Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Maravillas gaztetxearen aldeko egunean, AGAKO-k antolatuta

Gaztetxeen aldeko oihua zabaldu da asteburuan

Testua, argazkiak eta bideoak: Hasier Larrea / 2019ko otsailak 11, astelehena

 

Maravillas gaztetxearen aldeko eguna ospatu zen larunbat osoan zehar Gaztetxean. Goizean kaleratze arriskuan aurkitzen diren Kijera Gaztetxeko (Donostia) eta Errekaleor auzoko (Gasteiz) gazteek, Iruñeko Maravillas gaztetxe desalojatuko kideekin batera, solasaldia eskaini zuten.

 

Bertan gaztetxe edo auzune bakoitzaren bilakaera azaldu zuten lehenik eta behin, eta ondoren gobernuen errepresioei aurre egiteko borroka moldeez aritu ziren.

 

Gobernariek gaztetxeetan dagoen "kapital sinbolikoari beldur diotela" azpimarratu zuten gazte antolatuek, eta horregatik hutsarazten dituztela behin eta berriz.

 

 "Gazteon borroka moldeak eta mugimendu ezkertiarrak deslegitimizatu nahi dituzte gaztetxeei eraso eginda", adierazi dute solaskideek.

 

Era berean Euskal Herrian gune autogestionatuekiko elkartasun handia dagoela ere aipatu dute, proportzioan kontzientziatutako jende gutxi dagoen arren, oso fidelak direla nabarmenduz.

 

Nafarroako Gobernuko aldaketak (Geroa Bai dago gobernuan UPNren ordez) "formak aldatu ditu, baina edukiek berdin diraute", esan dute Maravillas gaztetxeko ordezkariek. Gai honi lotuta, honako hausnarketa plazaratu dute: "zailagoa da euren burua ezkerrekotzat daukaten gobernuei aurre egitea, aldaketaren izenean babes soziala dute eta euren erabakien kexu garenoi aldaketa oztopatzea leporatzen digute".

 

Iruñeko Alde Zaharrean gaztetxe bat edukitzeko "behar handia" dagoela ohartarazi dute Nafarroako gazteek, eta momentu honetan 'okupazio-desalojo-okupazio' etengabeko ziklo batean erortzeko arriskua dagoela.

 

Kijerako gaztetxeko kideek auzo elkartea eta Eneko Goya alkatea negoziazio mahai batean bilduta daudela azaldu dute. Alkatearen esanetan, "eraikin publiko batean ezin da erabilera pribaturik egin". Kijera gaztetxekoen erantzuna honakoa izan zen, auzo elkartearen babesarekin: "guri dagokigu eraikinaren eskumen osoa".

 

Errekaleorren egoera bestelakoa da. Europako 'auzo okuparik' ezagunetarikoa bihurtu da azken urte hauetan, eta hasieran hiriarekiko eta herri mugimenduarekiko lotura urria bazen ere, "proiektua indartu eta konexio biziak egitea lortu dugu".

 

Gasteizko auzo langile hau 60ko hamarkadan izan zen eraikia, eta 2009an hutsik geratu zen, Udalak aurrera eramandako espropiazio prozesu bat medio. 2013an ikasle talde bat bertako etxebizitzetan sartu zen bizilagun ohiek utzi zizkieten giltzekin, eta guneak bizitzeko aukerak eskaintzen zizkienez, poliki-poliki gazte gehiagok egin zuten Errekaleorren bizitzeko hautua.

 

"Gaur egun auzoaren kontrol osoa eskuratu dugu, lan taldeetan eta asanbladetan antolatzearen bitartez", baieztatu dute Errekaleorreko bizilagunek.

 

Bazkari ekologikoaren ostean bertsopoteoa egin dute kale eta tabernetatik pasatuz, eta gauean Streetwise, Herdoil eta Erasoka punk-oi! taldeek kontzertua eskaini dute, tarteka Arrasateko taldeen abestiren baten bertsioak joz (behean bideoak).

 

 


Galeria de fotos

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE