Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

 
Otsailak 13, torturaren aurkako eguna.
Lorea Zeziaga: “Torturaren aurrean epeltasuna agertzen dutenek torturari babesa ematen diote”

Azken 40 urtetan 7000 pertsona baino gehiagok sofritu dute oraindik baimendu ez ezik, saritu ere egiten den praktika kriminala. 2008an 62 izan ziren torturatuak. Demokraziaren izenean zinismoz hitz egiten duten haiek erabiltzen dute tortura, euskal disidentziarengan errepresio-politika eragiteko. Torturaren aurrean epel agertzen diren haiek ere torturatzaileak direla dio Loreak. Arrasateko iheslari politikoa inkomunikatuta izan zuten, etenik gabeko galdeketa izan ziren abenduko hiru egun haietan.

 

 


Mondraberri, 2009ko otsailaren 13a, eguakoitza.

Egilea: A.A.A.M


 

Lorea Zeziaga: “Instituzioetan salaketa epelak egiten dituzten bitartean torturaren erabilpena onartzen jarraitzen dute”

590.lorea (id: 5963387)

 

Gaztetan zergatik erabaki zenuen Arrasatetik ihes egitea?

 

Garai hartan, 89ko irailean guardia zibilak ETA erakundeko militante batzuk erail zituen enboskada batean eta ondotik ehunka euskal herritar atxilotu zituzten. Tortura bortitzak egin zizkieten. Etxera nire bila etorri zirenean ez nengoen berton eta nire ahizpa eraman zuten. Ihes egitea erabaki nuen, tortura saihestearren.

 

Mexikon 11 urte egin ostean Euskal Herrira itzuli zinen beste zenbait iheslarirekin batera. Zergatik? 

 

Iheslari politikoen kolektiboak egindako eztabaida baten ondotik erabaki genuen bueltatzea, frantses eta espainiar estatuek jarritako hainbat neurri errepresiborekin apurtuz nazio eraikuntzan parte hartzeko. Hori da egun daramagun bidea eta dugun konpromiso irmoa.

 

Zortzi urte daramatzazu Baionan normaltasunez biziz. Iheslari politiko batek benetan egin al dezake bizimodu normala?

 

Ez. Gatazka honek erakusten diguna da gure herria ez dagoela onartua eta era  berean, geuri ere,  euskal herritar izanik, ez zaigu geure izaera errekonozitzen. Existitzen ez diren pertsonak bagina bezala,  prekarietatean bizitzera bultzatuak gara; paper barik, naziotasun aitormenarekin bizi gara gehienok eta horregatik lana topatzeko arazoak ditugu, ez daukagu gizarte segurantzarik eta egunerokotasunari lotuta dauden mila gauzei heltzeko zailtasunak ditugu. Errekonozituak ez diren pertsonak gara, baina egunerokotasunean horrekin apurtzen dugu  geure naziotasuna aitortuz.

 

kartela (id: 6070375)Hainbestetan salatu izan duzun arren, atxilotu zintuztenean bizitu zenuen. Zer da inkomunikazioa?

 

Etxera goizeko seietan sartu zirenean Le Verten errogatiba komisio bat aurkeztu zidaten eta nire eskubideak irakurri zizkidaten; nahiz eta eskubide horiek benetan ez diren existitzen inkomunikazioak irauten duen bitartean. Momentu horretan bahituta sentitu nintzen, inork ez baitzekien non nengoen, zelan gertatu zen nire atxiloketa eta inkomunikazio une horiek gogorrak izan ziren.

 

Lehen momentutik desagertzen da errugabetasun presuntzioa, beraien eskutan zaude inongo  babes eta eskubide barik.Ziega batean sartu eta berehala hasi ziren galdeketekin, lo egin barik, ziegan argia piztuta aldioro, ez dakizu zein momentutan eramango zaituzten galdeketa bat egitera eta hor guztiz galtzen duzu oreka, denboraren nozioa. Inkomunikazioak pertsona haustea dakar, torturari zabaltzen dizkio ateak eta badakigu haren bitartez zer lortu nahi duten…

 

Poliziek osasun arazoak dituzula jakiteak eragin al zuen jasotako tratuan?

 

Osasun arazoak ditut eta gainera egun hartan gaixorik nengoen. Mediku batek aztertu ninduen lehen egunean baina ez zidan egin inongo galderarik jasotzen ari nintzen tratuaren  inguruan. Hartzen ari nintzen errezetetan oinarrituta, antzerako medikazioa eman zidan eta kito. Sendagaietako bat ez zen egokia eta nire egoera larritu egin zen; hala ere galdeketekin jarraitu zuten eta 24 orduko inkomunikazioa luzatu zidaten. 

 

Bigarren egunean ezin nuen nire gorputza kontrolatu, eta  goizaldean bi orduko itaunketa saioa egin zidaten. Hirugarren egunean beste mediku batek sendagaia aldatu zidan eta horrekin baretu ziren nire sukarra eta dardarak. Poliziak orduan pentsatzen dut konturatu zirela egoera ona ez zenaz. Alta, galdeketek ez zuten etenik izan.

 

Egun ere asko dira torturatik ihesi beren sorterria uzten duen gazteak. Zergatik jarraitzen da torturatzen?

 

Salatu beharko luketenek tortura  babestu egiten dutelako. Estatuek  euskal disidentziaren aurka erabiltzen duten arma bat da tortura, polizia da praktikara eramaten duena eta tortura bidez lortutako informazio hori erabiltzen dute salbuespeneko tribunaletan euskal herritarrak zigortzeko. Komunikabideek ere benetan dagoen gatazkaren oinarriak azaldu eta ulertarazi beharrean, paper garrantzitsu bat betetzen dute interes konkretu horiei erantzunez. 

 

590.tortura (id: 6004679)

 

Demokrazian proiektu guztiak aurrera ateratzea posible dela diote beraiek, baina hori gezurra da. Ez gaude demokrazia batean eta beraiek eraikitzen dituzten tresna guzti hauek dira horien adierazle.

 

Zeini eskatu behar zaizkio erantzukizunak?

 

Erantzukizuna nork duen argi dago. Alde batetik hori bultzatzen dutenek, gobernuan direnek, alegia. Torturaren aurrean beren epeltasuna agertzen duten alderdi politiko guzti horiek ere niretzat torturatzaileak dira, nolabait torturari babesa ematen diotelako. Euren parlamentu eta instituzioetan salaketa epelak egiten dituzten bitartean, erabilpen hori onartzen jarraitzen dute.

Sarritan ikusten dugu baita, zenbait jende biolentzia mota baten aurka agertzen dela, baina estatuak erabiltzen duen bortizkeria kriminal guzti horren aurrean epeltasunez jokatzen dute.

 

Dei bat luzatu nahi nieke hainbat herritarrei kontzientzia har dezaten gure herriaren eta herritarren aurka erabiltzen ari diren bortizkeriaren inguruan. Praktika kriminal hori egunero salatu behar dugun arren, otsailak 13an badugu egun aproposa denok kalera irten eta torturari ez esateko.

 

Zein puntutaraino dago estatu frantsesa inplikatuta euskal independentismoaren aurkako politika errepresiboan?

 

Azken urteetan ikusi du ezker abertzaleak mahai gainean jarritako proposamen politikoaren inguruan geroz eta jende gehiago biltzen ari dela eta hainbat legeztatutako hainbat proiektu herritar hor direla. Edozein aitzakia topatzen dute haien aurka etengabe aritzeko. Azken adibideak, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako epaiketa edo aurrez egin zuten Batasunaren kontrako operatiboa dira. Praktikan erakusten digute espainolen estrategia bera erabiltzen duela; errepresio polizial- mediatiko horretan oinarritzen da gure herriaren aurka aritzeko.

 

polizia (id: 6027583)

 

Horrek esan nahi du, Frantses estatuak euskal gatazka politikoaren existentzia errekonozitzen duela?

 

Nahiz eta hori ukatzen jarraitu, daraman praktikarekin mahai gainean jartzen du gatazka politiko bat dagoela. Adibidez, hainbat militanteren aurkako epaiketetan euskaraz hitz egiteagatik frantses epaileek adierazi dute, euskaraz mintzatzea dela ETAren estrategiarekin bat egitea. Hizkuntza minoritarioaren karta hainbat gobernu europarrek sinatu dute, Frantziar gobernuak ez du sinatu eta era berean inongo lotsa barik azaltzen du, euskara Frantziaren patrimonioa dela. Herri bat ukatzen du eta herri haren oinarriak bahitzen ditu bereganatzeko. Halako jarrerekin bistan geratzen da gatazkan inplikatua dagoela.

 

Aske geratu zinen kargu barik. Ez duzu berriz atxilotuko zaituztenaren beldurrik?

 

Batez ere egoera honetan bizi garen euskal herritarrek beti daramagu gainean Damoclesen ezpata. Nire egun berean beste euskal herritar bat ere atxilotu zuten, aurreko astean beste bat, jakinez bere zigorra beteta zuela eta azken 10 urtetan ikusi dugu nola ehunka euskal herritar atxilotu dituzten edo euroagindua aplikatuta kanporatu dituztela. Egoera horretan egonez, ez dut baztertzen beste atxiloketa bat etorri ahal denik.

 

Zer pentsatzen duzu topatzen zutela zure atxiloketarekin?

 

Errepresio estrategia horretan ikusten dugu beldurraren bidez zelan nahi duten zenbait sektore neutralizatu. Estrategia horren baitan kokatzen dut nire atxiloketa ere.

 

Iheslari politikoen bozeramale izan zara denbora batez. Zelan ikusten da kolektibo horretan Euskal Herriaren etorkizuna?

 

Iheslari politikoak gara, proiektu politiko konkretu batean sinesten dugulako. Gure herriak aske bizitzeko eskubidea du eta iheslariok argi dugu konpromiso horri eutsiz jarraitu behar dugula. Jendea animatzen dut estatuek eragiten diguten errepresio estrategia horri aurre egitera eta gure herriari dagozkion eskubideak errespetatuak izan arte borrokan jarraitzera. Beldurraren bidez blokeatu nahi gaituzte, baina  ez diezaiegun utzi. Gogorra izango da, baina arrazoi politiko guztiak guk ditugu eta bi estatuei dagokie gure herriaren ezagupena eta gure etorkizuna geure eskuetan dagoela onartzea.  

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE