Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkiak: Bilbovisión eta MB Artxiboa /
2010eko azaroak 25, osteguna
Hilabete baino gutxiago falta da Santamas Azokarako. Egun berezi horretako izen propio nagusietako bat Iñaki Perurena da. Izan ere, urtero etorri baita, 80. hamarkadatik aurrera.
Aurten ere ez dio zitari hutsik egingo Leitzako harri-jasotzaileak, dena ondo bidean. Iñaxio semearekin batera etorriko zaigu, eta biek erakustaldia emango dute Zaldibarko frontoian, eguerdi partean.
Furgonetan etorriko zaizkigu, eta behar bezalako beroketak egin ondoren, sei harri ezberdin altxatuko dituzte. Ohiturari eutsiz.
“Ez dut Arrasate asko ezagutzen – onartu du Iñakik – baina ilusioa egiten dit hara joateak, niretzat egun atsegina eta berezia izaten delako”.
Leitzako harri-jasotzailea San Andres auzoko jaietan ere aritu izan da, Gudarien Plazan. Iaz erakustaldia eman zuten, eta publikoak txaloka agurtu zituen.
Halaber, Iñaki Perurenak adierazpen batzuk egin zizkion Bilbovisión-eko aurkezle zirikatzaile bati, batik bat, Euskal Herriaren historiari buruzkoak.
Adierazpen horiek jasotzen dituen bideoa Youtube-n jarri zen, eta 250.000 bisita izan ditu. Ildo horretan, Facebook-en ere talde bat sortu da ondoko izenarekin: “Perurenaren errepasoa Bilbovisión-eko txorimaloari”.
Iñakiri galdetu diogu bere adierazpenek izandako arrakastaren inguruan. “Bueno, horrek erakusten du gaur egun Internetek jendartean daukan eragina. Ondokoarekin ez dugu hitz egiten, baina ordenagailuarekin bai. Gizarte honen adierazgarria da”.
Iñakik arrasatearrak animatzen ditu Santamasetan Zaldibarko frontoira hurbiltzera. “Uste dut arrasatearrek ez dutela animo asko behar, oso animatuak baitira, baina bueno esan nahi diet ikuskizun polita egongo dela frontoian”.
BIDEOA: Perurenaren erakustaldia, Zaldibarko frontoian