Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
ELKARRIZKETA: Salva Gonzalez
"Bankuen kontra garaipenak laister iritsiko direlakoan nago"
Etxe kaleratzeak krisiaren aurpegi ilunenaren parte dira. Debogaionean Stop Kaleratzeak! plataforma da arazo honen kontra borrokan dabilen taldea, eta bere bozemaile den Salva Gonzalezek beraien helburu eta asmoak zeintzuk diren kontatu dizkigu.

 

595 (id: 9548228)

 

Testua: Mikel Arregi Askasibar / Argazkiak: MAA / 2013ko urtarrilak 29, martizena


Joan den udazkenean sortu zuten Debagoieneko Stop Kaleratzeak! plataforma. Ordutik hona etxe kaleratze arriskuan dauden zenbait herritarrekin lan egin dute, eta joan den hilaren 5ean Arrasaten egin zuten beraien lehenengo elkarretaratzea. Guk taldeko bozemaile den Salva Gonzalezekin hitz egin dugu plataformaren nondik norakoei buruz gehiago jakiteko.

 

Zer da Stop Kaleratzeak plataforma? Zein da Debagoienean egiten duzuen lana?
Hasieran guk ez geneukan plataforma bat sortuta, ni bakarrik nengoen eta beste pertsona batzuk laguntzaile lanean ibiltzen ziren. Iaz baina herri ekimenezko legea egiteko sinadura bilketa jarri zen abian eta horren bitartez Debagoieneko taldea sortu genuen. Ni Venezuelan egon nintzen urrian, bertako hauteskundeetan. Garai horretan Donostiko Stop Kaleratzeak taldekoek hitzaldia egin zuten Arrasaten eta bertan lortutako kontuen bitartez beraiekin bilera bat egin eta taldea sortu genuen. Gure plataforma oraindik estrukturatu gabea da, baina lanean gabiltza iada. Debagoienean oraindik egoera ez da beste leku batzuetan bezain larria, eta horregatik oraindik ez daukagu lan haundirik, baina hala ere kasu batzuk ateratzen hasi dira iada.


Ze kasu dira hauek?
Hasieran, gure gizarteak aurreiritzietarako joera handia daukanez, jendeari asko kostatzen zaio gugana etorri eta beraien istorioa kontatzea. Lehenengo kasuetan Donostiako plataformara deitzen zuten, eta gero gu jartzen ginen etxea galtzeko arriskuan zeuden pertsonekin harremanetan. Oso gutxi dira momentuz gugana etorri diren pertsonak. Hala ere guk jakin badakigu, Bergarako udaltzainek esan digutenez, herrian hiruzpalau kasu izan zirela. Denak baina partikularren artean adostutako alokairuak ziren, bankuek ez dute oraindik etxe kaleratzerik egin. Dena den poliki bada ere agertzen hasi dira bankuak etxetik bota nahi dituztenen kasuak. Bergaran badaukagu bat, Oñatin hiru eta Arrasaten bi.

Azkeneko astetan Amaia Erañaren heriotzaren ondorioz zuen borrokak beste presentzia bat irabazi du ezta?
Bai, baina gure borroka heriotza horren aurretik hasi zen. Kaltetuen lehenengo plataforma 2009ko otsailean sortu zen Katalunian, baina V de Vivienda mugimendutik zetorren lehenagotik. Puntu horretatik etxe kaleratzeen kontrako plataformak estatu guztitik zabaldu ziren. Orain dela gutxi Bartzelonan izan gara estatuko koordinadorako bileran, eta han erabaki batzuk hartu ditugu. Zuk esan duzun moduan baina, Amaia Erañaren heriotzatik ona medioetan daukagun presentzia asko igo da eta gure borrokak ere indarra hartu du. Orain gure aldarrikapenek lekua daukate iritzi publikoan eta komunikabide guztietan gaude. Horregatik presio egitea errazagoa da orain guretzat. Herri ekimeneko legea aurrera eramatea asko erraztu digu faktore honek. Aste honetan bertan Madrilgo Diputatuen Kongresuan aurkeztuko ditugu estatu guztian zehar jasotako sinadurak, eta espero dezagun hortik aurrera parlamentuko bozeramaile batzordeak gure proposamena kontuan hartzea. Beraiek gure herri ekimeneko legea plenora eramaten badute, parlamentuak Stop Kaleratzeak! plataformaren lege proposamena eztabaidatuko du. Ni optimista naiz.

Ekimen honi begira 39000 sinadura lortu dituzue Gipuzkoan...

Bai horrela da. Joan den astean egin genuen prentsaurrekoan sinadura bilketari azken bultzada eman nahi izan genion, eta azkenean ia 40 mila atxikimendu lortu ditugu lege proposamenari begira Gipuzkoan.


Datu garrantzitsuak dira aurkeztu dituzuenak

Bai, estatuan 750 mila sinadura bilduko genituela uste genuen, baina bilketa kanpaina nola joan den ikusita milioi batera heltzea espero dugu orain.

 

 

595 (id: 9742918)

  Stop Kaleratzeak! plataformak Arrasaten egindako kale agerraldia

 

Eta zein da sinadura bilketa honekin parlamentura eraman nahi duzuen lege ekimenaren mamia?
Guk proposatutako lege ekimenean etxea ordainean itzultzeko eskubidea edo "dación en pago" moduan ezaguna dena proposatzen dugu. Bigarren puntu baten kaleratze guztiak bertan behera uzteko eskaera egiten dugu arazoaren irtenbidea aurkitu arte, eta hirugarren puntuan berriz kaleratutako jendeak bere etxeetara itzuli eta alokairu sozialean bizitzeko duen eskubidea proposatzen dugu. Guretzat alokairu soziala etxeko diru sarreren ehuneko 30a izango litzateke, hau da, bidezko alokairu bat.

Itzuli gaitezen Debagoienera. Joan den hilaren 5ean lehenengo konzentrazioa egin zenuten Arrasaten. Zein izan zen konzentrazio haren helburua, eta zeintzuk izango dira hemendik aurrera egin behar dituzuen ekintzak?
Bi ziren konzentrazioaren helburuak. Alde batetik gure plataforma ezagutzera eman nahi genuen, eta bestetik Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearen hitzak salatu nahi genituen. Fernandez jauna gezurretan dabil. Amaia Egaña hil zenean Kutxabankek martxan zituen etxe kaleratzeak bertan behera utziko zituela esan zuen. Hori gezur hutsa izan da, eta ordutik hona lanzamenduekin jarraitu dute. Lanzamendua etxe kaleratze prozesu bateko azkeneko pausua da. Epaileak zure etxea uzteko hilabete daukazula esaten duen gutun bat bidaltzen dizu, eta horren ostean poliziak etxetik botatzen zaitu. Espero dugu egoera honek amaiera laister izatea.

Kutxabank aipatu duzu. Bera da gure inguruan etxe kaleratze gehien egiten dituen bankua ezta?

Harrigarria dirudien arren hori horrela da. Publikoa eta gure lurrekoa da Kutxabank, baina etxe kaleratze gehienak berak egiten ditu. Kontua da Gipuzkoan esaterako ematen diren hipoteken %80a Kutxabankek ematen dituela. Horregatik etxe kaleratze gehienak entitate honek egiten ditu. Gero Santander eta Caixabank daude. Azken honekin oso borroka latzak izan ditugu, kaleratzeak aurrera eramateko momentuan oso bankuetxe zurruna delako eta asko kostatzen zaiolako kaltetuekin adostasun batera iristea. Dena den beraien kontra garaipenak laister iritsiko direlakoan nago.

Zer egin beharko litzateke banku hauekin?

Hasteko gobernuak etxe kaleratzeei buruzko legedia aldatu egin beharko luke Europako beste herrialde batzuetakoekin parekatzeko. Europako beste herrialdeetan zure hipoteka ordaintzeko arazoak badituzu, zure etxea ordainean uzti diezaiokezu bankuari zorra kitatzeko. Hemen aldiz 1909ko legea daukagu. Lege zahar eta irmoa da eta ez du ezertarako balio. Behin legea aldatuta, alokairu soziala bultzatu behar da. Gogoratu etxetik kaleratuak diren pertsonek erauzte egoera bat jasan behar dutela. Bankuei exigitzen diegu kaleratuei beren etxean alokairu sozialarekin bizitzeko eskubidea eman diezaioten.

Eta zer gerta daiteken bankuekin? Ni gobernuan egon ezkero banku guztiak nazionalizatuko nituzke. Pertsona eta erakunde bankarioen arteko beste botere harreman bat sustatuko nuke. Honez gain eurotik irten eta beste moneta nazional bat sortuko nuke euroaren balio bera izango zukeena. Zorra ordaintzearen kontra gaude, zor hori publikoa izan beharrean pribatua delako, bankuena, multinazionalena... Ez da gure zorra, nahiz eta orain guztion bizkarrean jarri diguten. Nire ustetan auditoria bat egin beharko litzateke bankuen, familien eta enpresa handien zorra zein den jakiteko. Orain daukagun zorra bankuek beren operazio finantzieroetan egin dute, eman dituzten prestamo hipotekarioak zorretatik sortu dituzte. Likideza ez zegoenean banku aleman eta frantsesei eskatu diete dirua, eta orain herritar guztiok ordaindu behar ditugu beraiek sortutako zor hau.

Zer egin behar dute zuekin harremanetan jarri nahi duten herritarrek?

653722931 telefonora deitu edo stodebagoiena@gmail.com-era idatzi dezakete. Jendea gurekin batera borrokatzera animatzen dugu, borrakatu ezean ezin delako ezer lortu, eta denon artean lortuko dugulako.

 

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE