Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Saudi Arabiako erregimenarekin negozioak edukitzea aitortu du Mondragon taldeak
Korporazioak azaldu duenez, hezkuntza arloko "negozio txikiak" dira Saudi Arabian dituztenak , "politikarekin lotuta ez daudenak". Gainera, joan zen urtarrilean Saud dinastiarekin eta Espainiako erregearekin Riyad-en batzartu zirela aitortu du orain Mondragonek.
 (id: 7650179)
Ibai Trebiño / 2017-08-30 (argazkiak: Errege etxea/GKE)
 
Euskal Herriko bost enpresek -tartean Mondragon korporazioa- Saudi Arabiako diktadurarekin negozioak egin izanak polemika bizia piztu du Euskal Herrian eta Arrasaten; Argia astekariak eman zuen berria, La Marea egunkariak emandako informazioa oinarri hartuta. Informazioaren arabera, Espainiako erregearekin batera Euskal Herriko bost enpresa Riyad hiriburura bidaiatu ziren joan zen urtarrilean eta bertan, Saud dinastiaren ordezkariekin batzartu ziren hainbat kontratu sinatzeko asmoarekin.
 
Enpresa horien artean egongo litzateke Mondragon korporazioa eta orain talde enpresarialak informazio hori baieztatu dio Mondraberriri. Mondragonek aitortu duenez, Saudi Arabiako eta Espainiako erregimenen buruekin egindako bilkuran parte hartu zuen MEI-k, Mondragon Unibertsitatearekin lotuta dagoen sozietateak. MEI programararen zuzendari den Marijo Pagaldai berak baieztatu du informazioa, korporazioarentzat "bilera protokolario hutsa izan zela" argudiatuz. 

Pagaldai berak azaldu duenez, "politikaz hitzegin zen" bileran eta sauditarrek "herrialdean, arlo ezberdinetan babestu nahi genuen garapenaz galdetu zuten". Zentzu berean,  Mondragonen izenean ez zirela joan argitu nahi izan du Pagaldaik,"gure enpresa txikiaren izenean" baizik.
 
Saudi Arabian diharduen MEIko Dorleta Urrutia izan zen korporazioaren ordezkaria bilkura horretan, "Saudi Arabiako espainiar enbajadak gonbidatuta". Pagaldaik azaldu duenez, bilkura "ez zegoen aldez aurretik programatuta, horrela suertatu zela" baizik.
 
2009an sortua, MEI (Mondragon Educacion Internacional) Mondragon Unibertsitateak eta AleCoopek bultzaturiko proiketua da. Hegoamerikan hainbat proiektu garatu ostean, 2013an Saudi Arabiako gobernuaren kontzesio bat irabazi zuen enpresak bertako lau hezkuntza zentro kudeatzeko bost urteko epean. 
 
"Gure lana bertakoei laguntza ematera mugatzen da eta ez du zerikusirik politikarekin" defendatu du Pagaldaik. "Lanbide Heziketaren arloan egiten du lan enpresak, bertakoei formazioa emateko helburuarekin", azaldu du.  
 
Lan horiek egiteagatik Sauditar diktadurak zenbat diru ematen dien ez du argitu Pagaldaik, baino "diru sarrera fijorik ez dutela" ziurtatu du, izan ere "ikasle kopuruaren araberakoak" lirateke enpresak jasotzen dituen diru sarrerak.
 
Halaber, Saudi Arabiako erregimenak emandako esleipena 2018an amaituko da eta orduan, jarraitu edo ez, erabaki bat hartzeko ordua izango dute. Pagaldaik aditzera eman duenez, "kontratua ez luzatzea" planteatzen du Mondragonek. "Uste dugu ez dugula aurrera egingo" dio, izan ere orain arteko abenturak "etekin gutxi" eman diela uste du Pagaldaik. "Ez gaude pozik eta egia esan zaila da bertan lan egitea" dio. 
 
Munduko erregimen antidemokratikoena
 
Euskal Herriko hainbat enpresek Saudi Arabiako erregimenarekin mantentzen dituzten negozioak edota harreman komertzialak jo mugan izan dira azken aldian, izan ere Saudi Arabiako gobernua munduko erregimen antidemokratikoena dela uste dute askok.
  
Lapidazioak, zigor heriotza edo emakumeek pairatzen duten eskubideen murrizketak,  gogorki kritikatuak izan dira giza eskubideen aldeko erakundeengatik. 2015ean esaterako, herrialdean 157 exekuzio burutu zirela salatu zuen Amnistia Internazionalek, euretariko asko krudeltasun handiarekin gainera, izan ere burumozteak abididez, heriotz zigor gisa erabiltzen dira egun Saudi Arabian. 
 
 (id: 7678596) 
Emakumeak pairatzen duen egoerak ere kezka handia sortzen du nazioarteko erakunde humanitarioen artean eta horren inguruko iritzia galdetu nahi izan diogu MEIko zuzendari Marijo Pagaldairi. Bere esanetan, arabiar gizartean "aldaketa oso txikiak, behar baino gutxiago" ematen ari dira azken urteotan eta bere azken bidaietan, emakumearekiko diskriminazioa "gero eta txikiagoa" dela sumatu du. 
 
Daesh-en babesle nagusia
 
Bartzelonako atentuen ostean gainera, Espainiako erregimenak Saud monarkiarekin duen harreman estuak polemika bizia piztu du, bereziki Kataluinako jendartean; Espainia Sauditarren hirugarren bazkiderik inportanteena da Europan eta besteak beste armak saltzen dizkio herrialde arabiarrari.
 
Zentzu berean, esan beharra dago sauditar erresumak islamaren bertsio erradikalean, hots wahabismoan, duela bere oinarri ideologikoa eta hainbat adituk Daesh talde terroristaren sortzaile eta babesle nagusitzat jotzen dute golkoko diktadura.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE