Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Tere Gonzalez (Izaskun Murgia elkarteko zuzendaria):

"Publikoak barre ugari egingo ditu 20. urteurreneko zarzuelarekin"

Bederatzi hilabeteko lanen ostean, 'El dúo de la africana' taularatuko dute azaroaren 23tik aurrera. 20 urteen inguruan ere mintzatu gara Tere Gonzalezekin.

590.Zarzuela19.Entsegu.IZASKUN-MURGIA (id: 7833421)


Entseguko argazkiak: Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa / Beste argazkia: MB Artxiboa / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2019ko azaroak 5, asteartea

 

 

- Nola laburbildu daitezke 20 urte hauek?

 

- Nik bizitza gehiago izango banitu, bizitza horietan ere zarzuela egingo nuke, bai arrazoi musikalengatik, baita jendearekin izandako harremanengatik ere. Halako harremanek pertsona gisa aberasten zaituzte. 

 

Gainera, zarzuelak antolatzean eta taularatzean ez dugu inoiz arazo larririk izan. Adibidez, inor ez da afoniko jarri zarzuela hastear zela, inor ez du hanka apurtu,...

 

Hortaz gainera, Izaskun Murgia elkarte barruko giroa oso ona da. Zarzuela eserlekuetatik ikustea bezain polita da taula gainetik ikustea. Partaideek bakarlariei animoak eman ohi dizkiete.

 

- Bada 20 urte hauetan guztietan parte hartu duenik?

 

- Bai, badira partaide batzuk. Beste batzuek, zarzuela denbora batez utzi ostean, zarzuelara itzuli dira. Beste batzuek bizpahiru urte eman dituzte, eta ez dira itzuli. Baditugu partaide berriak ere.

 

- Orain direla 12 urte 'El dúo de la africana' eskaini zenuten. Horrek erraztu dizkizue aurtengo prestatze lanak?

 

- Orduko bakarlariek ez dute aurten parte hartuko, eta beraz, neurri handi batean, ez da zarzuela horren errepikapena; zarzuela berri bat prestatzea bezalakoa da. Lana berdina da, lan ugari.

 

- Gazteak zarzuelara etortzera animatu gura dituzue?

 

- Bai, gazteek zarzuelan parte hartzera eta zarzuela ikustera animatu beharko lirateke. Nik uste zarzuela ezagutzen ez duen jende askok zarzuelaren inguruko ideia okerra duela. Gazte batzuek zarzuela ikusi dute, euren lagun batek parte hartu duelako, eta zoragarria iruditu zaie. Ondorioz saio gehiagotara etorri dira. Gazteek gutxienez behin zarzuela probatu behar lukete.  

 

Zarzuelari bizkarra ematea jarrera itxia izatea da. Okerreko ideia da, eta ondorengoaren antzekoa da: nik soilik zarzuela entzuten dudala. Ez da horrela, nik nire egunerokotasunean ez dut zarzuela entzuten. Nik gustukoagoak ditut opera, barrokoko musika,...

 

300.Tere.Gonzalez (id: 8007757)

 

- Zein izan da 20 urte hauetako momenturik onena?

 

- Nik ez nuke une bat soilik nabarmenduko, momentu on asko izan ditugu, txarrak baino askoz gehiago. 

 

- Kontatzeko moduko bitxikeriarik izan duzue?

 

- Gogoan dut 'Gavilanes' zarzuela taularatzean, hau da, 3. zarzuela taularatzean, eszenetako bat ama eta alabaren artekoa zela, oso hunkigarria. Ruth bakarlariak (ama) ahotsa oso txarto zeukan, eta parte hartu ahal izateko bereak eta bi egin zituen.

 

Zarzuela taularatzean, Ruth-ek doinu altuak abesten zituenean doinu lazgarriak entzuten ziren, baina eszena oso dramatikoa zenez, publikoa ez zen arazoaz ohartu. Kontuan hartzekoa da bakarlari bezala aritzeko, ez dela nahikoa ahotsa ondo izatea, indartsu eta gogotsu egon behar duzu jendaurrean abesteko.

 

Beste behin, nik uste 'La Tabernera del Puerto'ren emanaldian, gure lehenbiziko zarzuelan, Naroa Elortza gaztetxoa zela, 'Abel'en papera egin behar zuen, eta eszenatokira ateratzear zela izututa geratu zen, baina arazoa gainditzeko kapaz izan zen, eta jendeaurrean abestera atera zen. Horrelakoak gertatzen dira.

 

- Urtean zenbat hilabete ematen dituzue zarzuela prestatzen?

 

- Bederatzi hilabete inguru. Hainbeste hilabete eta urteren ostean, zarzuela oso gogoan daukagu, barne-barne daramagu. 20 urte hauetan partaideek gauza asko ikasi dituzte, eta lotsa galdu dute. Hasiera gogorragoa izan zen, eta nik uste lehen bi zarzueletan apuntadorea (oroitarazlea) izan genuela. Baina ez du askorako balio, abesten ari zarenean letra ahazten baduzu, orkestrak aurrera jarraitzen duenez, emanaldia ezin da geratu. 

 

Dena den, bakarlariek ikasi egin dute, zerbait ahaztu ezkero, trantzetik ondo irteten, eta gainera publikoa ez da konturatzen. Hanka-sartzea oso agerikoa behar du publikoa ohartzeko.

 

-20 urte hauetan elkarteak fase ezberdinak izan ditu?

 

- Horrelako proiektu handietan normala da arazoak izatea. Ni hastapenetan arazo bat sortzean desesperatu egiten nintzen, baina denboraren poderioz ikasi nuen arazoen aurrean praktikoagoa izaten eta soluzioak bilatzen. 

 

- Nolakoa da 'El dúo de la africana' zarzuela?

 

- Publikoak barre ugari egingo ditu, guk entseguetan hala egiten dugu. Zarzuela ezberdin bat da, opera konpainia 'kutre' baten gorabeherak kontatzen ditu. Konpainiako nagusia oso xuhurra da, eta horrek egoera barregarriak eragiten ditu. Almodobarren filmekin antzekotasunak ditu.

 

Zarzuela honek ekinaldi bat baino ez dauka, baina maila altuko kantaldiak eta dantza saio umoretsu bat gehitzen zaizkio. Sorpresak izango dira.

 

- Zenbat lagun ari zarete zarzuela prestatzen?

 

- Bakarlariak, koruak, jostunak, zuzendariak,... kontuan hartuta 70-80 bat lagun. Hauetaz guztiez gain orkestrakoak ere badabiltza.

 

- Sarrerak lor daitezke?

 

- Bai, izan ere, 20 urte hauetan zehar publikoko zarzuela-zale ugari hiltzen joan dira. Nik horixe nabari dut nire inguruan, nire gurasoak esaterako. Arrasateko gazteek oro har ez dute erreleboa hartu.

 

Ondorioz, nik aurten planteatu dut 4 emanaldi egin ordez, 3 emanaldi egitea, baina azkenean konbentzitu ninduten eta 4 egingo ditugu. Baina baliteke datorren urtean 3 egitea.

 

Oraindik sarrera oso onak erosgai daude. Ohitu gara 800 eserlekuko aforoa bi astetan lautan betetzen, eta agian txarto ohitu gara. Hori lortzea ez da batere erraza.  

 

- Zer moduz entseguetan?

 

- Aurten Zerrajerako erlojuaren eraikinean obrak egiten daudenez, gure behin-behineko lokala San Andresko lehengo jatetxe txinatarrean dago. Ez da lokal desegokia.

 

Lokal baxuagoa da, eta ondorioz aurtengo eszenatokia eta datorren urtekoa baxuagoak izango dira. Lokalaren erdi-erdian zutabe bat dago, eta pixka bat eragozten du, baina ez da gehiegi.

 

Jostunek badute eurentzako leku bat eta ez dira komunak falta. Nik uste Udalak esfortzu oso handia egin duela gure behar ugariei behar bezala asetzeko. Zarzuelak aurre egiteko nahikoa.

 

Atzo Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak eta Arrasate Musikaleko Orkestrak elkarrekin entseatu genuen. Azaroaren 10ean eta 17an gauza bera egingo dugu. 18an Amaian orkestrarekin entseatuko dugu, eta 21ean entsegu orokorra izango da. Lehen emanaldia 23an.

 

Entseguak ondo bidean doaz, baina oraingoz zuzentzeko gauza batzuk ditugu. Lan handia egiten ari gara, eta uste dut zarzuela hau maila handikoa izango dela. Objektiboki begiratuta.

 

- Zein izango dira aurtengo bakarlariak?

 

Mikel Irizar (Kerubini), bikain ari da, Susana Vazquez (Antonelli), Lander Ojanguren (Giuseppini), Mari Carmen Gomez (alaba), Jose del Pozo (tenorea), Dorita Murgia (tenorearen ama), Joserra Mendizabal (Inocente) eta Jose Luis Azkarate 'Zelaitxo' (komisarioa). Obrako castingaren eta dantzarien inguruan sekretu bat dago.

 

- Zerbait gehitu nahi zenuke?

 

Ni asko poztuko ninduke jende gehiago zarzuela ikustera etortzeak. Izan ere, lan handia egin behar dugu berau prestatzeko, eta uste dut orokorrean jendeak ez dakiela zein handia den. 

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE