Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta M.U.k herritarren partaidetzan izandako esperientzia pilotuen konklusioak aurkeztu dituzte
“Gipuzkoaren kudeaketa zure esku” izeneko jardunaldiaren barruan, partaidetzako esperientzia hauek azaldu dituzte: GI-631 errepidearen trazatuko Azkoitia-Urretxu zatia definitzea, eta, bestetik, haurren eta nerabeen babeserako sistema

 

595 (id: 6533481) 

Ezkerretik eskumara Luxio Ugarte, Mondragon Unibertsitateko ordezkaria, Edurne Egaña, foru diputatua eta esperientzian partaide izandako Partxi Larrañaga

     

Donostia, 2010eko otsailaren 25a.

 

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Mondragon Unibertsitateko errektoreorde Joxe Mari Aizegak aurkeztu dute gaur arratsaldean “Gipuzkoaren kudeaketa zure esku” izeneko jardunaldia. Donostiako Kursaal jauregian izango da, 16:30etik aurrera. Jardunaldiak bere baitan hartzen duen esparrua da herritarrek erakundeetan parte hartzeko prozesuak bultzatzearren Foru Aldundiak egindako apustua. Gizarteak gai publikoen gainean duen ardura biziagotu badu, hainbat ekimen suspertu eta indartu behar dira, herritarrak berak partaide, eragile eta integratu senti daitezen. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere benetako konpromisoa eta interesa agertu nahi izan ditu, bere eskumenen barruan partaidetza prozesuak gauzatuz. Programatutako ekimen horietan herritarrek osotasunean parte hartzeak berarekin dakar, ez bakarrik hasierako prozesuan murgiltzea, baita ere, batzordeen bitartez, jarraipen prozesuetan egotea.

  

Jardunaldiaren baitan, herritarren partaidetzako bi esperientzia aurkeztu dira, Mondragon Unibertsitateak Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat aurrera eraman dituenak. Honako bi hauek dira: “Herritarren partaidetza GI-631 errepidearen trazatuan (Azkoitia-Urretxu zatia)” eta “Herritarren partaidetza haurren eta nerabeen babeserako sisteman”. Zehazki, bi kasu horietan erabilitako lan metodologia eta lortutako konklusioak aurkeztu dituzte Bideazpiegituretako diputatuak eta Gizarte Politikako diputatuak, Unibertsitate horretako ikertzaileek, Azkoitia, Zumarraga eta Urretxuko alkateek  eta esperientzietan parte hartu duten herritarrek.

   

“Herritarren partaidetza GI-631 errepidearen trazatua definitzerakoan (Azkoitia-Urretxu zatia)”

 

Esperientzia pilotu hori 2009ko martxotik abendura bitartean egin zen, eta guztira, 44 lagunek parte hartu zuten, herri hauetakoak: Antzuola, Azkoitia, Bergara, Urretxu eta Zumarraga.

 

Proiektua egiterakoan lan jardunaldi batzuetan elkartu dira bi jende-multzo: batetik, ausaz hautatutako herritarrak, eta bestetik, haiekin batera, beren ikuspegiak eta arazoak eman eta azaldu nahi eta ahal izan dituzten taldeak, elkarteak, erakundeak, herritarrak –norbanako gisara–, eta abar. Izan ere, helburua zen aztergaiaren inguruan ahalik eta eztabaidarik irekiena eta kontrastatuena piztea, irtenbide adostu bat lortzeko. Eztabaidetan parte hartuko zuten lagun-taldeak osatzerakoan, hauxe bilatu zen: gizonen eta emakumeen proportzioa parekidea izatea (bai ausazko hautaketan bai taldeak osatzeko orduan).

    

Asmo horrekin, hainbat eztabaida antolatu ziren, eta parte hartzen zuten herritarrei gaiari buruzko informazioa eman zitzaien, ikuspuntu desberdinetatik begiratuta. Proposatutako ebaluazioak egiteko adinako informazioa eskura edukitzeko moduan antolatu ziren eztabaida haiek. Era berean, postontziak ireki ziren, nola fisikoak hala birtualak (Internet).

   

Proposatutako irtenbideak 6 astean landu zituzten, eta hautabide edo irtenbide berriak ere diseinatu zituzten, proiektuaren analisirako eman zitzaien dokumentazioa aztertu ondoren, eta adituekin hitz egin ondoren. Azpimarratzekoa da nola egindako hautaketa horretan 2 irtenbide dauden, proiektuan parte hartu duten herritarrek berek diseinatuak; beste hiru irtenbide Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamenetatik datoz; eta azkenik, beste bat, txostengile batek proposatutako planteamendutik dator.

   

Aurrez aurreko bilerak egiteaz bat, online gune bat prestatu zen, prozesuaren informazio guztiarekin, jakin-mina eduki zezaketen haientzat.

  

Esperientzia pilotu horretan parte hartu dutenek “oso ontzat” jo dute ekimena eta bikain batekin puntuatu dute (4,485 puntu, 5etik) herritarren partaidetza sistema erabiltzea GI-631 errepidearen trazatua definitzerakoan (Azkoitia-Urretxu zatia). Galdetu zaienean ea erabilitako herritarren partaidetza sistema, arazoak eta balizko hobekuntzak planteatzeko metodo gisa, egokiena izan litekeen edo ez, erantzun biribila eman dute, halaxe dela, eta batez beste 4,49 puntu ematen dizkiote 5etik. Gainera, %100en iritziz, komenigarria da partaidetza sistema hori beste gai batzuetan erabiltzea.

  

Bukatzeko, zera esan behar da: esperientzia pilotu horretatik pasa ondoren, partaide bakoitzak bere herrian edo lurraldean antola litezkeen jardueretan edo ekimenetan parte hartzearen alde duen jarrera, asko hobetu da (4,32 puntu, batez beste, 5etik); aldi berean, nahikoa handitu da komunitatearen gaiei buruz duten interesa (3,94 puntu, batez beste, 5etik), eta diotenez, orain beren herrian edo herrialdean antola daitezkeen ekimenetan edo jardueretan parte-hartze aktiboa izateko nahiko gertuago daude (4,22 puntu, batez beste, 5etik).

     

“Herritarren partaidetza haurren eta nerabeen babeserako sisteman”

   

Herritarrek haurren eta nerabeen babeserako sisteman parte hartzeko proiektuak arrazoi hau du sorburu: zuzenean edo zeharka arreta jasotzen duten pertsonek ez dutela ulertzen sistema horren ingurukoa.

  

Horregatik, proiektu horren lehentasunezko helburua zen sozializazio prozesu bat diseinatzea Gipuzkoako herritar guztientzat, babeserako sistemaren azpian dauden ideiak zabaltzeko asmoz, sistemaren eragile diren laguntzaile guztien partaidetza edukita.

  

Jakitun egonik sozializazio prozesua burutzea epe luzeko gauza dela, proiektu horren bitartez zertzelada hauek zehaztu nahi ziren: zein eremutan eragin behar den eta zein ote den modurik egokiena egiteko horri heltzeko, Gipuzkoan dauden eragileen iritziak kontuan harturik.

  

Zehazki, honelakoak izan dira proiektu horretan esku hartu dutenak: gizarte zerbitzuak ematen dituzten enpresak, aisialdiko enpresak, eta herritarrak.

   

Beren buruari jarritako helburuen artean, azpimarratu egiten dute sozializazio prozesuak eginbehar hauek egin beharko lituzkeela:

 

o  sistemaren berri ematea (haurrei nahiz helduei), azpian dauzkan balioak ikusaraziz, sistema normal bizi ahal izateko, orain arte emandako irudia haustearren,

 

o  gizarteari jakinaraztea nola jokatu behar duen, ezer susmatzen badu, edo kasuren bat ezagutzen badu,

 

o  barne alderdia sendotzea, eta partaidetza zentzu bat sortzea, 

 

o  erakundeen artean koordinazio handiagoa egon behar duela transmititzea,

 

Hala, helburu horietara hurbiltzeko proposatu diren ekintzen artean, honako hauek azpimarratu behar dira, besteak beste: profesionalen artean jardun-arauak adostea, herritarrei babeserako sistema jakinaraztea, eta sentsibilizazio jardunaldiak egitea.

 

Hor ez da bukatzen, hala ere, proiektua. Hurrengo urratsa da, haur eta nerabe horien heziketan, zuzenean edo zeharka, erantzukide diren eragileek elkarrekin hitz egin eta esperientziak partekatzea, sistema bera garatzean eta Gipuzkoako herritarrei sozializatzean aurrera egiteko.                        

  

www.mondragon.edu 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE