Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Iñigo Alzola mendi-lasterkaria Espainako Kopan

"Frontalarekin, euripean,... entrenatzeak mentalki ere gogortzen zaitu"

Arrasatear gaztea euskal selekzioarekin Espainiako Kopan parte hartzen dabil. Lehiaketa honetan "nire helburua da nire onena ematea, ikasten joatea eta gozatzea".

595.Iñigo.Alzola.Mendi-lasterkaria19 (id: 815107)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko martxoak 15, ostirala

 

 

- Espainiako Kopako lehen lasterketan parte hartu duzu, zelan joan da?


- Asteburu ederra izan zen, selekzioko kide berriekin. Itzultzeko gogotsu nago, eta entrenatzen gogor nabil, uste dut merezi duela. Gauzak ikasteko aukera ematen dizkit, pertsona bezala hobetzeko, fisikoki hobetzeko ere.


Lasterketari berari dagokionez, ibilbidea ez zen niretzat egokiena: igoera laburrak ziren, ez aldapatsuak, eta jaitsiera nahiko teknikoak, harri solte askokoak, Mediterraneo inguruan, giro lehorrarekin eta bero. Martxoaren hasieran jokatu zen, eta guretzat goiz zen.


Ez nintzen gaizki sentitu baina ezta eroso-eroso lasterketan zehar ere. Hogeita eta koskagarren postuan nenbilen, baina beherakada izan nuen, eta nazkatu egin nintzen. Ez zen izan amestutako hasiera, baina oro har asteburuarekin pozik nago, eta hobetzeko gogoz.


- Zein da zure helburua Espainiako Kopan?


- Maila ona da hemen bailara mailan, Nafarroako datorren lasterketan ere maila oso altua dago, baina hemendik irtetean ikusten duzu maila altuagoa dagoela. Mundu mailan are altuagoa izango da.


Ez dut helburu irabaztea, gura dut nire onena ematea, ikasten joatea eta aukera hau baliatu, gozatu. Egunen batean Espainiako Kopako lasterketa bat irabaztea tokatzen bada, edo podiumera igotzea tokatzen bada, ondo, baina ez zait horrelakorik bururatzen. Hori orain egingo banu, ez nintzateke errealista izango. Nahiago dut errealista izatea.

 

- Alde handia dago bakarka lehiatzearen eta selekzio batean lehiatzearen artean?

 

- Nik orain arte talde batekin korrika egin izan dut. Korrikalariak klub batean federatu beharra dauka, eta taldekide bezala lehiatzen du. Adibidez gu hala parte hartu genuen iaz Euskal Kopan, eta puntuazioa taldekakoa da.


Hala ere, kirol oso indibiduala da, norberak norberaren egutegiari begiratzen dio, norberari komeni zaion lasterketetan parte hartuz. Aurten aukera izan dut euskal selekzioarekin Espainiako Kopan parte hartzeko, eta oraingoz lasterketa batean parte hartu dugu, baina ez da txirrindularitzan bezalako talde-lana.


Euskal selekzioak talde oso polita dauka, harreman oso onak ditugu, hasiberriei arrera oso ona egin digute. Lasterketaren asteburua plazer bat izan zen.


- Noiz izango da Espainiako Kopako datorren lasterketa?


- Asteburu honetan egitekoa zen, Kantabrian, baina bertan behera geratu da. Antza federazioen arteko arazo bat izan da. Orain direla aste batzuk bertan behera geratzear egon zen, baina orduan ibilbidea aldatu zuten, 38 kilometroko ibilbidea 28ra murriztu zuten. Nik atzo jakin genuen bertan behera utzi dutela.


Euskal korrikalariontzako Kantabriakoa zen Espainiako Kopako lasterketen artean egokienetako bat. Izan ere, Euskal Herriko orografia, klima,... antzekoa zuen. Eguraldi euritsua aurreikusten zen, lokatza beraz, 28 kilometroko distantzia,...


Horren ordez, Nafarroako lasterketa batean parte hartuko dugu, eta eskerrak ematen dizkiogu Antolakuntzari, lasterketan lekua egin digutelako.


Pena bat izan da selekziokoentzat Kantabriakoa bertan behera uztea, baina aurrera egin behar dugu eta kopako datorren lasterketa Malagan izango da, apirilaren 7an. Ondoren, itzuli egingo gara, Kanpetzura (Arabara) maiatzaren 5ean. Granadan ekainaren 16an izango da, eta kopako azken lasterketa Zumaian izango da, maratoia. Tartean, Espainiako Txapelketan parte hartuko dugu, Otañes-en (Kantabria) maiatzean.

 

- Zenbat egun entrenatzen dituzu astean?

 

- Sei egun, eta egun bat atseden. Hiruzpalau egunetan korrika egiten dut, eta beste bizpahiru egunetan bizikletan ibiltzen naiz. Izan ere, bizikletak errekuperatzen laguntzen du.


Aurten denboraldia lehenago hasi da, baina mendiko eskia oso gustuko dut. Asteburu batzuetan joaten naiz, aurtengo negua elurretarako oso ona izan ez den arren. Bestela asteburuetan egun bat korrika eta bestea bizikleta egiten ditut.


- Non entrenatzen duzu korrika egitean?


- Entrenatzaile bat daukat, Ander Garmendia, eta berak plangintza oso ondo egiten dit. Asfaltoko eta mendiko entrenamenduak zehazten dizkit, eta mendikoen artean, gorabeheratsua, bertikala, teknikoa,... izan daitezke entrenamenduak. Horren oinarriturik, nik ibilbidea aukeratzen dut.


Anporreta aldean korrika egiteko gune onak daude, pista zabalak eta ez oso teknikoak, eta beraz entrenatzeko leku egokia da. Entrenamendu teknikoagoak Udalaitzen, Aizkorrin,... Inguru honetan aukera aproposak ditugu.

 

595.Iñigo.Alzola.Mendi-lasterkaria19.Monterronen (id: 854103)


- Entrenatzaileak elikadura zehazten dizu?


- Ez, gai horretaz behin hitz egin dugu, eta berak dio elikadura zorrotz bat buruari traba handiegia jartzea izan daitekeela. Onuragarria izan ez daitekeela. Kontuan hartzekoa da gu lehenbizi langileak eta pertsonak garela, eta mendiko korrika gure zaletasuna dela.


Nire burua zaintzen ahalegintzen naiz, aste barruan gehien bat, baina zoratu barik. Elikaduraz asko dakiten lagun batzuk ditut, eta eurengandik ikasten dut. Adibidez normala da entrenamendu baten ostean gehiago jatea. Ni gainera zorionekoa naiz, berez argala naizelako eta ez dudalako erraz gizentzen. 

 

- Nola prestatzen zara mentalki lasterketa hain gogorrak egiteko?

 

- Nik ez dut prestatzen, eta baliteke prestatu behar izatea. Nire ezaugarri onenak dira esplosiboa naizela, eta beraz distantzia gutxieneko lasterketak oso egokiak zaizkit. Izan ere, gorputzak ez ditu gorabehera handiak izaten, Anbotoko Bertikalean edota Antzuolan esaterako. Horrelakoetan gorputza sasoiko dago, badakizu gorputzak ondo erantzungo dizula.

 

Hala ere, orain zentratu naiz bi ordu baino gehiagoko lasterketetan, eta ohikoa da lasterketan ordu eta erdi igarota gorputzak makalalditxo bat izatea. Holakoetan buruak garrantzi gehiago hartzen du, eta bizpahiru lasterkarik aurreratzen bazaituzte, buruak transmititu ahal dizu "ez noa ondo, ez noa ondo". Hori sinesten baduzu, ez zara ondo joango.

 

Nik ikasi beharra daukat une zail horretan pentsatzen "borrokatu behar dut bukaerara arte", eta bi lasterkarik aurreratzen banaute, beste zortzik ez dezatela gauza bera egin. Beherakada horietan mentalki gogorragoa izan behar dut.

 

- Eta hori nola lantzen da?

 

- Ez dakit nola landu, baina mentalki gogorra izan behar da kirol indibiduala delako, hemengo negu gorrietan egunero entrenatzera irteten garelako (batzuetan euripean, frontalarekin), ...


Egia da ere urteko erronkek motibatzen nautela eta kirol hau gustuko dudala, baina buruz gogorra izan behar duzu bizikletan 3 ordu eta erdiko entrenamenduak bakarrik egiteko. Horrelakoetan buruari buelta asko ematen zaizkio, eta burua lantzen duzu.


Lasterketa batzuetan lasterketako buruan zoazela uste duzu, baina bat-batean ohartzen zara zure aurretik korrikalari asko doazela. Holakoetan normala da norberak beherakada izatea, baina ez dut etsi behar, eta hori ikasi behar dut. Batzuetan irabaztea ez da guztia, eta disfrutatzearekin nahikoa izan beharko genuke.

 

- Arrasate-Udalatx lasterketako antolatzaile ere bazabiltza.

 

- Bai, honezkero azken prestaketekin gabiltza. Hilabete bat falta da. Edizio guztietan erantzun oso ona izan du, bai ikusleei bai parte-hartzaileei dagokienean. Antolakuntzan ilusioarekin jarraitzen dugu. Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta eskarmentua daukagu. Gainera laguntzaile asko eta prestuak ditugu.


- Gailurra Xtreme saioa du eskaini du ETB1ek, zer deritzozu?


- Nik kirol hau niretzako zerbait bezala hartzen dut, eta ez zait ondo edo txarto iruditzen. Kirol honen inguruan kriston 'boom' bat dago, eta horrek jokoa ematen du, jendea mendira animatzeko.  Ez dut Gailurra Xtreme askotan jarraitu, eta beraz ez daukat horren inguruko iritzirik.


- Zerbait gehitu nahi duzu?


- Aukera ederra suertatu zait aurtengo urtera begira, eta zentzu horretan pozik nabil, ilusioz eta motibatuta. Ea tamainan parte hartzen dudan, eta ea gozatzen dudan, hori delako garrantzitsuena.

 

 

Erlazionatutako albisteak:

 

Iñigo Alzola Anboton garaile izan da eta 3. Euskal Herriko Txapelketan
2018ko urriaren 15ean argitaratutako albistea

Iñigo Alzola eta Ane Zabala nagusitu dira Antzuolako 8 Miliak lasterketan
2019ko otsailaren 19an argitaratutako albistea
 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE