Erakusketa irailaren 8an inauguratuko da, asteazkena, eta 10era arte egongo da zabalik. Egitasmoaren aurkezpena gaur egin dute Debagoieneko Mankomunitatean, eta bertan Mikel Orobengoa, Koldo Azkoitia eta Angel Etxabe izan dira.
INEM-eko ordezkariek azpimarratzen dute langabezia-txartela berritzearen garrantzia. Bestalde, euren aurreikuspenen arabera Lan Erreformak “ez du eragin nabarmenik izango Arrasateko egunerokotasunean”.
Koldo Carrillo- 2010/07/20
Azken urteetan egiten dabiltzan moduan, uztaila honetan ere kalera atera dituzte Gazte Bulegoak eta Sexologia Zerbitzuak urte guztian zehar eskaintzen dituzten zerbitzuak. Atzo izan ziren lehenengoz eta goizeko 11:00etatik 13:00etara izango dira ostegunera arte. Arratsaldean, ostera, 18:30etan hasita proiekzioak jarriko dituzte gaur, martitzena, eta eguenean. Bertan Sexmetraia lehiaketara aurkeztutako zenbait laburmetraia jarriko dituzte. Eguaztenean, ostera, Imanol Sorianok Arrasateko musika taldeen argazkiez egindako bilduma jarriko dute ikusteko eta baita musika taldeen bideoklipak ere. Gainera, Arrasateko musika taldeen doinuak entzun ahal izango dira Garibai Etxearen inguruan.
Esan bezala, bulegoko gauzak kanpora atera eta “jendeari gerturatzea da helburua” Gazte Bulegoko arduraduna den Dorleta Kortazarrek azaldu digun moduan. Uztailan gaudela kontuan hartuta, bulegoko kanpoaldean jarritako material gehiena aisialdiarekin lotutakoa da eta erabiltzaileen eskura dago erabat, bakoitzak bere intereseko aldizkari edo triptikoak har ditzan.
Dena delako informazioak aurki daitezke Gazte Bulegoak eta Sexologia Zerbitzuak kalera ateratako txosten, aldizkari eta triptiko informatiboetan; hala nola, Euskal Herriak eta Debagoienak eskaintzen dituzten ibilbide kulturalak, bisitatzeko bestelako toki interesgarriak eta mapa turistikoak. Bestalde, hotel, nekazal turismo eta aterpetxeen gidak ere aurki daitezke bertan eta aterpetxe eta ikasle txartela egiteko aukera ematen dute Gazte Bulegoan.
Bidaian joateko garraiobide ezberdinen aukerez informatzeko modua ere badago kalera ateratako informazioan; hala nola, interraila edo Around The World hegazkin biletea. Bestalde, Gazte Bulegoaren gainean dagoen Sexologia Zerbitzuak ere zenbait informazio foileto jarri ditu herritarraren esku.
Hortaz, atzo hasi eta osteguna bitartean, gazte zein bestelako herritarrek Gazte Bulegoak kalean jarritako informazio ezberdinak begiratu eta hartu ahal ditu goizeko 11:00etatik 13:00etara edo arratsaldeko 18:30etatik aurrera egingo diren proiekzioak ikustera hurbil daiteke.