Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Jose Angel Achon (Historian doktore):

“1448ko erreketak ideia bat piztu zuen: Ezin dugu horrela jarraitu”

Arrasate Zientzia Elkarteak antolatuta, aditu honek azaldu du “Erdi Aroan jendearen balore nagusia ez zela askatasuna, babesa baizik”. 1448ko erreketa lau faktore eragin zuten: burdina, hiri-gutuna, barne-gobernua eta kanpoko eraginak. Baina Arrasatek lortu zuen Aro Modernora igarotzea, adibidez: “Hernando de Guevara (Bañez de Artazubiagaren seme) Elcanoren bidaide izan zen”.

450.Hist.Jose.Angel.Achon (id: 7622862)


Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkiak: Koldo Carrillo eta G.L.H. /

2013ko azaroak 26, asteartea

 

Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi-zikloaren bigarren zikloa abian da, Arrasate Zientzia Elkarteak antolatuta. Iaz bezala ikusmin handia sortu du herritarren artean, eta gaur hitzaldia entzuteko Kulturateko areto nagusia txiki geratu da.

 

Gaurko hitzaldian Jose Angel Achon Historian doktore da, eta ahaide nagusien arteko borrokari buruz egin zuen tesia. Lan horretan, konturatu zen “Arrasate eta Segura direla garai honi buruzko dokumentazio zabalena duten herriak Gipuzkoan”.

 

Aipatu du ere Esteban de Garibay XVI. mendeko historialari arrasatearrak dokumentuak “urre gorria” direla eta probetxu handiagoa atera behar zaizkiola. Gaurko hitzaldian 4 gai nagusi izan dira:

  • Erdi Aroko Arrasate
  • 1448ko erreketa
  • Gipuzkoaren sorrera
  • Arrasatek nola igaro zuen Garai Modernora

1448 urtea “karga sinboliko eta emotibo handikoa” bezala definitu du. Baina Arrasateren erreketak “ez zen mugarri izan ahaide nagusien arteko borrokaren bukaerarako”. Izan ere, 1490. urtera arte (“urte bat sinbolikoki hartuta”) borrokek jarraitu baitzuten.

 

450.Hist.Jose.Angel.Achon.Mapa (id: 7706830)

 

Baina erreketak ideia bat eragin zuen orokorrean: “Ezin dugu horrela jarraitu”. Eta “badirudi erregeren bati ere gogoeta hori eragin ziola”.

 

1448ko hondamendiak “ez digu krisia konpontzeko errezetarik  emango, baina behintzat esperientzak irakatsiko dizkigu”.

 

Mende hartan “humanitatea lehenbiziko aldiz atera zen bere inguru lokaletatik”, eta jendea ohartu zen “gizaki bezala, nolako dimentsiotan mugitzen garen”.

 

Hori baino lehen “humanitatea mundu kristaua zen, eta handik kanpo fedegabekoak bakarrik zeuden”, mairuak adibidez.

 

“Baina amerikarrak zer ziren? Gizakiak ziren? Garai hartan Humanismoa jaio zen”.
Gauzak izugarri aldatu ziren “baina hemengo etxeetan ere”. Arrasatear bat, Hernando de Guevara, Juan Sebastian Elcano ospetsuarekin itsasoratu zen XVI. mendearen hasieran.

 

Garai hartako errolda baten arabera, Arrasatek 613 bizilagun zituen, “baina benetako bizilagunen kopurua jakiteko, erroldako kopurua bost aldiz biderkatu behar da”. Beraz, kalkula daitekeenez, Arrasatek 2.000-3.000 biztanle zituen, 3 gunetan banatuta:

  • Kaleetan (Erdiko kalea, Iturriotz eta Ferrerias): biztanleen %56
  • Arrabaleetan (Musakola, Maala, Zarugalde eta Gazteluondo): biztanleen %25
  • Auzoetan (Udala, Garagartza, Gesalibar eta Uribarri): biztanleen %19

 

595.Hist.Jose.Angel.Achon.Biztanl (id: 7664843)

 

Historialari honen arabera, “auzoetako familiak jendetsuagoak izango ziren seguruenik”.

 

Achón-ek sakonki aztertu du Arrasateko historia, “baina Santa Barbarari buruzko aipamen bat bakarrik aurkitu dut”.

 

Zaldibarko gotorlekua Oñatiko kondeak eskuratu zuen, eta horrek “gatazkak sortu zituen kondearen eta arrasatearren artean”.

 

Gogoan izan behar da “garai hartako jendearentzat balore nagusiena ez zen askatasuna, babesa baizik”. Horregatik hiribilduak aldaketa handia suposatu zuen: “Jendea batu zen jendea babestuz”. Achón doktorearentzat erreketaren 4 arrazoi nagusiak izan ziren:

  • Burdina
  • 1260ko Hiri-gutuna
  • Barne-gobernuak
  • Kanpoko eraginak

 

Burdina “gakoa” zen, “garai hura ezin da ulertu burdina barik”. Ahaide nagusiak elkarrekin borrokatzen zutenean “olak erretzen zituzten”, pertsona bat beste bat “baino gehiago” zela “erakusteko burdinetan zituen aberastasunak mahai gainean jartzen zituen”,…

 

Achónek hipotesi bat du dragoiaren esanahiari buruz: “Dragoia zen gizakiak ezin menderatu zuen natura, gizakiak naturari zion beldurra, gizakiak ezin baitzuen natura kontrolatu, natura ezezagunaren eta ikaragarritasunaren erreinua zen”.

 

Horregatik, kondairan errementariak dragoia hiltzen duenean “horrek sinbolizatzen du errementariak, gizakiak, burdina hartzen duela”.

 

Hiri-gutuna “paktu bat” izan zen, “bi aldeei komeni zitzaiena: Gaztelako erregeak hemen ez zeukan ezer, baina gizonak bereganatu nahi zituen gerra egiteko eta errentak eskuratu nahi zituen”.

 

Gaztelako erregeari ez zitzaion “Gipuzkoa ordura arte interesatu, baina konturatu zen muga interesgarriak eta Atlantikorako irteera zituela. Horregatik, erregeak basailuak lortzeko, zenbait pertsona jaun izendatu zituen, pribilejio batzuk aitortuz”.

 

Erregeak jaun hauei “zerga batzuk eskatzen zizkion, baina jopu edo morroiei baino gutxiago”.

 

Badirudi erregeak “Gaztelan errazago zuela horrelako erabakiak gauzatzea, han goi-noblezia zeukalako, baina hemen gutxi batzuk baino ez zeuden, baita monastegi gutxi ere”.

 

Aldi berean, hiribilduko biztanleek “erregearen sostengua nahi zuten. Gaztelako erregeak jaun berriei lurralde baten zuzendaritza politikoa aitortu zien”.

 

Arrasateko hiri-gutuna “laburra eta besteak beste Gasteizko hiri-gutunaren kopia bat da”.

 

Baina herritarrak hiribildura bizitzera joaten hasi ziren, “adibidez abantaila ekonomikoengatik. Hiribilduak ziren legez azoka egin zezaketen bakarrak”.

 

Kontuan hartu behar da “Arrasate Leintz Bailarako buru izan nahi zuela, baina garai hartan ez zeuden markatuta mugak (lehen mugarriak XVI. mendekoan jarri ziren) eta horregatik gatazkak piztu ziren Arabako Gevarako kontearekin kasu”.

 

Konte honek “Gipuzkoa oso bereganatu nahi zuen. Horregatik 1260tik 1390era etengabekoak dira Oñatiko kontearen eta Arrasateko Kontzejuaren artean. 1390ean pleitoa sortu zen, “dokumentu ederra” delarik. Pleito hark argitu nahi zuen “tradizionalki nork menperatzen zuen hiribildua, eta tradizioak pisu handia zuen horrelakoetan”.

 

Alde bateko argumentu baten arabera, “jauna zen ordura arte [pertsonak hiltzeko] urka jartzen zuena”.

 

Tradizionalki esan denez, arrasatearrek errege-bidea azkar-azkar egin zuten, erregeari eskatzeko Oñatiko kontearen esku ez uzteko.

 

Gaztelak Oñatiko konteari Leintz eman zion “eta kontea hortaz harropuztu eta trufatu egin zen”.

 

Hala ere, Arrasate ere hazi egin zen, Uribarri, Udala, Garagartza eta Gesalibar auzoak bereganatuz.

 

1448ko erreketaren beste arrazoi bat barne-gobernua izan zen. “Hipotesi irmo baten arabera, hiribilduak jende ugari erakarri zuen. Arrasateko kondaira baten arabera, Artazubiagak Bedoñako etxea erre zuen eta hiribildura jaitsi zen bizitzera”.

 

Baina nola banatu zuten hiribildu barruko espazioa? “Orubeetan. Orube bakoitza nahiko txikia zen, baina kide askoko familiak bizi behar zuen bertan”.

 

Hiribildua baino lehen “bizilekua familiakoekin edo leinukoarekin konpartitzen zen. Baina hiribilduak suposatu zuen norberaren familiak komunitatea osotu behar zuela beste familia batekin”.

 

Hala ere, horrek ez du esan nahi “hiritarrek euren leinua galdu zutenik, ezta leinu barruko elkartasuna ere”. Are gehiago, gatazka bat sortzen zenean “familia bakoitzak bere leinuaren, ahaidearen alde egiten zuen. Horrek tentsio ugari eragin zituen. Horiek ziren ahaide nagusiak”.

 

Hiribildua sortzerakoan “ez zegoen udaletxerik, kontzeju irekiak baizik. Oso irekiak eta partehartzaileak ziren”. Baina hiribilduko egunerokotasuna antolatzeko “egokiagoa zen kontzeju itxia, alkate bat buru zuela, epaile-lana egiten zuena”. Dena den, kontzeju irekiak ez ziren desagertu, eta “momentu berezietan egiten ziren”.

 

Elkarbizitza “errazagoa zen XIV. mendeko loraldi ekonomikoan, baina izurrite beltza, aldaketa klimatikoa, uzta txarrak,… izaterakoan krisia ikaragarria izan zen”.

 

Oñatiko kondeak “Gipuzkoa hartzeko asmoa zuen, baina Arrasatek aurre egin zion. Kondeak hori ikusita, Arrasate barruko bando baten aliatu egin zen, eta hiribildu barruan ezegonkortasuna eragiteko, ahalik eta liskar gehien sorrarazi zituen”.

 

Arrasateko erreketan ez zuten bakarrik parte hartu hiribilduko eta bailarako ahaide nagusiek. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ugarik esku hartu zuten. “Ahaide nagusien arteko gatazka orokortu zen”.

 

Are gehiago “erreketaren ondorioz, ermandadeak sortzen hasi ziren. Jokoan zegoen Gipuzkoa antolatzeko moduak: hiribilduen bitartez edo jauntxoen menpe”.

 

Gatazka honetan “erregearen erabakia gakoa” izan zen: “Erregeak hiribilduen alde egin zuen, berarekiko fideltasun handiago zutelakoan”. Kontuan hartu behar da “erregearen boterea oso handia zela, nahiz eta bera ez ikusi, eta hiribilduetako askatasunaren babesle bezala hartu zuten. Ikuspegi horrek bizpahiru mende iraun zuen”.

 

1490ean “urte bat sinbolikoki jartzearren, gatazka amaitu zen, urte hartan erregeak ahaide nagusiak bertan behera utzi baitzituen. Arrasaten “La Carta de la Comunidad” bezala ezagutu zen”.

 

Erregeak zera adierazi nahi izan zien guraiatarrei eta bañeztarrei: “Orain ez sentitu bañeztar edo guraiatar, Arrasateko baizik”. 1490etik 1510era egoera nabarmenki aldatu bazen ere, “lehengo aberatsenek ondo bizitzen jarraitu zuten”.

 

Munduaren kontzepzio berri horretan, “arrasatearrek euren burua kontzepzio berri hartan kokatu nahi izan zuten”. Adibidez, “erregea foruen babeslea izan behar zuela adierazi zuten”. Gipuzkoako eraikuntzan, Arrasate “oso ondo kokaturik zegoen: 1583an Gipuzkoako hirugarren edo laugarren hiribildurik garrantzitsuena zen”.

 

Arrasatear ugarik jaioterria atzean utzi zuten, eta abenturetan parte hartu zuten. Hernando de Guevara arrasatearrak esate baterako Juan Sebastian Elcanoren testamentuan sinatu zuen, bere bidaide izan zen-eta. Kontuan hartzekoa da Hernando de Guevara Bañez de Artazubiagaren seme zela, hau da, Oñatiko kontearekin aliatu zena Arrasate erretzeko…

 

Gaurko hitzaldian Achón historialariak Hernando de Guevararen testamentua [beheko argazkian] ere pantailaratu du. Historialariak entzule batzuen galderei erantzun die, eta ekitaldia amaitzerakoan txalo beroak jaso ditu.

 

500.Hist.Jose.Angel.Achon.Testam (id: 7741965)

 


Arrasate Zientzia Elkartearen bloga

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE