Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
[IRITZIA] ARE BERDE GUTXIAGO ARRASATEN
Arrasateko EHBilduko Udal Taldearen iritzi artikulua.

Oraingo honetan Makatzena auzoko aparkalekuaren eraberritzeak jarri du arriskuan duela hamarkada batzuk landatutako Himalayako zedroa. Aparkalekuko sarreran espazio falta argudiatuta moztu nahi dute zuhaitz hau, teknikari eta proiektugile guztien babesarekin, hori ere esan beharra dago.

 

Zedro hau ez da Euskal Herriko landare autoktonoa, ez dauka 45 metroko altuera Monterroneko sekuoiak bezala, ezta ehun urte baino gehiago parke horretako haritz batzuek bezala, ez dauka metro bateko diametroa Etxezarretako lorategiko zedroek bezala, baina, hala ere, errespetua merezi duela pentsatzen dugu.

 

Izan ere, erraz izan daiteke auzo horretako zuhaitzik zaharrena, eta zaila izango da hori baino zaharragoa den zuhaitzik aurkitzea gure herriko auzoetako lorategi gehienetan ere.

 

Garapenaren aitzakian hirigintzako proiektuek aurrera egin izan dute gure begien aurrean, inork betaurreko berdeekin begiratzeko aukerarik eman gabe. Badirudi eraberritze proiektuek ezin dutela kontserbatu aurretik tokian bertan egon den zerbait, are gutxiago, zuhaitz soil bat baldin bada. Obra bukatutakoan, beste zuhaitz gazte eta mehe bat landatuko dute kasurik onenean, edo beharbada, porlanez estaliko dute eremua, mantenimendu arazorik eman ez dezan. Kasu gehienetan, are berde gutxiago izango dugu herrian.

 

Baina, guk pentsatzen duguna baino balio handiagoa daukate gure herriguneko zuhaitz, zuhaixka, belar, goroldio, liken edota onddoek, baita erreka bazterretako sastrakek ere. Bioaniztasuna aberasten laguntzen dute, paisaia urbanoa berdeago bihurtzen laguntzen dute -gauza ezinbestekoa denon osasunean-, faunaren babesleku eta jantoki izaten da; inoiz jabetuko ez garen hegazti anitzen geraleku izango dira, intsektu desberdinek ere beraien bizi zikloan erabiliko dute, eta abar luze bat. Zuhaitzak, zenbat eta zaharragoak izan, gordeleku gehiago eskaintzen dituzte beste fauna eta flora espezieei. Zer esanik ez ingurumen krisi handiena den klima aldaketaren aurrean egiten duten karbono dioxidoaren fijazioan. Gainera, zuhaitzak zenbat eta zaharragoak izan, karbono dioxido kopuru handiagoa hartzeko gaitasuna daukate.

 

Uste dugu hirigintzako proiektuetan kontu gehiago eduki behar dela natur elementuak kontserbatzerakoan. Ezin dira berdin tratatu kaleko eserleku bat, edo zuhaitz bat. Bizidunak dira, ez kendu eta jarri daitezken gauzak. Urteetako hazkuntza gutxiesten dugu hamarkadak dituen zuhaitza mozten dugunean, eta berri bategatik ordezkatu daitekeela pentsatzen dugu. Autoekin elkarbizitza lehenesten da, baina, azken finean, naturarekin kontaktua izan gabe bizitzen ohituko gara. Bukatzeko, gogorarazi nahiko genuke, errekak  zaborrez garbitzearen aldekoak garela, baina ez direla, lorategiak balira bezala, eder mantendu beharreko guneak.

 

 

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE