Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
MU-k gero eta hurbilago dauka kategoria igoera

“EBA bertan dago!” oihukatu dute saskibaloi zaletuek, Gasteizko garaipenean

Mondragon Unibertsitateak garaipen erabakigarria lortu zuen atzo Gasteizen: Leclerq 77 – MU 85. Ekipokoek eta Arrasatetik joandako zaletuek pozarren ospatu zuten. Iñaki Merino entrenatzailearen taldeak esku-eskura dauka EBA liga. Hurrengo partiduak (historikoak) Iturripen.

590.Saski.MU-Leqlerc.erasoa (id: 5467898)


Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkiak: Ointxe!
2008ko apirilak 13, igandea

 

Partidu amaierako bozinak jo zuenean, Gasteizko Landazuri kiroldegiko kantxa pozak gainezka egin zuen. Agian denboraldiko garaipenik garrantzitsuena lortu berria zuen Arrasateko taldeak, eta Ointxe! taldekoek elkar besarkatu zuten poz-pozik. Arrasatetik joandako zaletuek txaloekin eta aldeko oihuekin eskertu zieten gazteei garaipena.

 

Jai bat izan da”, adierazi zuen Iñaki Merino entrenatzaileak, “harmailak bete-beteta egon dira, partidu ederra izan da, edonori jokatzea gustatzen zaion horietakoa, eta gainera irabazi egin dugu”.

 

Garaipenak gainera balio bikoitza dauka: Arrasateko ekipoa EBAra gehiago hurbiltzeaz gain, taldeak lortu zuen arerio zuzen bati nagusitzea, zehazki, bigarren postuan dagoen Gasteizko Leclerq-i. Orain, MU-k 3 garaipeneko errenta ateratzen dio, eta alde hori erabakigarria izan daiteke, denboraldia amaitzeko 4 partidu bakarrik falta baitira.

 

Arrasateko jokalariek, atzo kantxaratu zirenean, jakin bazekiten zelako garrantzia zeukan partiduak. Horregatik agian gauzak oker hasi ziren eurentzat, eta gasteiztarrek aurrea hartu zuten markagailuan.

 

590.Saski.MU-Leqlerc.Alarci (id: 5509103)

 

Baina 2007-2008 denboraldi honetan Iñaki Merinoren ekipoak ez du areriorik izan, salbuespenak salbuespen, eta markagailuari buelta eman zion erreboteetan erakutsitako nagusitasunari esker. Horrela, 4 puntu aurretik jarri zen lehen laurdena amaitzerakoan.

 

Alarcia beteranoak eskumuturra fin izan zuen, 27 puntu egin zituen eta Ointxe!-ko saskiratzaile nagusia izan zen. Bigarren laurdenean jokalari urdindunek aldea handitu zuten, eta atsedenean 8 puntugatik irabazten zuten.

 

Ekipoa ez zen bakarrik egon, zaletu arrasatear asko joan zelako Gasteizko Landazuri kiroldegira, tartean Ointxe!-k antolatutako autobus bat, eta majo animatu zieten gure gazteei. Hirugarren laurdenean Merinoren mutilek 15 puntuko aldea ere lortu zuten.

 

Kintanak 14 puntu egin zituen, eta kanpoko jaurtiketa garrantzitsuak saskiratu zituen, une erabakigarrietan. Leclerq-ek bitartean ez zekien zelan erantzun MUren jokoari. Iñaki Merinoren hitzetan, “aurreikusten zena baino ahulago aritu dira, nahiz eta talde sendoa den, bai fisikoki, baita kalitateari dagokionez ere”.

 

Partidu amaierako bozina jo zuenean, poztasunak gainezka egin zuen Ointxe!-ko taldekideen eta zaletuen artean. Momentu gogoangarriak, bai horixe.

Ointxe!-k azken hiru partiduak etxetik kanpo jokatu ditu, eta hilabete horretan kategoriako talde indartsuenei irabaztea lortu du. Beraz, Iñaki Merinoren taldea etxera bueltatzen da, etxeko lanak eginda.

 

590.Saski.MU-Leqlerc.ospak (id: 5559521)

 

Hurrengo larunbatean Zornotza hartuko du Iturripen. Bizkaitarrek ez daukate EBAra igotzeko inolako aukerarik, eta sailkapeneko azken-heren postuan daude. Ointxe!-ko lagunek espero dute datozen partiduetan zaletuek laguntza ematea.

 

Oraindik ez dugu EBA ligarako txartela lortu, baina gauzak oso txarto egin beharko genituzke txartela ez lortzeko. Hiru garaipeneko errenta daukagu gure alde”. Beraz, hemendik aurrera partidu historikoak dauzka jokoan Arrasateko taldeak datozen asteburuetan, etxean, Iturripen.

 

www.ointxe.com


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE