Bi ekitaldiak Garaia Gunean egin dira. Bertan izan dira Iosu Zabala errektorea, Ino Galparsoro alkatesa eta Patxi López lehendakaria, beste batzuen artean.
Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkiak: MB Artxiboa eta G.L.H. /
2010eko urtarrilak 4, osteguna
Udalbatzar garrantzitsua egin da gaur arratsaldean, bertan aztertu eta bozkatu baitira aurtengorako presupuestoak. Hau da, gaurkoan bozkatu dira udaletxearen eta (neurri handi batean) Arrasateren norabidea 2010ean markatuko duen dokumentua.
Arrasateko Gobernuak aurkeztu ditu presupuestoak plenoan, eta aurrekontuetan proiektu nabarmenak daude, beste askoren artean:
- Gizarte-Ongizateko Zerbitzuen bulegoak Zerrajerara eramatea. Bulegoak jarriko lirateke Visesak egindako eraikinen lokaletan. Horretarako Udalak 400.000 € bideratuko lituzke, eta zentzuzkoa litzateke obrak 2011rako amaituta egotea. Bulegoak lekuz aldatu behar dira, udaletxeko lokalak txikiegi geratu dira-eta.
- Gaztegune bat Erdigunean egitea. Horrelako zerbitzu bat eskatu du hainbat gurasok azken urteetan. Balizko gaztegune hori bideratuta egongo litzateke 12 eta 17 urte bitarteko neska-mutilentzat. Azpiegitura horretara 415.000 € bideratuko lirateke. Gaur egun gaztetxoko bana dago Musakolan, San Andresen eta Erguinen.
- Helduen Heziketa Iraunkorreko Zentroa Arrasate Pasealekura eramatea. Orain zentro publiko hori (gaztelerazko EPA) Ferrerias kalean dago, zehazki, Basati taberna ondoan. Asmoa da IMI-ko udal-lokaletara eramatea. Gaur egun lokal horietan eskaintzen da Esperientzien Eskola. Lan horrek eskatuko lituzke 600.000 € inguru.
- Bizkaia etorbideko igogailu publikoa altuago egitea. Parkingaren eraikuntzako igogailua orain heltzen da Monterron eta Malbinak elkartzen dituen paseoraino. Udal-Gobernuaren asmoa da igogailua Malbinetako altueraraino luzatzea, auzotarren erosotasunerako. 272.000 € beharko lirateke obra hori burutzeko.
Alkatesak aurrekontuei buruzko hainbat xehetasun eman du. Esplikatu du Arrasateko Gobernuak irailean ekin ziola aurrekontuak prestatzeari. “Buelta asko eman dizkiogu, eta horrela izan behar da, Udalak diru-sarrera aldetik arazoak dituelako” krisi garai hauetan.
Udaleko ordezkari nagusiak adierazi du beharrezkoa dela Udal-Legea ezartzea, finantzazioa arautu barik dago-eta.
“Modu oso ikusgarrian murriztu behar izan ditugu aurrenkontuak”. Iazko presupuestoekin konparatuta, %14 egin dute behera. Iazkoak 43’6 milioi eurotik 37’3 milioi eurora.
Alkateak baloratu du lan handia eskatu duela presupuestoak zehaztea. “Eskertu egiten dizkiet udal-langileei euren esfortzuagatik eta kolaborazioagatik”. Udalak zehaztu behar izan ditu lehentasunak eta zenbakiak kuadratu.
Zinegotzi nagusiak ezagutzera eman du “eztabaida handirik ez” dela egon aurrekontuak alderdiei aurkezterakoan, “presupuestoak onartuak izan baitira neurri handi batean”.
Alternatiba-Zutik koalizioak zortzi emendakin aurkeztu ditu, Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak neurri batean eraldatzeko. Zortzi horietatik lau onartu ditu plenoak, eta beraz, Alternatiba-Zutikek aurkeztutako lau emendakin onartu dira:
- Etxez-etxeko laguntza zerbitzua eguneko 5 ordura igotzea
- Iturbide egoitzako langile-kopurua zerbitzuari egokitzea
- Etxez-etxeko zerbitzu bat sortzea, bazkariak banatzeko adineko pertsonen eta behar bereziak dituztenen artean.
- Herritarren partehartzea sustatzea, gai horri buruzko diagnostikoa eta plana idatziz
Koalizio ezkertiarrak beste lau emendakin presentatu ditu, baina horiek ez dute lortu udalbatzaren babes nahikoa, eta bidean geratu dira beste lau emendakin:
- Autobus urbanoa 15 minuturo egotea
- Iturbideko egoitzako langile azpikontratatutakoen baldintzak hobetzea
- Etxerik ez duten pertsonentzat baliabide egonkor bat sortzea
- Enplegu eta Etxebizitza plan bat
Udal-taldeen balorazioak:
PSOE presupuestoen aurka agertu da, “presoentzako” eta senideentzako hainbat dirulaguntza aurreikusten dutelako. “Hori insolidarioa da beste herritarrekiko eta pribilegioa ematen dio herritarren parte bati”.
Aritz Arrieta zinegotziak azpimarratu duenez, “aurrekontuetan jasotzen diren proiektuak jada udaletxeko kajoietan zeuden edota Diputazioko Fondoan edota E planean. Bide batez, Zapateroren Gobernuari ez zaizkio eskertu E planaren ekarpenak”.
EAJ-PNV-k kritikatu du aurrekontuak alderdien artean negoziatzeko Udal-Gobernuak izan dituen “partehartze eza” eta “denbora eza”. “Hori ez dator bat Gobernu Batzordeak Aurrekontuaren Memorian adierazitako jarrerarekin”.
Gainera Luis Mari Apraiz zinegotziak salatu duenez, “gastu arrunta ez da murriztu, proposatutako inbertsioak ez daude justifikatuta, ez zaio lehentasuna eman ospitale-anbulatorio inguruko aparkaleku faltari, ez dago krisiaren kontrako planik eta Aldundiari 3’3 milioi € itzuli beharko zaizkio”.
Alternatiba-Zutik koalizioak “orokorrean ados” agertu da aurrekontuekin, “proeiktu potenteak aurreikusten dituztelako”. Halere “hobeagoak izan daitezke” adierazi du, eta horregatik zortzi emendakin aurkeztu ditu. Horietako lau onartu ditu plenoak. Koalizio ezkertiarrak kontuan hartu du krisi ekonomikoak udaletxeko arkak nabarmen hustu dituela.
Hala izanda ere, Ander Rodriguez Lejarza zinegotziak azpimarratu du aurrekontuak Ezkerrarekiko koherenteagoak izan zitezkeela. “Are gehiago, kapitalismoak goia jo duela adierazi ondoren”.
Eusko Alkartasunak azpimarratu du aurrekontuek krisiari “aurre egiteko intentzioa” daukatela. Zeregin horretan Udalak zeregin berezia daukala adierazi du talde abertzaleak, herritarrengandik hurbilen dagoen instituzio publikoa baita. “Krisiak gerrikoa estutzera behartu gaitu, nahi baino gehiago gainera”, zehaztu du.
Pello Urizarrek islatu du diru murrizketa orokorra izango dela, baina gai sozialen mesedetan. “Gauza batzuk aurrekontuetatik kanpo geratu dira, baina aurrekontuak ez sostengatzea erantzukizun falta izango litzateke”.
PP ados agertu da Arrasateko Gobernuak aurkeztutako aurrekontuekin, baina ez ditu onartu “presoentzako” eta beraien senideentzako dirulaguntzak aurreikusten dituelako. “Asko sentitzen dut”.
Iciar Lamarain zinegotziak haserre erantzun dio PNV taldeari, ospitale inguruko aparkaleku faltaren harira. “Aurreko agintaldian, hau da, PNV Alkatetza zeukanean eta ospitale berriko proiektua zehaztu zenean, aparkaleku gehiago eskatu genituen. Baina eskaera horri barreekin erantzun zioten orduko PNV-koek”.
Aralarrek 2010eko aurrekontuek proiektu onak dituztela baloratu du. Azpimarratu du gastu soziala mantendu edo zertxobait gora egin duela. Alderdi ezkertiarrak gogoan izan du Iturbide jubilatuen egoitzan azpikontratatutako langileen egoera zein den.
Joxe Etxeberria zinegotziak nabarmendu du Kultura eta beste alor batzuetara bideratuko den dirua murriztu egingo dela egoera ekonomikoaren ondorioz. “Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia berreskuratzeko berandu izango da seguruenik” adierazi du mingostasun puntu batekin.
Erantzunen txandan alkateak (preso ohia dena eta preso baten senide izandakoa) PSOE-PPri erantzun dio udaletxeak euskal preso politikoen senideei ematen dien laguntza sinbolikoa dela. “Laguntza horrekin ez dute dispertsioaren milaka eta milaka kilometroak ordaintzeko bezainbeste, ezta antzik ere”.
Halaber, Ino Galparsorok PNV-ko kritikei zera erantzun die: “Herriak badaki PNV-k ze egin zuen hemengo Gobernuan egon zenean”.
Adierazpenen ostean, bozketaren txanda heldu da. Botazioa bi aldiz egin behar izan da. Lehenengoan berdinketa egon da (9 botona), eta bigarrenean ere, baina horrelakoetan alkatearen botoak bikoitza balio du (kalitateko botoa deitutakoa), eta beraz, aurrekontuen aldeko botoak nagusitu dira.
Adierazpenen ondoren, botatzeko unea heldu da eta ondorengoa izan da bozketaren emaitza: