Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Gogoeta

San Joanetako sua

Patxi Juaristi

Patxi Juaristi (id: 7300695)

 

 

 

www.berria.info -tik ekarrita


 

San Joan bezperako gaua magiaz beterik dago. Urteko gaurik motzena dela ospatzeko, euskaldunok suak pizten ditugu etxe ondoetan, bide gurutzeetan eta plazetan: Sua! Gabonetan txapan eta Sanjoanetan plazan / Jondoni Joanes Batista, pitz bedi su parrasta / San Joan su, bazter guztiak mamitsu. Sua totem gisa hartuta, neska-mutilek salto egiten dute garren gainetik, gauza txar guztiak uxatzeko asmoz, baita harriak ogi eta ura ardo bihurtzeko ere; hau da, ongia eta oparotasuna eskatzen dute, suarekin jolasten duten bitartean: San Joan bezpera, sarna a fuera. Ogia eta ardoa etxera. Atso zaharra ganbelapera. Neskatxa gazteak txokolate hartzera.

   
Biharamunean, San Joan egunean, gauza guztiak garbitu ostean, garai berri eta alai bat hasten da. Eguzkia dantzan ateratzen omen da egun horretan: Eguzkiak Sanjoanetan dantza. J.M. Satustregik bere Mitos y Creencias (1995:45) liburuan dioen bezala: Urbasako artzainak Ixipunta izeneko parajean elkartzen omen ziren San Joan egunean, eguzkia saltoka nola ateratzen zen ikustera. Lekeition ere San Joan egunean eguzkia dantzan ateratzen zela esaten zitzaien umeei (Satrustegi:45). Horrez gain, San Joan goizeko ihintzak propietate bereziak zituela pentsatzen da: San Joan goizeko ihintzak, kentzen ditu gaitzak. Sanjoanetan garbitu egiten gara, bizitzarekin aurrera jarraitzeko.

     
Azken urteotan, euskal biztanleen artean orokortu egin da euskararekiko eta euskal kulturarekiko jarrera positiboa: gehiengoak esaten du euskara eta euskal kultura babestearen alde dagoela. Dena dela, urteak aurrera doaz, eta gure kulturak eta euskarak ahul jarraitzen dute. Euskararen ezagutza gora doa, baina erabileran ez da aurrerapauso nabarmenik ematen.

      
Modernotzat dauzkagu geure buruak, baina zerbait gaizki dabil euskal komunitatean: zenbat egiten dugu euskal kulturaren alde? Zenbatekoa da euskararekiko gure konpromisoa? Batzuen ustez, euskal kulturaren eta euskararen inguruko militantzia ahultzen ari da. Gure seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzen ditugu, baina gure ingurune hurbilean ixten ari gara, eta gero eta denbora gutxiago dugu euskal kulturaren eta euskararen alde debaldeko lana egiteko.

     
Askok diote euskara eta euskal kultura mendeetan gordetzearen arrazoia izan dela, gure artean harreman sare sendoak eraikitzeko gai izan garela. Familia, auzo eta herri mailan era askotako gizarte-sareak sortu ditugu (auzo elkarteak, kofradiak, partzuergoak, ermandadeak, aseguru elkarteak, kultur taldeak...), eta horrek XXI. mendera arte heltzea ahalbidetu digu. Beraz, pentsatzekoa da indibidualismoa gehiago hedatzen bada eta orain arte bizirik egon diren gizarte sareak makaltzen badira, euskara eta euskal kultura are eta gehiago ahulduko direla.

Honen ondorioz, euskal kulturaren inguruan lanean diharduten erakunde askok baliabide ahulegiak dituzte euskal kulturari behar bezalako indarra eta maila emateko. Gogoratu euskaraz diharduten herri aldizkari, egunkari (Euskal Herriko zazpi hitzek 36.604 harpidedun zituzten 2005ean eta 19.439 2008an) eta telebista askok diru arazo larriak dituztela, eta euskal liburugintzan aritzen den industria ahulegia dela euskal liburuen ekoizpen egoki bat bultzatzeko. Esan beharrik ere ez dago euskarazko antzerkiak eta zineak ere hutsune nabarmenak dituztela.

Euskarak eta euskal kulturak buztinezko zangoak dituzte, eta, ondorioz, hauen arerioentzat erraza da hezkuntza ereduak nahierara aldatzea, euskarazko komunikabideei oztopoak jartzea, euskararen Plan Estrategikoak bertan behera uztea edo euskara eta euskal kultura babes gabe uztea.

Begiratzen den ikuspuntutik begiratzen dela, San Joan su erraldoiak behar ditugu, herri gisa aurrera egiten galarazten diguten gauza guztiak erretzeko: euskal estatuaren aurkako lege eta arauak deuseztatzeko, euskararen eta euskal kulturaren aurkako erabakiak zapuzteko, euskal herritarron indibidualismoa urratzeko, gure utzikeria eta konpromiso falta alboratzeko...

Biziko bagara, euskaldunok zerbait berria baina zerbait gurea behar dugu. Tradizioz heldu zaizkigun ohituretatik abiatuz, Euskal kulturarekiko eta euskararekiko konpromisoan eta auzolanean oinarritutako gizartea sortu beharra dago. Barandiaranek zioen bezala, «...gure tradizio kulturalaren oinarri eta zutabeak bizirik diraute eta oso baliokoak dira gure herrien bizimoduak egituratzeko, indartzeko eta zentzu guztiz euskalduna emateko: horretan dugu gure esperantza jarrita».


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE