Bi ekitaldiak Garaia Gunean egin dira. Bertan izan dira Iosu Zabala errektorea, Ino Galparsoro alkatesa eta Patxi López lehendakaria, beste batzuen artean.
Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkiak: Google Maps eta G.L.H. /
2010eko otsailak 3, asteazkena
Larunbatean itxi egin zuten Arrasate-Aramaio errepidea, Cuatrovientos baserriaren inguruan. Izan ere, AHT-ko obren eta lurjausi baten ondorioz, errepideko zati bat lurrez eta zuhaitzez bete zen.
Are gehiago, pitzadurak agertu dira kaltetutako errepide zatian [goiko fotoan], eta tramu hori erortzeko arriskua dago.
Horren ondorioz, errepidea itxi zuten eta trafiko guztia Untzilla, Zabola eta Azkoaga baserri-auzoetatik bideratu zuten. Baina errepide horiek estuak eta bihurriak, eta ondorioz 15 istripu txiki gertatu dira larunbatetik.
Arazoari konponbidea emateko, gaur arratsaldean elkartu dira Aramaioko alkatea (Asier Agirre), Gobernu espainiarreko Sustapen Ministerioko ordezkari bat, Arabako Diputazioko Errepide zuzendaria eta Arabako Uraren Agentziako ordezkaria. Bilera trafikoari itxitako tramuan egin da.
Aramaioko alkateordeak, Martin Arriolabengoak, Mondraberri egunkari digitalari adierazi dio bilera horretan erabaki dela errepide tramu txiki bat egitea tramu itxiaren ondoan. Nolabaiteko saihesbide txiki bat egingo da [marra gorria, goiko mapan], kaltetutako zona saihesteko.
Obrak datorren astean hasiko dira, eta otsailaren 18an-edo irekiko da tramu berria. Ordura arte Untzilla-Zabola-Azkoaga errepidea erabiltzen jarraitu beharko dute aramaioarrek eta arrasatearrek. Beste alternatiba batzuk dira: Arlaban, Gatzaga eta AP-1 autopista.
Tramuaren hasiera egongo da Arrasate, Aramaio eta Untzillarako bidegurutzean. Gero erreka gurutzatuko du, eta tramu berria etxetxoaren atzetik igaroko da. Tramua bukatuko da Arrasate-Aramaioko rekta nagusietako batean.
Aramaioko alkateordeak islatu digu aramaioarrak “oso haserre” daudela AHT-ko obrek eragindako kalteekin:
“Trafikoa landa-bideetatik bideratu da, baina errepide horiek ez dira egokiak hainbeste trafiko hartzeko. Joan-etorri horietan arrisku handia dago egunero. Umeak eta adineko pertsonak tartean daude”.
Arrisku hori egiazkoa da, duda barik: lauzpabost istripu gertatu dira eguneko, Untzilla-Zabola-Azkoaga errepide zatian, Arrasate-Aramaio errepidea itxi zenetik. Istripu arinak izan dira, eta ibilgailuen txapak kaltetu dituzte soilik, baina makina bat buruhauste sortu dituzte.
Kontuan hartu behar da ere 7 hilabete beharko direla lurjausiaren malda egonkortzeko. Aramaioko alkateordeak informatu duen bezala, kexak dituzten herritarrek Udalari idatziz aurkeztu ahal dizkiotela (emailez edota udaletxera joanda). Gero Udalak obretako arduradunari bideratuko dizkio kexa horiek.
Adieraztekoa da Aramaioko alkatea egunero-egunero ari dela arazoaren jarraipena egiten, konponbidea lortzeko asmoz.