez zion bere ondorengo urteetan orduko esperientzia eta bideari uko egin. Urte latzak izan ziren asmo iraultzaileentzako. Egia da Bensaidek apasionatuki jarraitu zuela frankismoaren azken urteetan sortzen ari zen esperantza, bainan transizioak desliluratze itzela ekarri zuen. Eta Portugaleko “krabelinen iraultza”. Bainan Espainia eta Portugal Europan eta NATON sartu ziren. Ez zuen kontatu Hego Euskalherriko kontrako botazioa. Eta Vietnamgo iraultza, gero Txinak abandonatua. Eta gainera Pinochet eta Hegoamerikako diktadura itzelak. Poza iraultzailez bizi izan zuen Sandinisten Iraultza, nahiz eta berriro ere boterearen eta inperialismoaren eragin desegileak gaina hartu. Eta Irango iraultza islamista, bertako komunistak asesinatzen hasi zena.

  

Kapitalismoaren neoliberalismoa indarra hartuz joan zen eta Tacher-en “Non future”, hau da, kapitalismotik kanpo etorkizunik ez esaerak jende askoren pentsamendua eta animoa lur jota utzi zuen. Garai lehorrak une bakoitzeko posibilitate iraultzailea temati bilatzen saiatzen ziren Daniel Bensaid bezelakoentzat. Bainan egia da. Danielek LCR erakunde iraultzaileri eutsi zion, milaka salaketa-ekintza, hitzaldi, ahalegin elektoral, bilera... egin zituen urte eremutsu haietan. Begirune eta errespeto ikaragarriz admiratu zuen Cubako Iraultzaren iraupena, prozesu horrekiko kritikak izkutatu gabe. Pozik zapatismo berriaren altxamenduarekin eta ondoren jarraitu zion Altermundialismoaren susperraldia Eta aldi berean jo ta ke idazten 68ko maiatza eta harekin batera mundua aldatzeko desioa gutxiesten edota salatzen zutenok. “Filosofo berrien” aurka; Foucault eta Deleuze erresistente, argi baina etsituekin kritiko; Toni Negri-ren ilusio zahar-berriak gogor astinduz; utopia saio apolitiko berriak onetsiz bainan asmo horien mugak zorrotz marraztuz. Kapitalismoaren astakeriekiko eta Marx hiltzeko asmo zitalen aurka altxatu zen Derridaren lagun eta eztabaida argietan kide. Lan izugarria egin zuen.

 

Bere lanen artean bi aipatu nahi ditut hemen. Lehena da, “Walter Benjamin: sentinelle mésianique”, 1990an argitaratua. Zapalduen memoria, ohorea eta afanak berreskuratzeko ahaleginean, Walter Benjaminen atzean, hark utzitako atzei jarraituz, marxismo biziaren altxorra erakusten digu. Eta, besteak beste, “historiaren amaiera”-ren planteamendu apologetiko erreakzionarioak agerian jartzen ditu. Bere azken lan mardula: “Eloge de la politique profane” izan zen, 2008an argitaratua. Mundua oinarritik aldatu nahi  dutenen artean azken 30 urteetan pil-pilean egon diren eztabaidak jorratzen ditu liburu horretan. Nolabait, honela bilduko nuke Daniel Bensaiden sakoneko jarrera bat: iraultzaileen ekinez jasotako esperientziak eta pentsamenduak harribitxi bezala hartu, horietan serio sakondu eta ondoren berritu beharrekoa berritu (etsipena eta desenkantoaren sirenei kasorik egin gabe), eta erresistentzian aurrera... “une bakoitzeko posibilitate iraultzailea” landuz. Horrela, berak ere, hain maite zuen LCR desegiteko proposamenarekin bat egin zuen eta Nouvaux Parti Anticapitaliste sortzeko prozesuan, testigua gazteagoei utziz, murgildu zen.

  

Eta Daniel Bensaid lagun pare gabea zen. Frankismoaren azken urtean edo, Ondarroan egon zen festetan, formazio ikastaro bat eman ondoren. Herriko jendea bezala, Guardia Zibilaren aurretik ihesean anka egiten ibili behar izan zuen, Amnistia oihukatuz. Eta esan beharra dut begi zorrotzez eta desio baikorrez ulertzen zuela Euskal Nazionaren borroka. Duela hilabete batzuk, D3M legez kanpo utzi ondoren, “Galdezka gatoz” ekimena abiatu zen Donostiako lagun batzuk eraginda. Ekimen xume horri atxekimendua eta babesa eskatu genion Daniel Bensaid-eri. Eta segituan erantzun zigun baietz.

  

Daniel Bensaiden atzean. "Atzean” hitzak elurretan atzez utzitako arrastoan jarraitzea esan nahi du. Horrela, Daniel Bensaiden atzean jarraitzea bide onetik ibiltzea da. 



EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE