Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
[Gutuna: Arrasateko komunitate kristaua]

Arrasateko Herriari gutuna

Ekainaren amaieran agertu zen komunikabideetan ikasturte berritik aurrera gure parroko Horacio Argarate Oñatiko parrokoa izango zela.

Testua: Arrasateko komunitate kristaua / 2019ko irailak 12, osteguna 

 

Ekainaren amaieran agertu zen komunikabideetan ikasturte berritik aurrera gure parroko Horacio Argarate Oñatiko parrokoa izango zela. Albisteak Arrasateko kristau komunitatean, kolektibo sozial zabaletan eta, oro har, herrian eragin zuen harridura eta ondoezari helduta, eliztarrek, uztailaren 8an egindako batzarrean, erabaki zuten gotzain jaunari kristau komunitatearen aurrean agertzeko, aldebakarreko erabaki hori justifikatzeko azalpenak eman zitzan. Horrez gain, trasladoaren gertutasunagatik genuen kezka jakinarazi genion, eta martxan zeuden proiektuen transferentzia mailakatua eta antolatua egitea proposatu genuen, proiektu horiek ez dezaten porrot egin.


Gotzain jaunak uko egin zionez eskaerari, batzarrak izendatutako batzorde bat Donostiara joan zen (2019-07-04) harekin hitz egitera, hain azkar egitekoa zen trasladoak eragindako ondoeza jakinarazteko, eta esateko ez zegoela denborarik inolako ekintzarik egiteko, aldaketan aldez edo moldez inplikaturiko apaizentzat zein laikoentzat opor garaia zetorrelako.  Horrez gain, jakinarazi genion kezkatuta geundela Arrasaten abiatutako proiektuak ongi burutuko ote ziren, bidea egiteko gure interesa eta borondatea adierazi genion, eta azpimarratu genuen nahitaez denbora behar genuela aldaketak egiteko, eta ahalordeen eskualdaketa gure Parrokien beharretara hobeto egokitzeko.


Gotzain jaunak ez zuen gure eskari eta proposamenetako bat ere onartu, eta eskatu zuen konfiantza izateko hartutako erabakia positiboa izango delako, eta ahalordeen eskualdaketa bateragarria izango delako Parroko bakoitzak bere helmugan dituen betebeharrak betetzeko, martxan dauden proiektuei kalterik egin gabe.


Egoera horren aurrean, espiritu ebanjelikoarekin, bai, baina erabaki horrekiko erabateko desadostasuna irmo adieraziz, gure mina adierazi nahi dugu, gure ekarpenei erakutsitako interes faltagatik, eta gu aintzat ez hartzeagatik, eta erakutsitako sentsibilitate faltagatik kristau komunitateari bere erabakien partaide izaten ez uzteagatik, eta, batik bat, gardentasun faltagatik. Ez dugu onartzen gotzainak nahi duena eta nahi duen bezala egitea guri halabeharrez eragiten diguten gaietan. Are gutxiago azken 10 urteetan Arrasatera bisita pastoral bakar bat ere egin ez duelarik. Uste dugu guk ere iradoki eta ekarpenak egin ditzakegula, batez ere zuzenean eragiten badigu. Edo men egin eta isildu behar besterik ez dugu? Izan ere, uste dugu garai bateko gestio eredu indibidualista eta autoritario horrek ez duela lekurik XXI. mendean, non erabakiak parte hartuz eta adostuz hartzen baitira, are gehiago espiritu kooperatiboak balio berezia duen eta Komunitatean hain errotuta dagoen herri batean. Elizaren artzain zuhur batek, besteen zerbitzura dagoelarik, ez dio ezikusiarena egin behar behar zerbitzatzen duen komunitateari. Artzain baten jokamolde horrek ez du estimulatzen eta desmotibatu egiten du komunitatearen hazkundea fedearen esperientzian. Dagoeneko ez gara bizi bi kristau mota zeudela aldarrikatzen zen garaian: agintzen dutenak eta men egiten dutenak. Ezin da etengabe predikatu elizaren komunioa, lankidetza eskatu eta, gero, harrokeriaz, komunitatearen partaidetza gutxietsi eta baztertu.


Eta hori ez dugu guk bakarrik esaten. Frantzisko Aita Santuak ordenatutako gotzain berriei zuzendutako diskurtsoan zera zioen 2017ko irailean:


Gotzaina ez da "jaun eta jabe" handiustea, ezta ere beldurtuta eta aparte dagoen "artzain bakartia" ere.


Gotzainaren bereizmena ekintza komunitarioa da beti, bere presbitero eta diakonoen, Jainkoaren Herriaren eta ekarpen baliagarri bat egin dezaketen guztien iritzien aberastasunari uko egin gabe, baita ere ekarpen zehatzak eta ez soilik formalak egiten dituztenean. Senidea ez bada inola ere kontuan hartzen, eta batek uste duenean besteen gainetik dagoela, azkenean Jainkoaren aurka ere harrotzen bukatzen du.


Esan nahi dugu ulertzen ditugula Oñatin eskatutako aldaketen motiboak, bertako parroko Josean Larrañagaren osasun arazoengatik, zeinari onena opa baitiogu bere erretiroan, jakitun garelarik auzo herrian lan bikaina egin duela, baina ez dugu ulertzen Horacio Argarateren hutsunea betetzeko hartutako erabakiaren mugimendu bikoitza, orain arazoa Arrasatera ekarri delako, izan ere, logikoena eta ulergarriena litzateke Oñatin hutsik geratu den lekua izendapen berri batekin betetzea.


Baina ez dugu geratu nahi bere fededunak zaintzen ez dituen gure artzainaren jokabide penagarriaren min eta tristeziarekin. Horacio maite eta preziatuak, 2009tik, Juan Mari Uriarte gotzainak bidalita gure arteko ibilbidea hasi zuenetik, Arrasateko herriari eman dizkion gauza ugari eta onekin geratu nahi dugu, 10 urte horietan atsedenik gabe egindako lanarekin. Ez da kasualitatea bere lana aitortua izatea, kristau komunitatearen aldetik ez ezik, baita ere beste eragile, talde sozial, estamentu ofizial eta abarren aldetik, hainbeste proiektu sozial ezagunetan erakutsitako dedikazio, inplikazio eta bokazioagatik. Bere martxa sentitzen dugun arren, ereindako haziak fruitu emankorrak ematen jarraituko du luzaroan, eta bere aztarna ezabaezina izango da. Eta helmuga berrian Arrasaten bezainbesteko arrakasta izatea opa diogu.

 

 

Arrasate, 2019ko irailaren 10a.

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE