Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arrasate Zientzia Elkartea, Udala, Aldundiak,...

Pitxarrak eta pikatxoi historikoak aurkitu dituzte San Valerio Koban

Hortaz gain, otarren, oinen,... lorratzak aurkitu dituzte. Hipotesia da galeria mendeetan zehar uztiatu zela, XVI-XVIII. mende ingurura arte. Galeria hau iaz agertu zen, kasualitatez, gazte arrasatear batzuk koban galdu zirelako. Besaidek eta pertsona ugarik laguntza eman dute egitasmo honetan. Alkateak prentsaurrekoan adierazi duen bezala, “aurkikuntza honek aukera emango digu gure historian gehiago sakontzeko”.

590.Galarra.Itxaso.IKERTZ (id: 7106365)


Argazkiak: Ikerketa taldea / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2013ko urriak 3, osteguna

Arrasate Zientzia Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arrasateko Udalaren laguntzari esker, Arrasateko San Valerio edo Galarra koban arkeologi ikerketa burutzen ari da, hain zuzen, Arrasateko meatze gunearen garrantzia ulertzeko asmoz.

Ikerne Badiolak (Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak), Inazio Azkarragaurizarrek (Arrasateko alkateak) eta Itxaso Eguizabalek (Arrasate Zientzia Elkarteko kideak) gaur goizean prentsaurrekoa eman dute Donostian.

Ekitaldian ezagutzera eman dituzte Arrasateko Galarra edo San Valerio koban egindako aurkikuntzak eta proiektuaren lan ildoak.

Ikerketaren abiapuntua 2012. urtean kokatu behar da. Orduan espeleologian interesa zuten lau gaztek Galarran galdu eta giza jardueraren aztarnak gordetzen dituen 4 km.ko galeria multzo bat aurkitu baitzuten.

Ordutik, Arrasate Zientzia Elkarteko diziplina anitzeko lan-talde batek ikertu ditu galeria berriak, Itxaso Eguizabal arkeologoaren zuzendaritzapean. Eta haien ikergaia gaur arte ezezaguna zen burdin mehatzea zabala da.

 

590.Galarra.Lorratz.IKERTZ (id: 6987999)

Bestalde koban zehar, modu anarkiko batean, tamaina guztietako ehunka oinatz eta hatz marka agertu dira. Eta, litekeena da, Galarran, gutxienez XVI.-XVII. mendeetan zehar, gizonak, emakumeak eta haurrak jardun izana. Minerala lortzeko, pikatxoiak erabiltzen zituzten eta, horien adibidea da koba barruan agertutakoa.

 

590.Galarra.Pitzar.IKERTZ (id: 7070968)

Gainera, galerien hainbat lekutan minerala kanpora ateratzeko erabili zituzten otarren arrastoa ikus daiteke. Mehatzeak ustiatzeko sistema hori Burdin Aroko Europako mehatzetan ere erabili ohi zen. Arestian aipaturiko materialak ez dira ikertzaileek aurkitutako bakarrak, Galarra barruan hainbat pitxar azaldu baitira eta litekeena da emakumeek eta haurrek urketari lanak egitea.

 

590.Galarra.Gurutz.IKERTZ (id: 7029957)

Gurutzeak ere aipatu behar dira. Galarrako hormetan bi gurutze latindar mota aurkitu dira: trilobulatuak eta sinpleak. Adierazpen horiek oso ohikoak dira Erdi Aroko kantabriar erlaitzean.

 

590.Galarra.Capri.IKERTZ (id: 7222742)

 

Azkenik, koba barruan ikerketa prozesuan dauden aztarna organikoak agertu dira caprinae familiako animalia baten hondakinekin batera.

Galarrako meatze ustiapenak Gipuzkoan burdinaren industriari lotuta dauden ondare baliabideekin bat egiten du. Baliabide horiek Burdin Aroan, duela 2.200 urte hasi (Basagain eta Murugain) eta XVIII eta XIX. mendeetan amaitzen dira (Mustar eta Agorregi), Erdi Arotik pasa eta gero (Penadegi eta Arditurri). Aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu dituen 25 arkeologia proiektuetatik zazpik burdinarekin lotura dute. Ikerne Badiola, Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuaren hitzetan “Gipuzkoaren garapena burdinaren industriari lotuta dago” eta Galarrako esplotazioak “Gipuzkoan ekoizten zen burdina itsasontziz Europa osora zabaltzen hasi zen garaian kokatzen gaitu”.

“Aurkikuntza honek eta beste batzuk gure historian gehiago sakontzeko aukera eskaintzen digute. Arkeologiak, gizarte bezala, gure iragana nolakoa zen ulertzen laguntzen digu. Gure historia ezagutzeko funtsezko tresna da: gizarte antolakuntza, aldaketak, ekonomia, bizimodua, teknologia… Eta gure helburua eta ardura da gure iragana ikertu, balioetsi eta ezagutaraztea”, adierazi du Badiolak.

Galarrako proiektua kasualitatearen emaitza da, 2012ko abenduaren 7an galeriaren aurkikuntza koban galdutako lau gaztek egin zuten: Ibai, Ander, Andi eta Ramon. Horiek dira aurkikuntza garrantzitsu horien bene-benetako aurkitzaileak.

Belaunaldiz belaunaldi, Galarra da arrasatearren eta inguruko herrietako espeleologi zaletuek espeleologian hasteko bisitatu duten kobetako bat. Gainera, ia XIX. mende osoan zehar, bisitari famatuak izan zituen, horien artean Isabel II erregina 1845 urtean. Kuriosoa bada ere, garai hartan helburu turistikoekin ustiatu nahi zuten koba. Baina, orduan Galarra bisitatu zutenek ez zituzten 2012ko abenduan galdutako gazte abenturazaleek aurkitutako 4km osatzen duten galeria sarea ikusi.

 

590.Galarra.Espel.IKERTZ (id: 7270075)

 

Gazte haiek Besaide Espeleologi Taldeko kideek atera zituzten. Horien artean Peio Zabaleta taldeko lehendakaria, AMETeko (Aloña Mendi Espeleologia Taldea) kideez lagunduta. Izan ere, Besaideko partaide den Jose Maria Exposito espeleologoa, koba topografiatzen hasi zen 1973an. Baina topatutako galerietara sartzea baztertu zuen pareko harrobi zaharrean izandako eztanden ondorioz ezegonkorrak zirelakoan. Eta benetan Galarrako galeriak arriskutsuak izan daitezke bertan, XVII. mendean, Arrasateko meatzari bat hil baitzen.

 

Azpimarratzekoa da Jesus Mari Zuazubizkar mendizaleak emandako laguntza, baita Besaide elkarteak berak ere. Proiektu honetan pertsona ugarik lan egin dute.

 

Mondragon izeneko altzairua Arrasatek mundu osoan famatu egin zuen, batez ere Behe Erdiarotik aurrera, baina, batez ere Aro Modernoan. Gaztelako merkatuetan saldu zen produktua izan zen baina Mexikora eta Frantziara ere eraman zuten.

Haren ezaugarriak armagintzarako egoki egin zuten, batez ere arma zurien forjaketan Solingen (Alemania) eta Milango (Italia) altzairuekin lehiatuz.

Altzairuaren momenturik oparoena XVI. mendea izan zen. Orduan Arrasateko herritarren bi herenak zuzenean edo zeharka altzairuaren merkataritzara dedikatzen ziren. Izan ere, XV. mendean meatzari eta ola-gizonak bi kofradietan bildu ziren, lehenak San Valerion eta bigarrenak Santa Luzian.

 

590.Galarra.AZT-Udal.IKERTZ (id: 7172103)

Aro Modernoaren hasieran, agian, mineralaren gehiegizko ustiapenaren eraginez, Mondragon altzairuaren agonia geldoa hasi zen, baina ustiapena XX. mende hasiera arte mantendu zen.

Hala ere altzairu horrek toponimo ugari utzi ditu Arrasaten: Ferrerías, Olarte, Zigarrola, Musakola, Meatzerreka, Uarkape. Horrez gain ustiapen horrekin lotutako eraikinak ere gorde dira, Barrenatxo errota edo Dolara baserria bezala. Arrasateko herrian existitzen zen burdinaren transformazio azpiegitura izan daiteke Alfontso X.ak 1260an hiribildua sortzeko izan zuen arrazoietako bat. Gainera Alfontso X.ak bi urte beranduago agindu interesgarri bat eman zuen, udal-barrutian existitzen ziren haizeolak herrian lantzeko. Horrekin hiribildua hobeto jendeztatuko zela uste zuen.
Arrasateko proto-industriaren garapena zein izan zen ezagutzeko dokumentu historikoak ikertuko dira, baina, batez ere Galarra haitzuloaren aurkikuntzak.

Bide horretan, Arrasateko egungo alkateak, Inazio Azkarragaurizar Larreak, ziurtatu du “ondareok zaintzeko jarrera aktiboa izaten jarraituko” duela Udalak, “beti egin izan dugun bezala”.

Izan ere, alkateak adierazi duen bezala, “aurkikuntza honek aukera emango digu gure historian gehiago sakontzeko,  orduko meatzarien jarduna ezagutzeko eta garai hartako Arrasatearren bizimoduaz gehiago jakiteko”.

 

 

 


Arrasate Zientzia Elkartearen bloga


Arrasateko Udalaren webgunea 


Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunea 


Erlazionatutako albistea:
Onik aurkitu dituzte Meatzerrekako koban galdutako 4 gazteak
2012ko abenduaren 7an publikatutako albistea


 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE