Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
[Testua: Esther]

Arrasaten pakistandar bat zauritu zuen tirogilearen arreba naiz

Hau esateak ez nau lotsatzen! Gaixo bat da, eta ez hiltzaile bat. Basakeria hau egin du, beste askok bezala, osasunak, gizarte zerbitzuek eta justiziak bere egoera eta gaixotasuna gaizki kudeatu dituztelako, azkenaldian izaten ari diren beste kasu batzuetan ere ikus dezakegun bezala.

595.Atentatu.Bañez.Doktorea.Kalean2 (id: 4405461)


Testua: Esther / Argazkia: MB Artxiboa / 2019ko ekainak 21, ostirala

 

"ARRASATEN PAKISTANDAR BAT ZAURITU ZUEN TIROAREN EGILEA"ren arreba naiz, hau esateak ez nau lotsatzen! Gaixo bat da, eta ez hiltzaile bat. Basakeria hau egin du, beste askok bezala, osasunak, gizarte zerbitzuek eta justiziak bere egoera eta gaixotasuna gaizki kudeatu dituztelako, azkenaldian izaten ari diren beste kasu batzuetan ere ikus dezakegun bezala. Erakunde horiek ez daude prestatuta arazo honi aurre egiteko, ezta bideratzeko familia ugarik orain direla urte batzuetatik bizi dugun drama ere. Erabat desorientaturik eta babesgabe gaude gaixotasun ezberdinei, gure senideen desorekei eta horrek dakarren guztiari aurre egiteko!
 
Ez dut besteen kasuetan sartzerik nahi, ezta delitugile guztiak gaixoak direla ikusaraztea nahi ere, soilik nire kasua ezagutzera eman nahi dut, zoritxarrez kasu bakarra ez delako, eta gai honen inguruko estigma sozialaren eta hipokresiaren erruz, pertsona asko babes barik daude, eta familia batzuek gehien maite dituztenei bizkarra ematen diete hatzamarrarekin seinalatuak ez izateko. Zuek borrokatzera animatzea lortzeak poztuko ninduke! Gu ere herritarrak gara, eta hala tratatuak izatea exijitzeko eskubidea eta betebeharra ditugu, ez gaitzatela gixarajo batzuk bezala tratatu. Soluzioak exijitzeko eskubidea eta betebeharra dauzkagu, ez partxe edo adabakirik. Era berean, herritar arduratsu bezala, guztiei azaldu behar dizuet nola kudeatzen den zuen segurtasuna: Familiek etengabean arriskuaz ohartarazten dute, hau da, anaiak, aitak, izebak,... suposatzen duten arriskuaz abisatzen dute familiek etengabe... baina desesperazio horri ez zaio kasurik egiten... izan ere, erasorik eta salaketarik ez badago ez da ezer egiten!
 
Nire anaia 33 urteko mutil bat da, eta 20 urte inguru zituela eskizofrenia diagnostikatu zioten. Ordura arte, gazte bizia eta kirolaria zen, beharbada pixka bat hiperaktiboa, baina inork ez zigun esan zerbait arraroa sumatu zionik, ez irakasleek, ez pediatrek,... Nik bezala, egun "bulling" deritzona sufritzen zuen, eta hortik datoz egungo desoreka emozional asko, normalean haurrek izaten dituztenak. Nire amak ondo esaten zuen bezala, haurrek etxean jasotzen duten hezkuntzaren ondorio da, menpekotasunean eta desberdintasunean oinarritua. Ikaskideek etengabean txarto tratatu zuten, soilik gure familia "espainiarra" zelako... Sekulako maltzurkeriak egin zizkioten, eta ez ditut hemen aipatuko bere intimitatea errespetatu nahi dudalako, baina azpimarratzekoa da, gaur egun ordaindik orduko kolpeen markak eta ebakiondo ezabaezinak dituela, ez soilik bere gorputzean, baita bere bihotzean eta gogoan ere. Hortik datoz gorroto, min, defendatzeko behar,... guztiak. Sentimentu negatibo horiek guztiek bere izaera aldatu zuten, odolberoko eta erasokor bihurtuz. Ormaiztegiko ikastetxe publikoak nire amaren eskaerei entzungor egin zien. Areago, barregarri utzi zuten, berriro estigma, herri txiki eta itxi batean... erlatibizatu behar da aurrera egin ahal izateko... baina berak ez zuen jakin izan, eta guk ez genuen bera orientatzen jakin... Beasaingo buruko osasun zentrora joan ginen, bera nerabe zela, jarraipenak eta enkaputxatuak aipatzen zituen bere gutun batek kezkaturik... Patxi Bereziartuak, haurren psikologo klinikoa, profesional bikaina eta pertsona hobea, prozesu bat hasteko gakoak eman zizkigun. Dena den, prozesu horrek kale egin du "protokoloen" ondorioz, baina une hartan konponbide bakarra zen, gure ama erasotzeagatik bera salatzea! Jakin bagenekien bera amarengandik urruntzeko 3 urteko agindua jarriko ziotela.
 
Nire amona eta nire izeba-osabak egunero zentrora eramateaz arduratu ziren, gainera gauetan eta asteburuetan euren etxean izaten zuten. Izan ere, 'Proyecto Hombre'n urte bat ematera kondenatu zuten, eta prozedura halakoa zen. Aurreko bi urteetan drogak kontsumitu zituen, gure inguruko mutilen erdiak egiten duen bezala, nahiz eta errealitate hori ikusi eta onartu nahi ez dugun. Alabaina, kontsumitu barik denbora luze bat zeraman aluzinazioak hasi zitzaizkionean, eta inoiz ez zuen abstinentziarik izan. Ala agian horixe izan zen paranoien kausa? Inork ez zigun erantzun gehigorik eman, sententziako urtebetea bete ostean, zentrotik deitu gintuzten esateko bere arazoa ez zela drogamenpekotasuna, baizik eta psikiatrikoa seguruenik. Hala ere, ezin zuten inora bidali sententzia bat izan gabe, ez zeukaten autoritaterik gainbehera mental bat baloratzeko eta zentro baten sartzea ordenatzeko. Bere erreakzioen beldur ginenez, eta gainera urruntze agindua oraindik indarrean zegoenez, aholkatu egin ziguten gure artean ez hartzea, gaixotasuna berragertzeko aukera eman genezan, eta horrela gertaeraren batengatik atxilotua izan zedin eta psikiatrian sar zezaten.

 

15 eguneko epean bere neskalagunak eta bere lagunek nire amari deitu zioten bere bila joan zedin, eta erabat zoraturik zegoen, ez ninduen ezagutu... bere burua babes gabe ikusita, drogak kontsumitu zituen Proyecto Hombrek berriro onartu zezan, eta bere burmuina lehertu zen. Ez dut inoiz ahaztuko bera holako egoera batean lehen aldiz ikusi nuenean sentitu nuen hotzikara, burbuila batean zegoen, erabat sedatuta, errealitatetik kanpo. Protokoloak dio pazientea egonkortuta dagoenean, beste ospitale batera joan behar duela, egonaldi ertaineko ospitale batera, Donostia ospitaleko psikiatriara. Horretarako, gehienez 3 hilabeteko epea finkatzen du, baina epe horretan bera ez zen bera, zentzurik gabeko gauzak esaten zituen etengabean, gure haurtzaroan galdurik eta mendekatuko zen ejerzitoan galduta... Donostiako San Juan de Dios-era iritsi ginen, eta bertan buru-argitasun uneak izan zituen, baina agresibitatea hasi zitzaion: Osakidetzak finkaturiko epea 6 hilabetekoa izan ohi da. Horren ostean, 1.000 € edo gehiago hilabetean ordaindu behar dira bertan jarraitu ahal izateko. Nik soldata bat neukan arren (hogei urte eta gutxiko jendearen artean ezohikoa), baina aita barik, nire ama leuzemia iraunkor batengatik ingresatuta, eta ahizpa gazteago batekin, ezin nuen ordaindu. Inork ez zigun soluzio gehiagorik ematen, gure arazoa zen, eta ondorioz lan bat bilatu nion; bere gorabeherekin lanera joan behar zuen, bere pertzepzioa distortsionaturik zuela, etxera bidali zidaten... Han ingresatuta zegoela, paranoiak etengabean zituen eta brote psikotikoak astero... nire amamaren etxera ezin zen bueltatu! Bi hilabete eskas baino ez zirenean igaro, eraso egin ninduen eta berriro zentro batean sartu zuten, baina kontuan hartuta denok bagenekiela egoera hori iritsiko zela, beharrezkoa al zen egoera horretaraino iristea?... Psikiatrak alta ematen zion bitartean, berak esaten zidan berak niri min egitearen beldur zela, eta nik erantzuten nion lasai egon zedila, banekielako bera ez zela horren guztiorren egilea...

 

Aste batzuk behar izan nituen nire beldurrak uxatzeko, eta bera ikusteko nire burua animatzeko, nik berak baino urte bat gehiago daukat, eta berak dio ni gogorra naizela. Beti errudun sentitu naiz berak bizi eta gozatu ezin dituen gauzak bizitzeagatik eta gozatzeagatik. Ahalegintzen naiz bera bere burua pertsonatzat sentitzen, eta ez munstrotzat, batzuek horrela ikusten duten arren. Ahalegintzen naiz, munduak bizkarra ematen dion arren, ni beti bere ondoan izango nauela azaltzen. Zorionez ospitaleratze honetan, Aita Mennira bideratu gintuzten, erdi mailako egonaldirako eta bertan orain arteko esperientzia eta tratua oso onak izan ditugu; hara doan bakoitzean bere izaera aldatzen da: Beraxe da! Hau guztiau hasi aurretik nire anaia ikusten nuen bezalakoa!... Baina soilik bere izaeraren parte bat da, beste alde batean, ilunena ezkutatzen du, bazterketa eragiten duena, tratamendu gehiago eragiten duena, niri bakarrik erakutsi eta kontatu ahal didana ahul dagoenean. Ni horietara ohituta nago eta horretarako konfiantza ematen diot... Bere gaixotasuna aldatzen joan da, bere burmuina psikopatiaren antzeko zerbaitera aldatu da; Aita Mennin nahiko egonkor daukate, eta horregatik sinetsita nago bere lekua hura dela, ordainketa ekonomikoa eta penala kudeatu daitezkeela, eurentzako eta guretzako kalte gutxiagoko erak planteatu daitezkeela, oreka bat bilatzea! Aita Menniko erabiltzaile askok, eta bertan ez dauden arren elbarritasun psikikoak dituzten askok, lan okupazionalak egiten dituzte era lotsagarrian ordaintzen direnak, nire anaiak adibidez, egunero gutxienez 3-4 ordu lan egiten ditu ospitalean eta 25-30 € ordaintzen dizkiote hilabeteko, helburuak lorgarriak egitean datza, ez dut uste hain zaila denik! Buruko gaixo guztiak ez dira begetalak, eta paziente hauetako asko batez bestekoa baino argiagoak dira. Buruko gaixotasuna duten guztiek ez dute drogamenpetasunik, baina drogamenpekotasuna gaixotasun bat da. Gai hau oso zabala da baina berataz hain informazio gutxi daukagu... Gazteek informazio piloa eta distortsionatuta daukate, edo txarto zuzendua... Gutxi batzuen interesak eta etekin ekonomikoak nagusitzen dira gizarte-ongizate orokorraren kaltetan. Pertsona batzuek bizi osorako behar bereziak dituzte, lakra bat bezala jotzen direnak, baina bizitza baldintza onetan aurrera eraman daitezkeenak, medioak behar bezala kudeatuz.

 

Orain arte ez da erraztu zentro batean izateko aukera, eta etxean broteak izan zituenean, larrialdietara, udaltzainengana eta Ertzaintzara deitu nuen edota bertara joan nintzen, eurei azalduz nire anaia kaleetatik nola zebilela, baina berriro erantzuten zidaten "erasorik eta salaketarik ez badago...". Kanpoko jarraipena 10 minutukoa zen hilabete bakoitzeko, Arrasateko buruko osasun zentroan, medikazioaren dosi batzuk jaitsi zizkioten erasoa baino hilabete batzuk lehenago; onartu beharra daukat orduan, berriro zentroan sartzeko zantzuak ikusi nituen arren, nire burua babestu nahi izan nuela gatazkak saihestuz, ISIS, mairu eta ejerzitoaren inguruan hitz egiten zuenean nire galderak bera deseroso jartzea saihestuz,... Sentitzen dut, ez nuen indar gehiagorik, eta denok dakizuena gertatu zen. Gero eta patologia eta buruko gaixotasun kasu gehiago daude gure inguruan, gero eta adin gazteagoetan, inguru ezberdinetan, gizarte-maila ezberdinetan, eta guztioi toka dakiguke: trauma bat, substantziaren batekin harreman txiki bat, blokeo emozional bat eta krak. Gutako askok beldurrezko eta zientzia fikziozko filma bat bizi dugu egunero, eta hau arazo larri bat izango da, eskuetatik joango zaigu, baldin eta ez bada instituzioetatik eta gure barru-barrutik lan egiten. Helburua ez du soilik prebentzioa izan behar, baita berbideratzea eta konponbide eraginkor bat ematea ere. Horrek pertsona askoren ongizateari dagokio eta guztion segurtasunari.

 

Azken aste hauetan entzun ditut mutilei eta kausa honengatik elkartu diren familiei, laguntza eskatu duten familiei, egin zaizkien kritikak. Baita nire anaiaren, nire familiaren, nire... inguruko kritikak. Kritika horiek ezjakintasunetik egiten dituzte, ez dakite zer bizi dugun eta zer sufritzen ari garen, ez dakite zer den etxean holako egoera bat izatea! Bihotzez opa diet inoiz errealitate hau ezagutzea ez tokatzea. 

 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE