Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Goieskolak betetako hamarkadari errepasoa eman diote
Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren Elkarteko kideak Kulturaten bildu dira, eta orain arte egindako ibilbidea errepasatzeaz gain, “Goieskola 10 urte” aldizkaria ere aurkeztu dute.
Isei Barbero / 2012ko maiatzak 15, asteartea

 

300 (id: 8565892)Goieskolak, Debagoieneko Euskal Eskola Publikoen Elkartea, 10 urte betetzen ditu aurten;  hori dela-eta, gaur -maiatzak 15- azken hamarkada honetan egindako ibilbidea errepasatu dute proiektu horren sortzaileek.  Kulturateko Loramendi aretoan Debagoieneko irakasle ugari bildu da, eta Kepa Altubek burutu ditu hizlari lanak.

 

Hastapen garaiak ekarri ditu gogora Altubek, eta “administrazioak erakunde eraginkorra izateko jartzen dituen oztopoak eta mugak gainditzeko” jo du sorrera horren arrazoietako bat.  Era berean, D ereduaren alde lan egitea beste gakoetako bat izan dela ere gaineratu du, eta baita ikasleak “estaturako automatak ez izatearen” alde lan egitea ere. 

 

Administrazioaren menpean dagoen eskolaren mugak gainditu, eta autonomia eta izaera propioarekin aurkeztearen garrantziaz ere berba egin dute.  “Hezkuntza ez da gobernu edo estatu baten txanpona, gizartea eraikitzeko ezinbesteko tresna baizik; ez ditugu estatuak nahi dituen ikasle ereduak bultzatuko, gizarteak jarritako erronkei aurre egingo dioten pertsonak baizik”, azpimarratu dute.

 

Bestetik, eta hastapen garai horien helburuak alde batera utzita, 10 urteko plan-lanari ere errepasoa eman diote.  Besteak beste, urte hauetan guztietan gauzatutako proiektu batzuk ekarri dituzte gogora:  2002-2003 ikasturteko Goieskola Hezkuntza Proiektuaren aurkezpena, 2007-2008ko Atzerritarren integrazioa eta Hizkuntza Bateratuen trataera esperientzien jardunaldia, edota 2009-2010eko IKTB eskolan eta familian izeneko jardunaldiak.

 

Era berean, etorkizuna izan dute hizpide gaurkoan; eta, zentzu honetan, datozen urteetarako erronkak ere finkatu dituzte:  familiaren pare-hartzea handitu, ikastetxeetako antolakuntza egokitu, berritze-gunearen zerbitzua aprobetxagarria egin, ilusioa eta hobetzeko gogoa ikastetxetara zabaldu, epe luzerako plana zehaztu, eta formazio bateratuaren diseinua egin.  Gaur egun Goieskolak 620 langile ditu, 5.891 ikasle, eta beste 5.267 guraso.

 

 

Aldizkaria

 

Era berean, gaurko agerraldia "Goieskola 10 urte" aldizkaria aurkezteko ere aprobetxatu dute, Debagoiena osoan 5.500 ale banatuko dituztela.  Eskolan egiten duten lana erakutsi eta konpartitzea omen da proiektu honen helburu nagusia, “Eskola Publikoaren oihartzuna handituz”, esan du Altubek.  Testuinguru honetan, “Debagoieneko Eskola Publikoan egiten diren praktika pedagogikoak hezkuntzaren onerako egiten dioten ekarpenen mamia bildu eta ondare hau zabalduko dugu”, gaineratu du.

 

Dena den, gaurko aurkezpenean Peru Abarrategi eta Peio Arriolabengoa bertsolariak ere aritu dira, eta horiekin batera Maddi Etxabe eta Lierni Etxeberria dantzariak ere.  Une horretan bizi izan da goizeko unerik hunkigarriena, Goieskolako sortzaileei omenaldia egin baitiete.  Zuzendari ohiek oroigarri bana jaso dute, tartean Arrasateko Ramon Osinaga eta Agurtzane Etxabe.  “Izan zirelako, izan ginen eta gara, garena garelako izango gara”, esan du Kepa Altubek.

 

Azkenik, hilaren 18an Antzuolan ospatuko den Debagoieneko Joku eta Jolas Tradizionalen X. topaketak aurkeztu dituzten, eta baita Euskal Eskola Publikoaren XXI. Jardunaldiak.  Azken hitzordu hau Zarautzen izango da, kainaren 10ean, hain justu ere.  Ondoren, “Euskal Eskola Publikoa Haratago” dokumentuaren aurkezpena egin du Xabier Mendizabalek.

 

590 (id: 8542495) Goieskolako sortzaileek omenaldia jaso dute.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE