Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

 
Iñigo Arregi: “Irekita-Abierto eskultura ikono bihurtu da niretzako”
Eroskiko egoitza nagusirako egin duen eskultura bere obrarik garrantzitsuena dela aitortu digu eta kritikoek “euskal eskulturaren” baitan bide berria zabaldu duen artista bezala hartzen dute. Galeristak maiteminduta ditu bere obrarekin, arte aldetik “oso momentu intentsua” bizitzen ari den arrasatearrak.

L.L.A/ Mondraberri, 2008ko urriak 14, martitzena.  

 

“Bizitza guztia eman dut pentsatzen egunen batean izango nuela aukera jendeak nire lana estimatu dezan” eta heldu zaio, topera gozatzen dabil sorpresaz heldu zaion momentu intentsu, magiko hori. Iaz Art Madriden sekulako arrakasta izan zuen bere obrak, galeristak txoratu, erabat sorgindu zituen marrazkiak diruditen bere altzairuzko eskulturekin eta geroztik erakusketak han eta hemen jartzeko eskaerak jaso eta jaso dabil.

 

Baina bera beti izan da artista eta arrakastaren olatuan igo aurretik ere marea indartsuek astintzen zuten bere sortzeko gogoa; duela hiruzpalau urtetatik arte aldetik “oso momentu intentsua” dabil bizitzen, sentsazioen “sobredosi” batek astinduta dabil eta sortzea besterik ez dauka buruan. “Niretzat hau dena da” dio oraindik guztiz jantzi barik duen estudioan eta bere “umetxoei” begira dagoela, zirrarez, kimikaz eta  artearen alde erromantiko zein gogorraz ere hitz egin digu.

 

Iñigo Arregi (artista) “ Euskal eskulturaren baitan beste bide bat jorratu duen artista bezala hartzen naute”

 

 550.inigoona (id: 6100402)

 

Zorionak Iñigo, zelan sentitzen zara horrelako lorpen baten ostean?

 

Oso pozik... kontutan hartu bizitza guztian ibili naizela sartuta kontu honetan eta beti ibili naiz borrokan, arte merkatua oso zaila baitago denontzako. Madriletik etorri naizenetik galeria mordo batetik deitu naute eta gainezka nago... hangoa arrakasta izan zen, milaka artista egon ginen eta zuregana etortzea nolabait, zure obrak konektatu egin duela esan nahi du. Ate pila bat zabaldu zitzaizkidan eta 54 urterekin etorri zait aukera; pozik nago baina halakorik ez nuen espero eta dudan sentsazioa arraroa da...

 

Zelan jaso zenuen Eroskiko eskultura egiteko enkargua?

 

Sorpresa handiz... Beste leku batzuetan ere baditut eskulturak jarriak, baina hau ez da espazio normal bat; Eroski seguru aski Euskadiko enpresa handiena izango da eta estatu mailan ere inplikazio oso handia du... enpresa oso ezaguna da eta halako leku baterako norberari deitzea itzela da. Hango arduradun batek katalogo bat zuen eta nire obra pila bat gustatu omen zitzaion, proiektu bat egiteko eskatu zidan, onartu zuten aurkeztu nuena eta aurrera egin genuen.

 

Obra honetan buru-belarri murgildu nintzen, gerora norberaren testigu moduan geratzen baita eta kontutan hartu gainera, dituen neurriengatik beti erreferentzi izango den eskultura bat dela. Are gehiago, egindakoarekin oso pozik geratu naiz, nik espero nuen bezala geratu baita: perfektu.

 

550.eskulturakin (id: 5970856)

 

Otsailean Art Madriden izandako arrakastak zerikusirik izan ote du kontu honetan?

 

Asko. Azken hiru urtetan erakusketa pila batekin ibili naiz eta Euskal Herri mailan ezagutzen naute; nolabait martxan jartzen den motor bat bezalakoa da eta Madrilek irmotu egiten zaitu. Madrilekin estatu mailan zeu ezagutzen hasten dira eta ate mordo bat zabaltzen dira. Hemengo galeriek ere ikusi dutenean Art Madriden egon naizela eta arrakasta izan dudala, deitu egin naute.

 

Zailena galeristek deitzea izaten da gainera; bakoitzak bere artistak izaten ditu, enpresak moduan funtzionatzen dute eta nahiko itxiak izaten dira. Mundu hau, kanpotik modu batean ikusten den arren barrutik desberdina izaten da; jendeak behar bada erromantizismo puntu horrekin ikusten du baina nahiko gogorra da.

 

Zure obratik zerk erakarri dituela uste duzu?

 

Estatu mailan eta esaterako Madrilen sarritan entzun nuen komentario bat izan zen “oso eskultura euskalduna” zela. Euskal eskulturak beti izan du prestigio bat Txillidarekin, Oteizarekin... gainera maila guztietan ezaguna egin den obra tipo bat da. Nire eskulturek duten materialagatik eta estetika aldetik ere badituzte konexio batzuk eskultura horrekin. Esaterako, jendeak interpretatzen du Txillidaren eragina dudala, baina esango nuke Oteizarena dudala gehiago.

 

550.berrik3 (id: 6069330)

 

Kontutan hartu behar da biek eskola bat sortu zutela hemen eta Euskadi mailan eskultore mordo bat gaude beraiekin zerikusia duguna, baina gero norberak bere obra pertsonalizatzen du... Esaterako, Txillidak trinkotasuna errepresentatzen du, dena da masa eta potentzia. Baina neuk guztia txapatik sortzen dut; kritiko batek ere esan zidan, Txillidari sekula ez zitzaiola burutik pasako eskultura bat neuk muntatzen dudan moduan egitea. Kontzeptuak oso ezberdinak dira.

 

Oteizak berriz, hutsunearen interpretazio bat egiten zuen eta kontzeptu hori nire obretan nabarmena da; denek kontzienteki landutako espazio edo hutsunea dute barruan. Dena den, Oteizaren obra bat nire baten ondoan jarriz gero, kontzeptuz lotura duten arren, gainontzean ez dute zerikusirik... Uste dut kritika aldetik konturatu direla konexio bat badagoen arren, nirea beste ildo bat denaz. “Euskal eskultura” errepresentatzen duena estetikoki alde batera utzi barik, beste bide bat jorratu duen artista bat bezala hartzen naute. 

 

Zelakoa da Eroskin jarri duzun eskultura?

 

Oso eskultura arina da; zulatuta dago ez baitut nahi izan bezero/enpresa arteko oztopo bezala interpretatzea... begiradak eskultura zeharkatzen du eta bien arteko komunikazio bat sortzen da. Izan ere, nik kontsideratzen dut Eroski banatzaile moduan enpresa normal bat dela, baina beste inplikazio sozialagoak dituenez horrek enpresa atipiko bihurtzen du. Nik guztiori jasotzea nahi nuen eta eskultura horrek nolabait errepresentatzen du enpresa-kontsumitzaile arteko konexio-puntua, fluxua.

 

Ezaugarri nagusietako bat da, goiko aldean oso arina dela, nire eskulturetan ohikoak diren grafismoak ditu... batzuk besteekin lotuta daude eta eskulturaren inguruan ibiltzen bazara, mugitu egiten dira eta horrexek irudikatzen du dialogoa.

 

550.eroski (id: 6041872)

 

Denek esaten didaten beste gauza bat zera da; nahiz eta nire eskultura altzairuzkoa eta pisutsua izan oso arina dela, airean egindako marrazkiak bezala direla. Eta hori neure-neurea dudan ezaugarri bat da. Esan, hori apropos egina dagoela aipatu dizudan mugimendu hori sortzeko eta obra honetan beste eskultura guztietan baino argiago nabarmentzen da hori, dituen dimentsio handiengatik.

 

Ezaugarri teknikoei dagokienez, 5 tonelada pisatzen ditu, 5 metro luze da eta 2,5 x 2,5 metro neurtzen du oinarrian. Cortén altzairua erabili dut eskultura egiteko; material hau  oxidatu egiten da eta oxidazioa bera da eskulturaren babesa, barniza bezala geratzen da.  Gainera, altzairu hau oso aldagarria da, udan berotzen denean eta euririk ez duenean egiten ia-ia laranja ikusiko da eta bustitzen denean berriz,  ia beltza. Horregatik gustatzen zait hainbeste material hau. 


Altuera aldetik handiagoa egin zitekeela ere esan dizute...

 

Lehenengo proposamena berez handiagoa egitea izan zen, baina foto-muntaia egin nuenean konturatu nintzen apur bat moztea komeni zenaz...6 metrotik 5era jaitsi nuen eta perfektu geratu da halaxe. Esan didate behar bada handiagoa egin behar nuela, baina nik ez nuke handiagoa egingo.

 

550.eroski2 (id: 7231273)


Eroskiko zentralean dago eskultura, enpresako irudi bihurtuko al dute?

 

Eraikin nagusian dagoenez, hemendik aurrera berton albisteren bat eman behar denean seguru aski eskulturarekin irtengo dela komentatu zidaten. Azken finean, obrak protagonismo handia hartu du espazio horretan eta zaila izango da eraikin hori erretratatzea eskultura agertu barik. Baina horrek ez du esan nahi sinbolo moduan erabiliko dutenik, behar bada denboraren poderioz bai... ikusi Donostiako barandillarekin zer gertatu den, hainbeste urtetan hortxe egon da inork kasurik egin barik eta orain Donostiako sinboloa da! Dena den, ez dakit zer asmo izango duten...

 

Zelan moldatu zineten 5 toneladatako eskulturatzarra behar bezala kokatzeko?

 

Nik beti Jaime Osinaga, Epeleko galdaragilearekin egiten dut lan eta bera arduratzen da guztiaz. Niretzat ezinbesteko laguntzailea da bera! Lehenengo galdererian muntatu genuen,  hortik Elorriora  kamioi handi batean eraman eta garabi batekin kolokatu genuen bere tokian. Muntaiarena izaten da ikaragarri gustatzen zaidan beste momentu bat, kritikoa izaten da;  gainera neurri horietan mugimendu bat sortu daiteke, edo txaparen bat askatu... tentsio pixka bat sortzen da, baina dena borobil irten zen. Neu urduri nengoen, baina Jaimek dena ondo lotuta izaten du, profesional handia da  eta sekulako lasaitasuna ematen dit.

 

550.epelen (id: 5822575)

 

Eskulturari zelan begiratu behar zaio ondo ikusteko?

 

Neuk ere ez dakit! Eskultura hodi bat bezalakoa da, ez du ez aurrealdeko zein atzealdeko irudirik eta inguruan birak eman behar zaizkio. Egia da alde batean txapa duela ia-ia goitik beheraino eta oso konpaktua da, baina ez da atzeko aldea delako...

Eskulturak joko asko ditu baina hori ez da azaltzeko modukoa, norberak atera behar ditu ondorioak.

 

Goiko marrazkiak elkarren artean nahaste hori ere imajinazio kontua da, ikusten duzu zelan funditzen diren marrak eta inguruan bueltaka hasterakoan mugitu egiten dira. Beste obretan ere efektu hori ikus daiteke, baina eskultura honetan duen altueragatik marra horiek zeruaren kontra garbi-garbi ikusten dira, inguratzen dituen guztitik bereizten direlako eta horrek sortzen duen sentsazioa azpimarratzekoa da.

 

Egin duzun obrarik garrantzitsuena dela esango zenuke?

 

Bai, duen neurriagatik ez ezik, kontzeptu aldetik gauza oso indartsu bat erabili dudalako. Eskultura bera biribiltasun handikoa da eta ikono bihurtu da niretzako, hemendik aurrera nire aurkezpenak beti eskultura honekin hasiko ditut.

 

Urriaren 29an Madril aldera zoaz berriz...

 

Hemendik aurrera erakusketa asko ditut hitzartuta... Madrilgo Estampa feriara noa lehendabizi Arte Contemporaneo (AC) galeriarekin; 29an  hasten da eta azaroaren 2ra arte irauten du. Datorren hilean berriz, Oviedo bisitatuko dut galeria berdinarekin eta otsailean Art Madrid 2009ra noa, Gasteizko Felisa Navarro galeriarekin. Martxoan A.C. galerian erakusketa indibidual bat muntatuko dut Madrilen, pieza handiekin eta apirilean Huescako La Carbonería galerian izango naiz.

 

550.obrak (id: 6122317)

 

Beste galeria mordo batekin zehaztu gabe ditut erakusketak... Marbellan dut esaterako bat erdi lotuta datorren urterako, baina data konkretatu barik dugu. Proiektu mordo bat ditut, baina orain aipatzen dizkizudanak eguna jarrita dutenak dira.

 

Zenbat lanekin zoaz Estampa feriara?

 

12 lanekin, 7 dira berriak eta 5 lehenagokoak. Berrietako bat metro eta erdikoa da, stand erdian jarriko dut eta berau izango da nolabait protagonismoa eramango duena. Beste seiak berriz, formatu txikikoak dira.

 

Zazpi lan berri horiek ba al dakarte nobedaderik?

 

Aurretik egin ditudanen estilo berdinekoak dira, baina proposamenak aldagarriak dira; esaterako, oinarrian interbentzioak egiten hasi naiz eta plano inklinatuak ere ari dira sortzen. Estetika aldetik garbi ikusten da nireak direla, baina beste bide batzuk hasi naiz topatzen; beste tentsio batzuk, beste argumentu batzuk ageri dira...

 

550.berriak (id: 5877957)

 

Oso interesgarriak iruditzen zaizkidan gauzak sortzen ari naiz eta pieza batzuekin bereziki, ilusio handiz nabil. Orain Madrilera joaten naizenean ikusiko dut kritikoek zer komentatzen duten obra berri hauei buruz,  ia zer pertzepziorekin ikusten ditudan!


Eskulturarekin duzun arrakasta ikusita, grabatuan eta pinturan baino gehiago zentratuko zara horretan?

 

Denean zentratuko naiz, nire obran dena baitoa lotuta. Orain esaterako, amorratzen nago grabatu bat egiteko, baina torkulua oraindik ez dudanez ekarri estudiora apur bat itxaron beharko dut. Hala ere, gabonetarako grabatu berriak egingo ditut... eskulturak berak eskatzen dit grabatuak egitea eta sekulako gogoa daukat! Are gehiago, otsailean Art Madrilera adibidez, ez dut eskultura soilik eramango. Pintura eta grabatuak ere eramango ditut eta beste asmo bat ere badarabilt buruan; koadro handi bat egin nahi dut, nahiz eta oraindik ezin dudan.

 

Finean, eskulturari ez diot besteei baino garrantzia gehiago emango, erakusketetan dena erakustea nahi baitut. Egia da eskultura dela arrakasta handiena eman didana, baina pintura eta grabatuekin batera osatzen du nire obra; eskulturak oso piktorikoak dira, grabatuak eta pinturak berriz, eskultorikoak... 

 

Artearen munduan saiatzen dabiltzan gazteei zer esango zenieke momentu honetan?

 

Nork bere obra egitera animatzen ditut, baina ez arrakasta izatea espero behar dutelako... azkenean jarrera bat da, eta benetan artea bizitzen duenak agian ez dauka erakusketak egiteko beharrik ere. Beste kontu bat da horretaz bizitzea nahi  baduzu edo merkatuan sartzeko asmoa izanez gero, hor asuntoa konplikatu egiten da...

 

550.estudioa (id: 7248530)

 

Baina artista bati nik artista izatea eskatuko nioke; neuk lagun mordo bat ditut nirekin batera ikasi dutenak, estudioa konpartitu dugunak... nik zortea izan dut eta beste batzuk ez, baina finean denok gara berdinak. Diferentzia bakarra da nik momentu honetan – eta momentu batean soilik geratzea gerta daiteke-  zortea izan dudala, baina horrek ere ez zaitu artista egiten. Norbera artista sentitzen denean ez du behar kanpoko bultzadarik, gauza oso pertsonala da eta sortzailea denak berez dauka beti sortzeko beharra.

 

Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE