Erakusketa irailaren 8an inauguratuko da, asteazkena, eta 10era arte egongo da zabalik. Egitasmoaren aurkezpena gaur egin dute Debagoieneko Mankomunitatean, eta bertan Mikel Orobengoa, Koldo Azkoitia eta Angel Etxabe izan dira.
INEM-eko ordezkariek azpimarratzen dute langabezia-txartela berritzearen garrantzia. Bestalde, euren aurreikuspenen arabera Lan Erreformak “ez du eragin nabarmenik izango Arrasateko egunerokotasunean”.
E.G./Mondraberri, otsailak 26
Marimendi elkarte kideek “Emakumea eta Mendia” izenburupeko hitzaldia eskainiko dute gaur, otsailak 27, Kultur Aten, arratsaldeko 19:00etan. Besteak beste, 2006. urtean Mont Blanc era burutu zuten espedizioren nondik norakoak azalduko dituzte ikusentzunezko saio baten bitartez eta uztailean Elbrusera burutuko duten espedizio berriaren gainean ere, arituko dira. Guzti honen inguruan, Gema Zubizarreta Mari Mendiko partaide altxabaltarrarekin izan gara solasean.
Nolatan eta zerk bultzatuta sortu zenuten Marimendi elkartea?
Mari Mendi elkartearen sortzaileetako bat Marian Arin izan zen.
Marian Alpeetara joaten zenean, ohartu zen apenas ikusten zela emakumerik mendian eta are gehiago, gure adinekoak (berrogei urtetik gorakoak). Hori horrela izanik, eta Euskal Herrian mendian ibiltzen garen adin honetako emakumeak egon bagaudela jakinik, horren inguruan tanteatzen hasi zen eta talde bat sortu zen.
Gainontzeko partaideok Marianen inguruan bildu ginen, nolabait, bera izan zen ardatza. Bestela esanda, Marian izan zen ideia igorri zuena, beste bi taldekidek bat egin zuten ideiarekin eta pixkanaka taldea osatzen joan ginen eta aldi berean, guztiok ere proiektuarekin ilusionatzen.
Gaur egun zenbat emakumek osatzen duzue taldea?
2006. urtean Mont Blanc mendia igo genuenok 19 izan ginen, horietatik batek taldea utzi zuen eta gainontzeko hamazortzirok elkarrekin jarraitu dugu urte térdi honetan. Euskal Herri osoko eta berrogeita bi urtetik hirurogeita zazpi urte bitarteko emakumeok (bizpahiru arabar, nafar bat momentu hauetan, sei gipuzkoar eta gainerakoak bizkaitarrak) osatzen dugu taldea. Iparraldeko ordezkaririk ez dugu eta orain dihardugu bertoko ordezkariren bat lortzeko saiakeran, zailagoa da, baina, baditugu zenbait kontaktu.
Hala nola, Pirineotan elkarrekin ibili gara, irteerak eta bilerak elkarrekin burutzen ditugu... Jende berria ere, inguratu da gure taldera.
Guk Mari Mendiko partaide izateko hiru baldintza ezartzen ditugu: emakumea izatea, adinari dagokionez, berrogei urte edo gehiago izatea eta azkenik, euskaraz hitz egitea.
Hitz urritan, hiru ezaugarri horiek, hau da, emakumea izatea, adin tarte horretan eta aisialdia, aldarrikapen moduan helerazi nahi dugu, baina, ez aparteko gauza bat moduan. Alderantziz, aldarrikapen apala da geurea, gure neurrikoa.
Gure asmo edo erronken artean ez dira aurkitzen orain, lau milako mendi bat igoko dugula esatea, ondoren, bost milako bat eta hurrena, zortzi milako bat. Alderantziz, aldarrikapen honekin zarata pixka bat ateratzea baino ez dugu nahi, gure adineko emakumeengana iritsi eta nolabait, aisialdia, emakumea eta mendiaren erreferentzia eskaintzea.
Azken finean, guk geuk ere, hainbat gauza egitea posible dela ondorioztatu eta erakutsi diogu gizarteari eta ez direla inondik inora, aldrebeskeriak. Funtsean, ilusioak, guztionak dira, inongo sexu bereizketarik gabe.
Oro har, eguneroko bizitzan gure adineko emakumeak ez dira hizpide izaten burutzen dituzten jarduerak tarteko edo ez dituzte egunkarietako orrialdeak betetzen aurrera eramaten dituzten ekintzak direla eta; sarritan, zoritxarreko kontuekin lotuta agertzen dira. Hori dela eta, nolabait zarata pixka bat atera gura genuen inguru horretan.
Mari Mendiko elkarteko partaide izateko baldintzetako bat euskaraz hitz egitea dela aipatu duzu...
Bai. Nire kasuan, bereziki animatu ninduen arrazoia horixe bera izan zen, Marianek hasieratik iradoki zuen ideiarekin bat zetorrena, hain justu. Euskaldunak gara eta zergatik ez bizi bizipen hau euskaraz? osterantzean, bizitzako hainbat esparrutan ez baitugu horretarako aukerarik.
Zer nabarmenduko zenuke 2006. urtean Mont Blancera eginiko espedizioaren inguruan?
Guk Felipe Uriarte buru zela, bere mendi gidari zein antolaketarekin burutu genuen Mont Blanc erako espedizioa, hots, programa bati lotuta. Honen harira, alde teknikoari, epeei eta entrenamenduei erreparatuz, nahiko ongi prestatuak geunden eta aholku guztiak izan genituen eskura.
Mont Blanc igo aurretik, lau milako hiru mendi igo genituen Saz bailaran (Suitzan) bertako girora moldatzeko. Ondoren, Mont Blanc lau taldetan banatuta eta Frantzia zein Italiatik abiatuta hiru egunetan igo genuen lau bide desberdinetatik. Bide bakoitza maila desberdinekoa da, bide batzuk teknikoagoakk dira. Zentzu horretan, batzuek bizpahiru gau pasa zituzten aterpetxean eta beste batzuek, egun bat gutxiago.
Ordubete eskasen buruan, lau taldeak gailurrean bildu ginen eta zinez arrakastatsua izan zen igoera. Esan beharra dago, eguraldia ere lagun izan genuela.
Aparteko zailtasunik eduki al zenuten Mont Blanc eko igoeran?
Ez noa esatera ahaleginik egin gabe burutu genuenik, hori aipatzea gezurra esatea izango bailitzateke. Funtsean, pentsatzen dut oso mentalizatuta eta aldi berean, motibatuta geundela. Mari Mendiko partaide guztiok guztia emateko prest joan ginen eta geure artean ere ez genuen elkarrekiko hitz zatar bat bera ere izan.
Gidarien aholkuak eta aginduak jarraitu genituen uneoro, disziplina handiarekin jokatu genuen.
Mont Blanc eko espediziotik oroimenean gorderik duzun une edo irudiren bat?
Nik Gouterretik igo nuen Mont Blanck ez baitnaiz lau milakoetan ibili, hots, bide ohikoenetik. Aldez aurretik irakurria nuen bide hori nolakoa zen eta modu berean, jakin banekien 1953 edo 1954an Euskal Herritik sei gizonezko mendizale joan zirela estreinekoz espedizioan Mont Blanc era. Hain zuzen ere, bide hori (Gouter) lau mila metro ingurura iristen den lekuan, sei mendizale horietatik bostek bizia galdu zuten ekaitz baten ondorioz, galdu ondoren.
Hori jakinik eta egunsentian, eguzkia irteten ari zenean, eurak gogoratzeak halako sentimendu bat eragin zidan, hitzez azaldu ezin daitekeena. Beste momentu gogoangarri bat, noski, uztailaren 22an, Madalena egunez, gailurrera iritsi ginenekoa izan zen.
Zer nolako aldez aurretiko prestaketa eskatzen du gisa honetako espedizio bat prestatzeak?
Mentalizatuta egon behar izateak berekin dakar disziplina bat eramatea. Hau da, bizpahiru hilabete lehenago ekin izan ohi diogu prestaketari. Dena den, urte osoan zehar ibiltzen gara mendian.
Aurrez aipatutako programa jarraitzen dugu. Programa honen baitan, hiru astetik behin Mari Mendiko partaide guztiok elkarrekin batera egiteko mendi irteerak finkatuta daude. Irteera horietaz gain, guk geuk ere irteerak proposatzen ditugu. Dena den, ez datza asteroko disziplina batean, osterantzean, oso nekagarria gertatuko litzateke.
Horretaz gain, prestaketa norberak bere burua kontuan izanik moldatzen du. Askotariko kiroletan jarduten dugu: taitxia, bizikleta, gimnasioa, korrika...
Mont Blanc eko espedizioa prestatzeko garaian, trabesia ugari burutu genituen.
Horretaz gain, bestelako teknikak menperatu beharko zenituzten, ezta?
MontBlanc eko espedizioaren kasuan bai. Gainera, gutariko askoren kasuan, esperientzia berri berria izan zen: pioleta, arnesak, sokak ... erabiltzen ikasi genuen.
Teknika horiek menperatzeko, Pirineotara joan ginen, elurretan ibili ginen, ideia hori hartzeko, norainoko soka eraman behar duzun, zer den kordada baten ibiltzea... Ez daukagu maila tekniko ikaragarria, baina, ideia orokor bat bai.
Zuen lorpenak komunikabideetan behar besteko ohiartzuna izan zuela iruditzen al zaizu?
Denetarik egon zen, baina, nire ustez, euskal komunikabideak ondo portatu ziren. Hainbat aldiz telebistan agertu ginen, irratian, goizeko bederatzietan gailurrera iritsi ginenean, zuzenean, Euskadi Irratiak gure irrintzia bota zuen, gurekin hitz egiten egon ziren, ordutebeteko saioa eskaini ziguten, ezin da gehiago espero.
Uztailean Elbrusera ( 5642 metro ) antolatu duzuen espedizioaren inguruan, zer aurreratu dezakezu?
Oraindik ere, emakumeengana iristeko nahiak bultzatuta, jarraipen bat ematea pentsatu dugu 2006. urtean ekindakoari. Nahiz eta denbora honetan, Pirineotara joaten jarraitu dugun, 2007. urtean, ez genuen horrelako espediziorik antolatu, nahiko lanpetuta ibili ginelako alde batetik bestera hitzaldiak ematen. Gainera, ez da urtero burutu daitekeen zerbait, aurrekontuak ere hor baitaude.
Elbrusera uztailaren 15- 16an joango gara eta uztailaren 25 – 26an bueltatzea aurreikusten dugu.
Zeintzuk dira mendi honetan aurkituko dituzuen zailtasun esanguratsuenak?
Elbrus, Europako gailurrik garaiena da; Europa eta Asiaren artean partekatua.
Alde teknikoari begiratuz, eta Mont Blanc ekin alderatuz, azken honek bide zailagoak dituela diote. Elbrusek, aldiz, altuera askoz gehiago du.
Behin 5000 metrotik gora aurkitzen garenean, hotza handia izango da. Izan ere, kontuan izan behar da mendikate guztia 4000 metro ingurura dagoela eta honek 1000 metro gehiago igotzen ditu. Garaiera honetan, Kaukaso aldeko haize korronte guztia izango dugu etsai, haize hotz eta zakarrak izaten omen dira. Hotza izango da gure beldurrik handiena.
Horretaz gain, azken eguna, oso gogorra izango da, desnibel handia dagoelako. Lehenago, aterpetxe bat zegoen 4100 metro inguruan, baina, erre egin zen eta errusiar gobernuak ez du berriztatu. Ondorioz, derrigortuta gaude 3700 metrotan lo egitera eta horrek esan nahi du azken egunean burutuko dugun igoera tartean laurehun metro gehiago gehituta izango ditugula. Honenbestez, ordu asko izango dira, ia 1800 metro igo beharra, izotza ere egongo da...
Hala ere, gu saiatu egingo gara eta gure helburua partaide guztiok gailurrera iristea da. Ez badugu gailurra lortzen, ez da ezer gertatzen.Guretzat garrantzitsuena, saiatzea baita, gailurra, ginda litzateke.
Informazio gehiago: