Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
MONDRAGON UNIBERTSITATEA
Graduondoko titulurik preziatuena
Mondragon Unibertsitateak eta Gipuzkoako Ganberak hitzarmena sinatu dute Executive MBA Masterra abian jartzeko Donostian
 

Ø      Bi erakundeek gaur sinatu dute MBA Executive Masterra, unibertsitateen eta negozio-eskolen masterrik preziatuena, abian jartzeko hitzarmena. Gutxienez bost urteko esperientzia duten profesionalentzat izango da Masterra

  

Ø      Tituluaren helburua profesionalen eta zuzendarien gaitasunak hobetzea da. Horrela, batetik, lurraldeko enpresen lehiakortasuna garatzen lagunduko da eta, bestetik, gaur egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko tresnak emango zaizkie ikasleei

 

Ø      Executive MBA Masterra 520 ordukoa izango da. 2009ko urrian hasi eta ekainean amaituko da. Gipuzkoako Ganberaren egoitzan emango da ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan, zuzendarien parte-hartzea errazteko

214.c (id: 6322835)

   

Donostia, 2009ko maiatzaren 26a.

   

Mondragon Unibertsitateak eta Gipuzkoako Ganberak Executive MBA Masterra urritik aurrera abian jartzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Masterra profesionalentzat eta zuzendarientzat da, eta unibertsitateen eta negozio-eskolen graduondokorik preziatuena da. Donostian emango da, 2009/2010 ikasturtean hasita. Bestalde, bi erakundeek esperientzia handia dute profesionalak eta zuzendariak prestatzen eta, berriro ere, bat egin dute lurraldeko enpresa-arloa indartzeko apustu estrategiko honetan, lanean dauden profesionalak prestatuko baitituzte. Masterraren helburua profesionalen gaitasunak garatzea da, enpresa-kudeaketa eraginkorragoa izan dadin. Horrezaz gain, gaur egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko tresnak ere emango dizkiegu, bestelako ikuspegiak eta ezagutzak landuko dituzte eta.

 

Izan ere, graduondoko programaren helburuak honakoak dira: enpresen eta enpresen kudeaketarako arlo nagusien osoko ikuspegia ematea partaideei; berrikuntza eta aldaketa bultzatzea jarrera pertsonal eta profesional gisa; eta buruzagitza-ahalmena garatzea, horretarako behar diren trebetasunekin eta gaitasunekin, enpresa-proiektuak aurrera eramateko ezinbestekoak diren aldetik. Laburbilduz, profesionalen artean berrikuntza eta ekintzailetza sustatzea da helburua.

 

Krisiari aurre egiteko masterra.

 

MBA Executive Masterrak jarraipena izango du eta, beraz, edukiak unean uneko beharretara egokituko dira. Gaur egun, krisi ekonomiak aldatu egin du enpresen jarduera-ingurua. Hori dela eta, enpresetako arduradunek, inoiz baino gehiago, zalantza eta aldaketa ekonomiko ugariko egoeran aritu behar dute. Gainera, aipatutakoaz gain, testuingurua guztiz lehiakorra da.

  

Horregatik, zuzendariek buruzagitzarako gaitasun handia behar dute, taldeak proposatutako helburuetara bideratzeko. Ildo horretatik, gaitasun analitikoa behar dute, egoera konplexuei erantzuna emateko. Ezinbestekoa dute komunikatzeko gaitasuna eta osoko ikuspegia izatea, zuzendaritza-jarduera garatzeko ezagutzak eraginkortasunez, sormenez eta gizarte-erantzukizunez erabiltzeko.

 

Hain zuzen ere, Executive MBA Masterra horretara dago bideratuta: partaideak eraginkor aritzea bilatzen du, bai inguru honetan, bai bestelakoetan, ingurua oso zaila, zalantzaz betea eta guztiz aldakorra delako.

 

Programa

 

Programaren zuzendaritza eta tutoretza akademikoa Mondragon Unibertsitateak izango ditu. Izan ere, 10 urte baino gehiagoko esperientzia du graduondoko prestakuntzan eta 20 titulu eskaintzen ditu. Esate baterako, iaz 454 ikasle aritu ziren unibertsitatearen graduondokoetan eta hirugarren zikloan. Bestalde, Gipuzkoako Ganberak esperientzia handia du zuzendariak prestatzen. Iaz, 700 zuzendari izan zituzten prestakuntza-programetan.

 

Ildo horretan, diziplina anitzeko irakasle-taldea izango dute: unibertsitateko irakasleak, aholkulari adituak eta enpresa-arloa gertutik ezagutzen duten esperientzia handiko enpresariak. Bestalde, metodologia elkarreragilea erabiliko dute, ikasleen parte hartzea bultzatuko baita, protagonistak izan daitezen. Proiektuak banaka eta taldeka landuko dira, partaideen artean lankidetza eta bateratze-lana sustatzeko. 

 

Masterrean, 20 profesionalek parte hartu ahal izango dute, unibertsitate tituludunak eta, gutxienez, bost urteko esperientziadunak. Masterrak lau atal nagusi izango ditu guztira:

1. Lehen atala: Inguruaren eta Enpresaren azterketa. Estrategia, marketin, finantza, giza baliabide eta eragiketen arloak aztertuko dira.

 

2. Bigarren atala: Zuzendaritzarako eta Buruzagitzarako Trebetasunak. Horretarako, hiru eguneko bi egonaldi antolatuko dira, etorkizuneko buruzagiek izan behar dituzten gaitasunak jorratzeko.

 

3. Hirugarren atala: Nazioarteko Testuingurua. Partaideek aukera izango dute astebeterako herrialde emergente batera joateko, bertako errealitatea ezagutzeko. Horrela, prestakuntza eta enpresa-esperientzietako ezagutzak bateratuko dituzte.

    

 4. Eta, azkenik, laugarren atala: Master Amaierako Proiektua. Partaideak erabili eta finkatu egin beharko du aurreko faseetan ikasitakoa. Bakoitzak bere proiektua aurkeztu beharko du, banaka, eta irakasle baten tutoretza izango du. Ikasleak aurkeztu eta defenditu egin beharko du proiektua.

Masterra Gipuzkoako Ganberaren egoitzan emango da, ostiral arratsaldetan (15:30etik 20:30era) eta larunbat goizetan (9:00etatik 14:00etara). 2009ko urriaren 16an hasi eta ekainaren 26an amaituko da. Master Amaierako Proiektuak abenduan defendituko dituzte. Masterrak 12.750 euroko kostua da. 

   


Datuak

Ø  Izena ematea: Ekainetik irailera

Ø  Irakastaldia: 2009ko urriaren 16tik 2010eko ekainaren 26ra.

Ø  Ordutegia: Ostiraletan, 15:30etik 20:30era eta larunbatetan, 9:00etatik 14:00etara.

Ø  Tokia: Gipuzkoako Ganbera.

Ø  Plaza kopurua: 20 

Ø  Gipuzkoako Ganberaren informazio-telefonoa: 9433 000 279 

Ø  Mondragon Unibertsitatearen informazio-telefonoa: 943 718 009

Ø  Prezioa: 12.750 euro


www.mondragon.edu

www.camaragipuzkoa.com

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE