Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Arrasateko taldearen lan berria ''anitzagoa'' da

Numen: "12 urteren ostean disko berri bat aurkezten dugu, gogotsu"

Basque Country black-metal bezala definitzen da taldea, eta 'Iluntasuna besarkatu nuen betiko' entzungai dago jada. Eurekin izan gara elkarrizketa bat egiten.

595.Numen.OIHANA-GARCIA (id: 4375676)


Bideoa eta bideoklipa: Numen / Argazkiak: Oihana Garcia / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2019ko irailak 27, ostirala

 

 

Numenek orain arte grabatutako azken diskoa 2007koa da. "Ordutik denetarik izan dugu, atseden bat izan da neurri batean, baina lokalean 2007tik aktibo jarraitu dugu".
 
Gainera, "taldekide batzuek beste talde batzuetan parte hartu dugu, eta Numeni dedikatutako denbora laburragoa izan da. Gainera, gure bizitzetan ere beste zeregin batzuk izan ditugu".
 
Kontuan hartzekoa da ere "gure ogibidea ez dela Numen, baina pixkanaka-pixkanaka jarraitu dugu Numenen abesti berriak lantzen", eta gaur lan berria ezagutzera ematen hasi dira Internet bidez.
 
2007ko diskoan "bateriarik ez genuen eta Bixkek ez zuen parte hartu. Bi urteko trantsizio bat izan zen, eta ondoren taldea berriro osatu zen".
 
2011n argitaratutako diskoa berrargitalpen bat izan zen. Izan ere, "diskoaren edizioa Alemaniako diskoetxe batekin adostu genuen, baina porrot egin zuen, eta ondorioz diskoaren edizio bat egin zen espainiar estaturako eta Portugalerako".

  

Horretarako "aurreko diskoetxeari diskoaren eskubideak erosi genizkion. 2011ra arte ez zen mundu osorako ediziorik izan".

 

Parisko Moulin Rouge-n kontzertua eman genuen, eta ondorioz estatu frantziarreko Ladlo diskoetxeak edizioa eskaini zien. Disko berria berarekin argitaratu dute.
 
"Disko berriak aurreko diskoetako ildoari jarraitzen dio, black metal azkarra egiten jarraitzen dugu, melodia eta une epiko askorekin".
 
Lan berriak "ñabardura eta kolore gehiago ditu, disko anitzagoa da eta orokorrean lan borobilagoa". Izan ere, "12 urte ez dira alferrik pasatzen".
 
Letrek "euskal nortasun paganoa aldarrikatzen dute. Guri lapurtu zizkiguten pentsamolde bat, erlijio askatasuna,... Naturarekiko sinesmen horiek ezabatu zizkigutenen kontrako letrak dira".
 
"Hortik abiatuta, gizarteko alde ilunenak aipatzen ditugu, besteak beste, beldurrak, heriotza, sineskeriak, ezezagunarekiko errespetua,...".
 
'Lautada izoztuetan' abestiak eta bere bideoklipak kritika onak jaso ditu "lagunen artetik, email bitartez zoriondu gaituzte,... Batzuek esaten digute betiko Numen garela eta gure itzulerarekin pozik daudela".
 
Josu Letona 'Otuto', aurreko baxujoleak adibidez "esan zigun hasieran abestia arraroa iruditu zitzaiola baina hainbatetan entzun ostean oso ona iruditzen zaiola. Baita hobetu dugula ere".
 
Youtube bitartez ere kritikak jaso dituzte: "Entzule batek idatzi zigun esateko aurreko diskoa asko gustatu zitzaiola baina kantu berriarekin aspertu dela. Denetarik dago, kritika onak eta txarrak".
 
Alemaniatik, frantziar eta espainiar estatuetatik elkarrizketak egin dizkieta Numeni, eta "kritika oso onak jaso ditugu. Guk publiko fidela daukagu, eta baliteke garrantzitsuena izatea batez ere bere iritziei erreparatzea".
 
"Jarraitzaile batek esan digu disko berria 90. hamarkadako black-metala gogora ekarri diola, hau da, musika estilo onen garai onenari".
 
Disko berria aurkezteko hainbat kontzertu hitzartu dituzte: azaroaren 16an Donostian, handik bi astera Zaragozan, abenduan Nantesen eta Parisen, eta litekeena da Katalunian eta Salamancan ere jotzea.
 
"Arrasaten ere jo nahi dugu, berandu baino lehen, gure jendeari kontzertu bat zor diogu. Handik eta hemendik eskaera asko jaso ditugu, eta oraingoz aukeraketa bat egin behar izan dugu".
 
"Gura dugu Gasteizen, Iruñean eta Bizkaia aldean ere jotzea, baina ez dugu gure agenda kontzertuz goraino bete nahi, hori ez da gure helburua".
 
Kontuan hartzekoa da "taldekideok baditugula karga familiarrak, beste proiektu batzuk, zereginak,...".
 
Bideoklipa jada ikus-entzungai dago, "guk hemengo jendearekin hemen egindako bideoklipa da, gure baliabideekin egina. Pozik gaude emaitzarekin".
 
"Eskandinaviako taldeek hango fiordoetan bideoak grabatzen dituzte, hango paraje ederretan. Gure bideoklipeko paisaiek (Anboto, Albina, Udalatx,...) ere ikus-entzule batzuen atentzioa piztu dute. Gu basoaren semeak gara".
 
Grabazioa ez da erraza izan: "Abentura handia izan da: eguraldiaren menpe egon gara, grabazio ekipoa mendira igo behar izan dugu,... Batzuetan egun osoko grabaketa bideoklipeko 2 segundo soilik suposatzen dute...".
 
"Esperientzia oso kañeroa izan da, alderik alde ibili gara, eta aipatzekoa da Iban Toledoren papera, produkzioan besteak beste, On Produkzioak ekimenaren bitartez".

 

Bideoklip honek aukerak ematen ditu "Euskal Herriko paisaien irudiak nazioartean zabaltzeko, nolabait Basque Country marka ezagutzera ematen dugu". Euskararen berri ere ematen dugu nazioartera salto egiten dugunean". 

 
Disketxearen lana ere azpimarratu du Numenek:
"Gu Euskal Herriko eszenatoki ofizialetik kanpo ibiltzen gara, eta ondorioz Euskal Herritik at joan behar izan dugu disketxe bat aurkitzeko".
 
Zentzu horretan, "aldarrikatu behar dugu Euskal Herrian inor gutxik errazten dizkiola gauzak Numen bezalako talde bati, eta beraz kanpora joan behar dugu". 

 
Numeneko taldekideek eskerrak eman dizkiete
"beti bezala lagundu gaituzten pertsona guztiei, eta eurek badakite nor diren. Black Storm estudioko Ekaitz Garmendia horien artean dago, berak diskorako nahasketak egin zituen".

 

"Eskerrik asko ere Eibarko Walter teknikoari, Iban Toledo bideokliparen zuzendariari bere profesionaltasunagatik, eta diskoan nahiz bideoklipean parte hartu duten pertsona guztiei".
 
"12 urteotan pertsona askok parte hartu dute, eta musika gure ogibidea ez den arren, eta Numenen jarduera oso astuna izan ez den arren, 1997tik darama taldea".
 
Numen gogotsu dago diskoa ezagutzera emateko, baita kontzertuak emateko ere. "Egin dugun lanaren fruituak jasotzeko garaia dugu". Disko osoa jada entzungai duzue. Egurre Numen!

 



EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE