Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Grezian egondako brigadistek hitzaldia eman dute Irati topalekuan
"Grezian sozialismoaren adibide praktiko ugari ezagutu ditugu"
'Klinika Autogestionatuak', 'Mesopotamiako Eskola Soziala' eta 'Berreskuratutako Lantokiak' gertutik ikusi dituzte Askapenako boluntarioek, tartean Julen Mendizabal 'Pule' arrasatearrak.

Testua eta argazkiak: Hasier Larrea / 2019ko martxoak 15, ostirala

 

Europar Batasunaren ondorioak eta borroka sozialak ezagutu, errefuxiatuen krisiaren irakurketa politikoa egin eta arazo geopolitikoak ulertzeko helburuarekin egon dira hiru brigadistak Atenas, Kreta, Thesalonika eta Idomenin 10 egunez. Euren esperientzia jakin aurretik, Greziako historia garaikidea labur-labur errepasatzea komeni da.

 

 (id: 5666107)

 

Independentziatik Troikaren errezetara

 

Greziak 1829an lortu zuen Otomandar Inperioarekiko independentzia. Turkiarrekin tentsio handia izan dute beti, elkarren arteko gerrak nabariak izanik.

 

I. Mundu Gerran bi ideologia ziren nagusi Grezian: Komunismoa eta Errepublikanismoa. XX. mendean zehar diktadurak eta II. Mundu Gerran nazien okupazioa jasan zituen. Bloke komunistako tropek askatu zuten Grezia naziengandik, ondorioz korronte ideologiko honek prestigio handia hartu zuen bertan. Aliatuek ordea 'inbasio isila' deiturikoa jarri zuten martxan, Erresuma Batuaren gidaritzapean. Antikomunismoaren propagandak 1950era arte iraun zuen, 1951n NATOn sartu baitzen Grezia, bloke kapitalistak bultzatuta.

 

Nabarmentzekoa da 1973ko diktaduran tankeek ikasleei eraso egin zienekoa, hauek iraultza haziak landatu baitzituzten orduan. Hurrengo urtean erori zen diktadura hau, eta sistema bipartidista ezarri zen, 'sozialisten' eta 'popularren' artean banatua, Espainiako sistema politikoaren ulerkuntza aintzat hartuta.

 

2010ean Europar Batasuneko Troikak neurri zorrotzak ezarri zizkion Greziari, zor publikoaren ondorioz. Pribatizazio nabariak eman ziren hezkuntzan eta osasunean oro har, eta borroka ezberdinen aktibazioa eman zen neurri hauen aurka. Herriak, aurrera egin baino, atzera egin nahi zuen, Europar Batasunean sartu aurretiko urteak miresten baitituzte greziarrek. Syriza alderdia, gobernuan agintzen duena, herriaren eskakizunekin lerrokatzen da.

 

 (id: 5600514)

 

Syrizak erreferenduma deitu zuen, eta herriak austeritateari aurre egitea erabaki zuen, ondorioz 12 ordutan gobernuak uko egin zien Troikak zor publikoa ordaintzeko ezarritako baldintzei. Hala eta guztiz ere Troika Greziar gobernua baino gehiago hasi zen agintzen, eta lurraldea burujabetasuna galtzen joan zen egunez egun. Lursailak, portuak, errepideak, ura... pribatizatu ziren, Erresuma Batuko, Frantziako eta Herbereetako enpresarien esku utziz.

 

Krisi honek 3 milioi greziar gizarte segurantza gabe geratzea ekarri zuen, langabezia tasak izugarri altxatzearekin bat. Barne Produktu Gordina %25 jaitsi zen, gerra garaietan jaisten den kopuru oso antzekoan. Herritarrek ondo ulertu zuten mezua: "Estatuak krak egiten badu, Europar Batasunaren errezeta neoliberalismoa maila gorenean izango da".

 

Krisi ekonomiko honi errefuxiatuen krisia gehitu behar zaio gainera, greziarren elkartasunari balio erantsia ematen diona. Estualdi horretan, herri honek etorkinei lagundu zien ahal zuen bezala, eta oraindik horretan jarraitzen dute, brigadistek frogatu zuten legez.

 

 

Brigadisten esperientzia

 

Atenas


Atenas izan zen euren lehen geltokia. Hiriburuan 4 milioi pertsona bizi dira guztira, Grezia osoko populazioaren herena alegia. Bertan' Mesopotamia eskola soziala' ezagutzeko aukera izan zuten Askapenako boluntarioek. 2012an sortu zen, beste hainbat eskola sozialekin batera, helburu nagusi bati jarraituz: unibertsitatean sartzeko azterketa proba gainditu ahal izateko doako hezkuntza zerbitzua eskaintzea.

 

Izan ere, unibertsitatean ere egon ziren pribatizazioak, modu honetan gauzatu zirenak: hemen "selektibitatea" deitzen duguna, %3-k baino ez zuen gainditzen, benetan proba zaila jarri zutelako. Eskoletan ez zen proba gainditzeko jakintza guztia irakasten, eta akademia pribatuetan (partikularretan) izena eman behar izaten zuten ikasleek derrigorrez.

 

Honen aurrean, greziarrek hezkuntza zentro publikoak edo eskola sozialak zabaldu zituzten, doako ezagutza eskaintzeko. Bertako langileek denbora bankuen bidez funtzionatzen dute, eta arlo bakoitzaren inguruan jakintza daukana arduratzen da nozioak ikasleei erakusteaz.

 

 (id: 5545106)

 

Helburu nagusi honi helburu politiko batzuk gehitu zaizkio: partaideen arteko kolektibotasuna eta auzo mailako inplikazio soziala sustatzea, hau da, komunitatearen beharrak asetzeko premisa.

 

Ezagutu duten beste proiektu sozial interesgarri bat 'Klinika Autogestionatuak' dira. Olinpiar Jokoen ostean eraikin bat hutsik gelditu zen, eta 2011n klinika bat zabaldu zuten bertan. Lau printzipioren arabera funtzionatzen du osasun zentro honek:

  •   Dirua ez da existitzen bertan, kontribuzio materialak bakarrik.
  •     Greziak bizi duen egoeraz kontzientziatzeko espazioa da, motibazio sozialduna.
  •      Boluntarioek ezin dute zentroaren propagandarik egin, anonimoak dira denak, maila berean.
  •    Asistentzia sanitarioa eskaintzen die herritarrei.

Proiektu honek sekulako arrakasta izan du. Elektrizitatea ondoko aireportura konektatuta izanda ere, profil guztietako dozenaka osasun langile ari dira egunero lanean (medikuak, psikiatrak, anestesistak, erizainak, zeladoreak, pediatrak...), dagoeneko 64.000 pertsona artatu dituzte, paperak izan edo ez izan, espetxeei, Gurutze Gorriari, Caritasi... laguntzen diote medikamentuak bidaltzen edo zuzeneko zerbitzua ematen. Brigadistek aipatu bezala, "sozialismoaren adibide praktikoa da proiektu hau".

 

Farmazeutikoen arazoari ere erantzuten dio Klinika Autogestionatuak, sektore honek atzerrian saltzen dituelako medikamentuak, modu honetan etekin handiagoa lortzen dutelako. Ondorioz, mediku antolatu hauek euren baliabideen bitartez farmakoak eskuratzen dituzte beharra dutenen artean banatzeko.

 

 (id: 5573806)

 

Tesalonika

 

Greziako iparraldeko hiri honetan 'Berreskuratutako Lantokiak' ezagutzeko aukera izan dute gipuzkoarrek. Biomed enpresak hondoa jo zuenean okupatu zuten zenbait herritarrek, eta kooperatibismoa zutabe, langile asanbladen eta postu errotatiboen bidez egiten dute lan. Era guztietako xaboiak egiten dituzte batez ere, eta segurtasuna bermatzeko 24 orduz egoten dira zaintza lanetan.

 

 

Kreta

 

Irla honetan NATOren base militar  bat aurkitzen da, eta bertara hurreratu ziren brigadistak. Urduritasun handiko momentuak pasa zituztela aipatu dute, argazkiak ateratzen zebiltzala greziarrek atentzioa deitu baitzieten.

 

Bestalde, landa eta turismoaren arteko konfrontazio argia ikusi zuten bertan. Airbnb enpresa etxe askoren jabetza hartzen ari da, eta bestalde, gazteak hirira joaten dira normalean, bertan bizitzera. Gero eta ageriagoa den kutsadurak olinbondoak txikitzen ditu, aireportuak egin ahal izateko, besteak beste.

 

 

Idomeni

 

Idomenin errefuxiatuen krisiari nola aurre egin dioten ere jakin izan dute aktibistek. Eskualde honetan etorkin politiko mordoa pilatu ziren, eta negua iristean, bertako herritarrek errefuxiatuak etxebizitzetara eramateko saiakerak egin zituzten, baita lortu ere, Gobernuz Kanpoko Erakundeen laguntza baliatuz.

 

Bestalde, heldu berrien eta autoktonoen arteko harremana sustatzeko, txartel bereziak banatu zitzaizkien errefuxiatuei. Txartel hauen bidez tokiko ekonomian parte har dezakete, harremantze honi bide eginez bide batez. Kontuan hartzeko datua da hau, Idomeni delako 'Amanecer Dorado' alderdi ultraeskuindarrak boto gehiago lortzen dituen eskualdea.

 

 

Ondorioak

 

Ondorio nagusi batera iritsi dira Askapenako hiru brigadistak, behin Greziatik itzulitakoan. Estatuak burujabetza bermatzen ez duela, Europar Batasunaren barruan egonda gutxienez, Balkanetako lurralde honetan gertatu den bezala. Izan ere, Pulek adierazi bezala, "gaur egun hotel batetik idazten dira Greziako legeak, ingelesez eta Troikak diktatzen duen bezala".

 

 (id: 5632501)

 

Zor publikoa ordaintzeko neurri hauek esperimentu bat izan ez ote diren ere galdetzen diote euren buruari. Etorkizunean Espainiak beste erreskate bat eskatu behar badu, zer gertatuko zaio langileriari? Esparru publikoak pribatizatzea al da konponbidea?

 

Askapenak apirila eta udarako brigadak antolatu ditu mundu osoan barrena. Gehiago jakiteko, klikatu hemen.

 

 (id: 5928268)

 

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE