Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Hitzaldi sorta

Nondik dator euskara?

Josu Naberan, Martin Mendizabal eta Alfontso Martinez Lizarduikoa adituek Euskal Herriak gordetzen duen misteriorik handienaren inguruko hiru hipotesi azalduko dizkigute AEDk antolatutako hitzaldi ziklo batean. Urtarrilak 30, otsailak 6 eta 13an izango dira, hurrenez hurren, Kulturateko Loramendi aretoan.

L.L.A/ Mondraberri,2008ko urtarrilaren 28a, astelehena.


 

Eguzkilorea (id: 6508189)

 

Duela gutxi, Copeko esatari, César Vidalek euskara laborategiko hizkuntza bat, "Bizkaiko dialektotik, batuatik datorren fetua" dela zabaldu zuen lau haizetara. "Zuhaitza orokorrean definitzeko gaitasunik ez duen" euskaradun izanda, inkontzienteki irten zitzaidan, harri eta zur utzi ninduen teoria zanpatzaile horri erantzuten zion esaera zahar bat: Hamaika entzuteko jaioak gara! Seguru aski, zuotako askok ere irakurri edo entzungo zenituzten "tipo" honek (barka zabarkeria) botatako perlak eta Montserrat Martinezek, (euskal filologian eta espainiar filologian lizentziaduna) eman zion erantzun dotore eta didaktikoa.

 

Zabal-zabal imajinatzen dut irratiko bere palkoan eserita, eta egia esan, igual eskerrak eman beharko genizkioke Cesarri... ez dakit bere hitzen helburua benetan hori ote zen, baina euskaldunon "fibra" berezi hori, identitatearena ukitu zigun gure hizkuntza gutxiestean. Sarrionandiak ere horixe esaten zuen, espetxean euskara zutela beraien territorio libre bakarra. Eta jakin nahiko nuke Copeko estudioetan artikulu horri erantzuten zioten zenbat eta zenbat mezu jaso zituzten... hori seguru, ez dugula sekula jakingo.

 

Eta ez naiz sartuko gure hizkuntza gutxitua izatearen arrazoiak aztertzen hasiko... Hizkuntza beti politikaren menpe izaten da. Hori izan daiteke labur-labur esanda, eragile nagusia, baita euskararen jatorria ulertzeko gai ez izatearen zioa ere; burujabetza politikoaren faltan egonda, burujabetza linguistikoaren hutsunea ere badugu.

 

Zenbait kuriositate.

 

Nondik dator euskara? Euskal Herriak gordetzen duen misterio handiena dela esango nuke nik; "Europarrok euskarari begira gaude, kontinenteko hizkuntza zaharra hobe ulertu eta jatorria aurkitu nahian baina, zeuek (euskaldunoi) ez baduzue argitzen, jai daukagu" atzerritar ikerle batek aspaldi esan omen zien euskaldun batzuei. Are gehiago, Europan ez ezik, munduko beste zenbait jendetan ere interesa piztu du gai honek... Gogoratzen dut duela urte batzuk zelan bereber batek esaten zidan gure hizkuntzaren jatorria beraien herrian zegoela, eta nire abizena (Lardizabal) galdetu ostean, "sasitza" esan nahi zuela erantzun zidan konbentzituta. To!

 

Bada, hortxe duzue Europako hizkuntza zaharrenaren gaineko hipotesi bat. Eta beste asko daude, gehienak hizkuntzalarien eskutik etorri zaizkigu baina badira beste arlo batzuetan jarduten duten jendeengandik jasotako beste hainbat: Esaterako, Aquiles Luchaire frantziarrak, hizkuntzalaria izan gabe, 1878 urtean Akitaniako erromatar aurreko inskripzioek euskarazko hitzak zituztela frogatu zuen. Bestetik, Manuel Gomez Moreno Andaluziako historia irakasleak idazkera zeltiberikoa deszifratzen lagundu zuen 1922 urtean.

 

Euskara latinetik aztertzen hasi zen, hizkuntz bilakaerak aztertzeko idazkiak ordudanik ditugulako. Baina, idatzi ez den hizkuntza batek, beste bide batzuk jorratu behar ditu bere sorlekua aurkitzeko. Ikerlari askok toponimiaren arlotik jo dute eta beste bide batzuk jorratu dituenik ere badago, baina denak ados dira gauza batean; euskararen jatorriaz dakiguna hutsaren hurrengoa da. Hala ere, orain arteko kemenaz ikertzen jarraituz gero, teknologia berriek informazioa elkartrukatzeko eskaintzen duten aukera aprobetxatuz gero, hemendik 10-20 urtetara askoz gehiago jakingo omen dugu.

 

Kulturaten, 19:00etan.

 

Datozen hiru asteetan geurean izango ditugu misterio honen gaineko ikerketak egiten aritu diren hiru aditu: Josu Naberan, Martin Mendizabal eta Alfontso Martinez Lizarduikoa. AED euskara elkarteak euskararen jatorriari buruzko hitzaldi sorta bat antolatu du, eta guztiz ezberdinak diren hiru hipotesi entzuteko aukera izango da Kulturaten urtarrilaren 30ean, otsailaren 6an eta otsailaren 13an Kulturateko Loramendi aretoan:

 

 


 

Urtarrilak 30, eguaztena

 

151.josu.naberan (id: 5504715)

 

Josu Naberan. (Itzultzailea eta idazlea. Euskararen jatorriari eta euskal mitoari buruz ikertu du, besteak beste).

 

Linguistikoki enfokatzen du bere teoria eta euskarak hiru erro dituela dio, "Mediterraniar, aurre-indoeuropar eta bereber-kaukasiar jatorrikoak".

 


 

Otsailak 6, eguaztena

 

151.martin.mendizabal (id: 5246091)

 

Martin Mendizabal (Arantzazuko apaiza. Artxibo zibil eta erlijiosoetan arakatzen ibili da).

 

Toponimiari garrantzia handia ematen dio. Lurra eta gorputzeko atalen arteko uztarketa bat egiten du eta euskara nondik datorren baino, euskararen berbak zelan sortzen diren azaltzen du. "Silabario eta soinu ezberdinetan euskararen jatorria aurki genezake".

 


 

Otsailak 13, eguaztena

151.Alfontso Mz Lizardikoia (id: 4869649)

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Alfontso Martinez Lizarduikoa. (Ingeniaritzan doktore eta EHUn zientziaren filosofiako irakaslea. Euskal nortasunaren ikertzailea, besteak beste.)

 

Europa Euskal Herrian sortu zela dio eta euskara hemendik zabaldu zela alde guztietara. Euskaratik datozen berba asko agertu omen dira, Alemanian esaterako. "Euskal Herria Europaren arima da, ez dituelako galdu jatorrizko nortasun-ezaugarriak".

 


 

Gure identitatea biltzen duen misterio handi honi buruz gogoeta batzuk egiteko, zita interesgarria jarri digute AEDkoek... Hiru teoria, hiru ikuspuntu ezberdin XXI. mendean bizi-bizirik dirauen hizkuntza, eta finean, kultura, herri baten inguruan. Onena, bertora joan, entzun eta ostean lagunekin kafe bero bat hartuz inpresioak kontrastatzea izango da... eta euskaraz, noski! Bakarren batek erdaraz entzuten bagaitu César Vidali arrazoia ematen ari garela pentsatuko baitu bestela.


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE