Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
MUk eta Open Cloud Factoryk lankidetza-hitzarmena egin dute segurtasun digitalaren alorrean
Bost urterako sinatu duten hitzarmena etorkizuneko profesionalen prestakuntzarako konpromisoa ere bada

 (id: 4969435)Testua: Mondragon Unibertsitatea. Argazkia: MB artxiboa. 2019ko martxoak 15, ostirala.

 

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak lankidetza-hitzarmena sinatu du Open Cloud Factory taldearekin, horren Open Cloud Factory Industrial Cybersecurity filialaren bidez, segurtasun digitalaren eremuan elkarlanean aritzeko. Horrenbestez, batera egingo dute lan ikerkuntzako eta ezagutza transferitzeko proiektuetan, etengabeko prestakuntzan eta talentua erakartzeko egitasmoetan; eta etorkizuneko profesionalen prestakuntza sustatuko dute. Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du eta Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile Carlos Garciak eta Open Cloud Factory taldeko CEO eta sortzaile Albert Estradak izenpetu dute. 

 

Open Cloud Factory enpresak pisu handia du zibersegurtasunaren alorrean, eta open source irtenbideetan, birtualizazioan eta cloud computingen espezializatuta dago. Segurtasun digitalaren eremuan estrategia komuna bideratu nahi du, IT (Information Technology) eta OT (Operational Technology) arloak kontuan hartuta. Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateak, zibersegurtasunaren eremuan lehen mailako eragile denez, enpresaren esku jarriko ditu arlo horretako ezagutza teorikoak eta esperientzia.

Open Cloud Factory taldeko CEO eta sortzaile Albert Estradaren esanetan: “Ikerkuntza funtsezkoa da zibersegurtasuneko aditu gisa aurrera egiten jarraitzeko, eta hori gure enpresaren DNAn dago”.

 

Etorkizuneko profesionalen prestakuntza

 

Hitzarmenean zehazten denez, bi erakundeek batera egingo dute lan Open Cloud Factoryren zibersegurtasunaren eremuko ikerkuntza zientifikoan eta teknologikoan. Hala, programak, proiektuak eta jarduerak bultzatuko dituzte, baita bi erakundeen artean ezagutza sortu, trukatu eta transferitzea ere.

 

Era berean, doktorego-tesiak, gradu- eta master-amaierako proiektuak, txandakatzeak (ikasketak eta lana), eta profesionalentzako ikastaroak egiteko aukera eskaintzen du akordioak, etorkizuneko profesionalak trebatze aldera. Horrenbestez, ikerlan garrantzitsuak eta 4.0 industriaren benetako beharrekin bat datozenak egingo direla ziurtatu nahi dute.

 

Zibersegurtasuna, Datuen analisia eta Cloud Computing

 

Zibersegurtasunaren gorakada itzela kontuan hartuta, eta enpresen beharrei erantzun eta 4.0 industriaren eraldaketa-prozesuak zuzentzeko helburuarekin, datuak interpretatu eta negozio-aukera bilakatzen dakiten pertsonak beharko dituzte erakundeek. Ildo horretan, irailetik aurrera Datuen Analisia, Zibersegurtasuna, eta Garapena eta Eragiketak Unibertsitate Masterra jarriko du abian Mondragon Unibertsitateak Arrasateko campusean; estatuko bakarra izango da.

 

Masterrak adituak prestatuko ditu, datuen analisirako teknikak ulertu eta erabiltzen jakiteko, zibersegurtasuna menderatzeko, plataforma digitalak gartzeko eta hodeian aplikazioak gestionatzeko eta hedatzeko. Azken finean, industriarako eta gizarterako irtenbide eraginkorrak emateko gai izango dira.

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE