Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Ekain Zubizarreta (espainiar estatuak auzipetua):

"ETAren betirako su-etenaren osteko elkartasun lanagatik epaituko gaituzte"

Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduko 47 euskaldun epaituko dituzte irailean Madrilen. Arrasatearrak eskertu du "epaiketari aurre egiteko indarra herritarrek ematen digutela".
595.Ekain.Zubizarreta.Elkarretaratzea (id: 1964695)
Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko ekainak 28, ostirala

 

Aurreikuspenen arabera makroepaiketa irailaren 16an hasiko da, eta han 47 euskal herritar izango dira auzipetuak, 11/13 makroepaiketan.

 

Fiskaltzak denera 601 urteko kartzela zigorra eskatu ditu, eta adibidez Ekain Zubizarretaren aurka 13 urte eta erdikoa: "Eskaera larriak dira, eta horregatik alde batetik kezkatuta gaude, epaiketa bati aurre egiteak suposatzen duen guztiagatik, adibidez familiari eta hurbilekoei eragiten dienengatik, Madrilera joatea, gastu guztiak,...".

 

Epaiketari aurre egitea "gogorra da eta prozesua luzatzen ari da, 6 urte dira atxilotu gintuztenetik" eta ordutik baldintzapeko askatasunean daude.

 

Baina "indartsu eta gogotsu gaude, bai Euskal Herri mailan eragile ezberdinen aldetik jasotzen ari garen babesagatik, baita gure hurbileko herritarrengandik jasotako babesa eta maitasunagatik". Horregatik "bihotzez eskerrik asko".

 

Ekain Zubizarretak berretsi du euskal preso eta iheslarien eskubideen alde lan publikoa egin zutela:

 

"Ez dira berriak presoekiko elkartasunaren alde edo beren eskubideen defentsan ibilitako herritarren aurkako jazarpenak. Lehenago ere gure egoera berean herritar ugari izan dira, eta hainbatek espetxean urteak egin dituzte".

 

Arrasatearraren aurkako epaiketa "gure aurkako beste jazarpen bat da, baina testuinguru politikoa ezberdina da: Herrira sortu orduko ETA erakundeak bere jarduera armatua behin betiko utzia zuen".

 

Izan ere, "epaituko dituzte 2012tik aurrerako hainbat gertaera, eta euren akusazioak ez du inolako zentzurik". 

 

595.Azken.Ostirala.19-06 (id: 1068780)

 

Hortaz gain, "Herrira jaio zen orduko bake prozesuari ekarpena egiteko bokazioarekin, eta mugimendu oso zabala eta anitza izan zen".

 

Horrenbestez "lehenagoko eraso guztiak zentzugabeak eta injustuak izan zirela kontuan hartuta, azken epaiketa honek zentzugabearen soka muturreraino eramaten du".

 

Gaurko elkarretaratzearen azken zatian Ekain Zubizarretak hitza hartu du, eta adierazi du makroepaiketa bezalakoei aurre egiteko "modurik onena dela presoen eskubideen aldeko mugimenduan inplikatzea eta elkartasun horrekin aurrera jarraitzea".

 

Bide honetan, arrasatear talde baten ekimenez, uztailaren 10ean batzar ireki bat egingo da 18:00etan printzipioz Kulturaten, babes talde bati bultzada emateko.

 

Gaur arratsaldean Azken Ostiraleko elkarretaratzeak salatu du "maitasuna eta elkartasuna" epaituko dituztela. "Preso eta iheslarien egoera konpontzeko aldarria isilarazi nahi dute".

 

Bilkurak ere Josu Urrutikoetxearen kinka larria gaitzetsi du, eta "gure elkartasuna adierazi nahi diegu bereziki bere senide eta lagunei". Minbiziak jota dagoen arren, estatu frantziarrak berriro atxilotu du, estatu espainiarrak hala agintuta: "Argi daukagu nortzuek gura duten bakea eta nortzuek ez".

 

Bestalde, gaur Iosu Arkauz preso arrasatearrak 62 urte betetzen ditu, eta azken 28ak espetxean eman ditu. "Euren legediaren arabera, honezkero aske beharko luke". Bilkurak maitasuna eta zorionak bidali dizkio.

 

Azken Ostiralak ere gogoan izan ditu Parot, 'Arbe' eta 'Peixoto': "Etxean nahi zaituztegu". Halaber, azpimarratu du hilabete bateko epean Arrasateko 200 etxebizitzatan euskal presoen eta errefuxiatuen eskubideen aldeko banderolak jarri direla.

    


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE