Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Juan Mari Sanpedro, Ramon Arkauz, Luis Urrutia:

“Ez al gaituzte senideoi nahikoa izorratu dagoeneko?”

Arrasateko 3 senideak gaur eta bihar deklaratzekoak dira, lekuko gisa, Audientzia Nazionala delakoan. Herriko EH Bilduk babesa agertu die [goiko argazkia]. Hirurekin elkarrizketa egin dugu, eta bidenabar preso dauden Josu, Premin, Aratz eta Keparen egoeraren inguruan galdetu diegu.

590.Senideak.Deklar.EH.Bildu (id: 1948365)


Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias / 2015eko uztailak 7, asteartea

 

Euskal Herriko 14 senideetatik lehena deklaratzen Ramon Arkauz izan da, gaur goizean deklaratzekoa zen. Juan Mari Sanpedro eta Luis Urrutiak bihar gauza bera egingo dute. Tartean, gaur arratsaldean, enkartelada berezia egingo da Seber Altuben, hiru lagun hauei elkartasuna adierazteko. Atzo horixe bera egin zuen EH Bilduk atzo, goiko argazkiak erakutsi bezala.

 

- Nondik dator arazo hau guztiau? 

 

- Senideoi zerbitzu juridikoa gure abokatuek ematen digute, eta 2014ra arte zerbitzua ematean kobratzen ziguten. Adibidez, gure abokatu bat Murtziako kartzelaraino joaten zenean bidaia, alojamendua,... guk ordaintzen genion. Aipatzekoa da horrek gutxienez 600 euroko kostua izaten duela. Horrela funtzionatu genuen 2014ra arte.

 

Baina funtzionamendua errazteko asmoz, iaz abokatuek proposatu ziguten 2015etik aurrera kuota bat ordaintzea, 185 eurokoa hilabeteko. Guk diru hori jartzen dugu nahiz eta hilabete batzuetan abokatuek gure familiari zerbitzurik ez eman, baina zenbait senideren egoera ekonomikoa zaila denez, elkartasunagatik kuota hori jartzen dugu hilero-hilero.

 

Ordaintzeko era berri hori 127 senidek sinatuta geneukan guardia zibilek "Mate" operazioarekin gure abokatuak atxilotu zituztenean eta euren bulegoak miatu zituztenean. 127 hitzarmen horiek ikusi zituzten, eta ondoren 127 senideoi deklaratzera deitu gintuzten, Intxaurrondora edo La Salvera.

 

Guri zitazioek haserrarazi gintuzten: niri [Ramon Arkauzi] Ertzaintza etxera etorri zitzaidan jakinarazpenarekin, niri [Juan Mari Sanpedrori] guardia zibilak etxera deitu ninduen, baita neuri ere [Luis Urrutiari].

 

Asuntua da hitzarmen hauek erabili nahi dituztela abokatuei ahalik eta akusazio gehien egiteko. Gainera, senideon eta abokatuen arteko gatazka sortu nahi dute.

 

- Guardia zibilek esan zizueten abokatu barik (defentsa juridiko barik) Intxaurrondora joateko...

 

- Bai, hala da, eta gainera ez ziguten azaldu zergatik joan behar genuen... Horregatik, senideok abokatu batzuekin kontsultatu ostean, erabaki genuen ez joatea Intxaurrondora eta La Salvera, baina adierazi genuen, beharrezkoa balitz, epailearen aurrean deklaratuko genuela. Uste genuen epaileak ez gintuela deituko, baina horrela izan da.

 

127 senide horietatik epaileak hausaz erabaki du 14 senideri Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitzea. Gu gehiago izorratzeko, senide guztiok ez dugu egun berean deklaratuko, bi egun ezberdinetan baizik [gaur uztailak 7 eta bihar]. Goizaldeko 02:00ak aldera jaiki beharko gara Madrilen deklaratu behar izateko...

 

Azpimarratu behar da ere epaileak bidali digun jakinarazpenean ez duela zitazioaren arrazoia azaltzen. Oso gogorra da Europan 2015ean horrelakoak oraindik egitea... Lehen etxeetara etortzen ziren pistolak eskuetan, lau egunetan zehar jipoitu ondoren, zorioneko batzuk aske geratzen ziren eta beste guztiak kartzelara. Orain beste era batera egiten dute: Telefonoz etxera deitzen dizute Madrilen deklara dezazun. Baina nik nola emango dut lekukotza nire abokatuen aurka?

 

- Badirudi ez dutela alor politikotik nondik tiratu, eta alor ekonomikoari eusten diote.

 

- Horrela da, horren adibide bat Herrikoen aurkako auzia da, eta orain senideok izorratu nahi gaituzte. Ez al gaituzte nahikoa izorratu dagoeneko?? Gainera gu ez gara Etxerat, gu senideak gara. Ez daukate jada argudiorik eta edozein zirrikitu aprobetxatu nahi dute gu kaltetzeko.

 

Argi dago abokatuen bulego batean akats ekonomiko batzuk izango direla, ez delako gestio zehatza daukan enpresa bat. Akats horiek aprobetxatzen dituzte zalaparta egiteko eta gu epailearengana joan behar izateko.

 

- Egun hauetan senide, lagun eta ingurukoen aldetik babesa jaso duzue?

 

- Bai, baina garrantzitsuagoa da jendea beldur bat daukala, eta galdetzen digu "baina zer gertatzen ari da?". Animoak ematen dizkigute. Salatzen dugu Bergaran, Donostian,... epaitegiak egonda, eta bideo-konferentziak egonda, Madrileraino joatera behartzen gaituzte. Arrasateko EH Bilduk bere babes osoa agertu digu, baita publikoki agertu ere. Sí Se Puede Arrasate - Baleike eta Irabazi-Ganarrek elkartasuna adierazi digute idatzi batekin, ñabardura batzuekin. PNV-k ez digu elkartasuna adierazi.

 

- Zelan daude Josu, Premin, Aratz eta Kepa?

 

- Josu Murtzia II-ko kartzelan dago eta hango sargoria jasanezina da: egunez eta gauez bero ustel berbera egiten du. Kartzela berrietan neguan hotz handia eta udan sargoria. Orain dela gutxi Bergarako senar-emazte bat bisitan joan zaizkio, eta beroaren beroaz emakumea ia ezin arnastuta zegoen, eta Josuk hori ikustean asko sufritu zuen, eta konfiantzaz esan zidan "bera horrela sufritzen ez egoteko nahiago dut bera bisitan ez etortzea".

 

Bestela, animoz baxu dago Frantzian egindako kartzela-urte guztiak estatu espainolak ez dizkiolako kontabilizatu. Auzia Estrasburgoko Auzitegira bidean dago, eta Europako epaitegiak seguruenik arrazoia emango digu, baina kartzelan 4 urte gehiago eman ostean... Josu kalean egon behar luke honezkero. Egoera onartezina da, arazoa konponduta egon beharko litzateke honezkero. Josuk ez du bere aita ikusi ahal izan azken 15 urteetan, aita erresidentzian dago.

 

Kepa nahiko ondo dabil, oso ezberdinak dira estatu espainoleko eta frantseseko kartzelak. Zuloan dago eta kartzeleroa beti kartzelero, baina bisitatetan ez dauka erdian kristalik eta harremanak bestelakoak dira.

 

Premin nahiko lasai dabil, baina bere amama osasunez nahiko txarto dago eta kezkatuta dago. Guardia zibilen trasladoak oso txarrak izaten dira, presoa furgonetako atzealdean eskumuturrekin lotuta, kurbetan alde batetik bestera erortzen da, horrela ehunka kilometro egin behar ditu, beroa egiten badu berogailua jartzen diote presoari,...

 

Preminek ikasten jarraitzen du, badauka aurreikusita azken 3 kartzela-urteak zertan erabili, eta beste preso politikoei ahal duen neurrian laguntzen dihardu.

 

Gaur [uztailak 6] Aratzen eguna da, bisitekin pozik dabil, pertsona ugari joaten zaizkio bisitan, eta nahiko animatuta dabil alabatxoarekin. Burua beti ondo izan du.

 


Erlazionatutako albistea:
Madrilen deklaratuko duten Arrasateko 3 senideak babesteko autobusa antolatu da
2015eko uztailaren 2an publikatutako albistea

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE