Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Eñaut Muxika, AED-ko lehendakaria:

“Ekitaldiak bi helburu ditu: euskararekiko sentsibilizazioa eta finantzazio iturri bat izatea”

AED ekonomikoki gero eta estuago dabil. Horren aurrean, saiheski pintxoak salduko ditu zapatuan, Gazte Bulegoaren kanpoaldean. AED-ko lehendakariak azpimarratzen du “euskararen erabilera norberaren hautu pertsonala”dela. “Norberak eman behar du pausua, AEDren barruan edo kanpoan, baina euskaraz”.

500.AED-E�aut.Muxika.Lehend (id: 7712020)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2013-ko irailak 19, osteguna

 

Arrasate Euskaldun Dezagun elkarte ezaguna ekonomikoki estu dabil. Bertako lehendakariarekin elkarrizketa egin dugu:

 

 

- AED-k Arrasaterentzat zer suposatu du, zer suposatzen du eta zer suposatuko du?

 

- Arrasaten bizi izan den jendeak badaki AED elkarteak zein bilakaera izan duen. Hasiera batean bolondres talde bat elkartu zen, eta ikusi zuen Arrasaten euskararen egoera ez zela ona. Gerraostean etorkin asko etorri ziren denbora laburrean, kooperatibak bultzatzera, lan handia zegoen, eta orduan euskararen eta gazteleraren arteko oreka puskatu zen. Etorkin horiez gain, euskaldun asko ere etorri ziren, eta giro horretan sortu zen Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea.

 

Non eragin aztertu zen, eta horrela sortu ziren komunikabideen inguruko lantaldeak, gazteen inguruko lantaldeak eta emakume lantaldeak. Horiek denborarekin ondorio handiak izan dituzte:

 

Goiena Taldea, lehenengo Arrasate Press, ondoren ere Arrasate Telebista, eta horien ondorengo Goiena sortu zen; Gazteenen aisialdian euskararekiko sentsibilitatea handitzeko Txatxilipurdi sortu zen; emakumeen integraziorako eta euskalduntzerako Ekin Emakumeak elkartea sortu zen.

 

Guzti hauek eragin handia izan dute, eta agian ondorio ikusgarriena eta handiena izan duena komunikabideen alorra izan da.

 

Historikoki konparatuz, gauza batzuetan euskarak aurrera egin du, adibidez euskalduntze maila ikastoletan, alfabetatze maila, ez dute zerikusirik ordukoekin, baina euskararen kaleko erabilerari ez diogu etekinik atera, alfabetatze maila kontuan hartuta.

 

Gaur egungo eta etorkizunera begira erronkarik nagusiena horixe da: Alfabetatze maila baino erabilera maila handitzea.

 

- Zeintzuk dira AEDren jarduerak oro har?

 

- Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen ekintza garrantzitsuenak (nahiz eta garrantziarena erlatiboa den ikuspuntuaren arabera) edo esanguratsuenak dira:

 

Sanjuanetako Dragoi Jana, historikoki egin dena, baina dudak dauzkagu zenbaterainokoa den eraginkorra; “Buah txabal!” antzezlana, gazteek euskararekiko duten jarrerari buruzko satira dena, hausnarketa egitera bultzatzen duena, eta oihartzun handia lortu duena, arrakastatsua; baita literatur lehiaketak, Literaturjauziak, Jokin Zaitegi Beka,…

 

- Zenbat bazkide ditu egun AEDk?

 

- Gaur egun 700 inguru gara, azken urteetan beheranzko joera izan delarik. Hala ere, orain urte bi bazkidetze-kanpaina bat egin genuen, eta bazkide kopurua pixka bat igo zen. Garai batean ia 1.000 bazkide izan genituen. Orduko zenbait bazkide lan-kontuengatik edo beste arrazoi batzuengatik kanpora bizitzera joan dira, eta bazkide izateari utzi diote.

 

- Badago oraindik bazkide egiteko aukera?

 

- Bai, dudarik gabe. Bazkide izatea norberak hausnartu beharreko zerbait da. Nik uste, norbaitek Arrasateko euskararekiko kezka badauka eta indarra egin nahi badu, modu asko daude eta horietako bat da gure bazkide egitea, guri ordezkaritza bat ematea.

 

Baina nik uste dut, AEDko lehendakari bezala, are garrantzitsuago dela jendeak bere inguruan euskararekiko sentsibilizazio hori aktiboki zabaltzea. Guk orain murrizketaren ondorioz, ez dugu jendea mugiarazteko lehen geneukan ahalmena (orduan ere mugak genituen arren). Gainera, egungo gizartean jendea gutxiago mugitzen da, mugitzen dena asko mugitzen da, baina oro har aktibismo hori gainbeheran dago. Beraz, bazkide izan bai, baina batez ere eragin ingurunean.

 

- Zein da orokorrean AEDren egoera ekonomikoa?

 

- AEDk baditu 30 urte eta abantailetako bat da bazkideek asko lagundu dutela, eta ekarpen ekonomikoak fondo batean gorde dira. Horri esker, AEDren egungo egoera oraindik nahiko osasuntsua da. Baina azken urteetan izandako gorabeherekin fondoa murrizten joan da. AED ekonomikoki ez dago gaizki, baina orain direla hiruzpalau urterekin alderatuz, gero eta estuago gabiltza. Kontuan hartu behar da fondo hori ez dela soilik une estuetarako: Proiektu berriak abian jartzeko ere balio du, adibidez lehen aipatutako Goiena, Arrasate Press,… abiarazteko inbertsio txiki bat egin behar izan zen.  

 

- Zelakoa izango da zapatuko ekitaldia?

 

- Nahiko xumea izango da, eta bi helburu ditu: batetik, beti bezala, euskararen sentsibilizazioarekiko aktibo izatea, eta bestetik, finantzazio iturri bat izatea. Dohaintza bat egin digu harategi batek, eta haragi ugari prestatuko dugu.

 

Mugikortasun Astea denez, mugimendu dezente espero da astebururako, eta bertan karpa edo haima bat jarriko dugu. Haragiarekin pintxoak prestatuko ditugu, eta ardoarekin edo sagardoarekin salduko ditugu. Duda barik, herritarrak eta herritarrak ez direnak gonbidatuta daude.

 

- Etorkizunari begira, zein asmo, helburu eta erronka ditu AED-k?

 

- AEDren erronka nagusiak kalean euskararen erabilera maila igotzea izaten jarraitzen du. Zeren eta erabilera %30 ingurukoa da, nahiz eta ezagutza maila oso altua den. Inkestek halaxe frogatu dute. Inkestak Udalaren eskutik egiten dira, eta kaletik ibiltzen diren eta kaleko solasaldiak entzun dituzten koadrila bat arduratzen da inkesta egiteaz.

 

- Beraz, oraingoz badugu AEDren beharra.

 

- AEDren beharra ez dakit, baina euskara bultzatzeko beharra bai. Inportantea da norbanakoak esatea “nik euskaraz egingo dut”. AED, gu, horretarako gaude, jendea kontzientziatzeko. Gaur egun nahiko zaila da, jendeak mezu eta informazio mordoa jasotzen dituelako.

 

Euskararen erabilera norberaren hautu pertsonala da. Norberak eman behar du pausua, AEDren barruan edo kanpoan, baina euskaraz.

 

 


Erlazionatutako albistea:
AED-k saiheskiak prestatuko ditu, herritarren laguntza jasotzeko
2013-ko irailaren 11n publikatutako albistea


www.aedelkartea.com


Agirreurreta harategia Interneten



EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE