Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
XXI. Garagardo Azokak ateak ireki ditu jada
Arrasate Errugbi Taldearen eskutik, datozen hiru egunetan egarria asetu eta alemaniar jatorrizko jakiak dastatzeko aukera egongo da Herriko plazako karpan. Zapatuan, gainera, herri bazkaria eta Zazpinako txapelketa izango dira.

Isei Barbero / Argazkiak:  I. Arana / 2019ko maiatzak 30, osteguna



Arrasate Errugbi Taldearen Garagardo Azoka martxan da jada.  Klub zuri-morearen ekimen honek bere XXI. edizioa betetzen du aurten eta, urtero legez, Herriko plazako karpan nahi beste garagardo eta alemaniar jatorrizko jakiak dastatzeko aukera izango da.  Horretarako, ART-ko arduradunek bost marka ezberdinetako 2.190 litro garagardo gertu dituzte eta, horrekin batera, 2.700 opil, 375 oilasko, 720 txerri ukondo eta 140 saltxitxa lata.  Aipatzekoa da, urtetik urtera eskaria handitu izanaren ondorioz, iaz bezala aurten ere alkoholik gabeko garagardoa pitxarretik zuzenean edateko aukera izango dela.

Azokak ostegun arratsalde honetan zabaldu ditu ateak, azken urteetako tradizioari eutsiz, karparen kanpoaldean –Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean- burututako herri kirolekin.  Ordurako ateak irekita zeuden jada, eta gerturatu direnek pintxopotea izan dute eskuragai:  1,50 euroren truke garagardo botila patata minekin.  Hala eta guztiz ere, irekiera ekitaldia zertxobait beranduago burutu da, 20:30eak aldera, orduantxe Arrasate Errugbi Taldeko kideek udal ordezkariekin batera afaldu baitute.  

 

 

590 (id: 9797203)

Aurreneko jardunaldi honetan hartutako irudia.

 

Datozen bi egunetan karpa goiz eta arratsaldez irekita egongo da, halere, zapatua izango da egunik mamitsuena, iaz bezala, aurten ere egun horretan klub zuri-moreak herritar guztientzako herri bazkaria antolatu baitu menu paregabearekin:  paella, oilaskoa eta postrea.  Bertan parte hartu nahi dutenek karpan bertan 20 euroren truke salgai egongo diren tiketak erosi beharko dituzte.  Azpimarratu beharra dago, bazkariarekin batera, garagardo pitxarra edateko aukera egongo dela baita ere.  Egun berean Nazioarteko Zazpinako Txapelketa izango da Mojategin; goizean beteranoen txanda izango da, eta seniorrena arratsaldean.  Ilunabarrean sari banaketa burutuko da karpan bertan, eta musika ere ez da faltako.

Kontuak kontu, Arrasate Errugbi Taldearen eskutik garagardoa eta errugbia nagusi Herriko plazako karpan.  Animatu eta gerturatu bertara, urtero legez, giro paregabea ziurtatuta baitago!!!

 

 

1998. urtetik

21 urte beteko dituzte aurten Arrasate Errugbi Taldearen Garagardo Azokak eta Nazioarteko Zazpinako Txapelketak, edo, gauza bera dena, bi hamarkada.  Asko aldatu da dena 1998. urteko lehenengo edizio horretatik eta, zorionez, dena klub zuri-morearen mesederako izan da.  Ekimen hau urtetik urtera hazi egin da, esan bezala, Arrasaten tradizioan bilakatuz eta, era berean, gaur egun klubaren euskarri ekonomiko nagusienetakoa izanik.  “Orain oilaskoak, saltxitxak edota txerri ukondoa dastatzeko aukera egoten da Herriko plazako karpan, baina lehenengo edizioan sardina erreak saldu genituen”, gogoratzen du klubeko kide eta ekimenaren aitzindari Joseba Maidaganek.  “Azken edizioetan azokako garagardo kontsumoa nolabait egonkortu bada ere, urte askotan zehar igoera nabaria izan da”, gaineratzen du egungo Zuzendaritza Batzordeko kide Ramon Barrutiak.  “Denboraren poderioz ohiturak ere aldatu dira, eta aurreko urteetan botiletan saldu bada ere, iaztik alkoholik gabeko garagardoa pitxarretan zerbitzatzen dugu”, dio Arrasate Errugbi Taldeko presidente Ane Agirrek.  Herensugeetako jokalari eta klubeko ikur Patxi Gorosabelek ere oroitzapen politak ditu:  “Garagardo Azokarekin bezala, zazpinako txapelketarekin ere aitzindariak izan ginen Euskal Autonomi Erkidego mailan; hasierako edizioetan ekipo ugari etortzen ziren, horietatik asko Iparralde eta Frantziakoak, baina denboraren poderioz gurea moduko txapelketak ugaritu dira eta, horregatik, egungo parte hartzea jaitsi egin da hasierako urteetakoarekin alderatuz”.  

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE