Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Iñigo Alzola (mendi-lasterkari arrasatearra):

"Anboton iazko garaipeneko markara hurbiltzen ahaleginduko naiz"

Urte oso ona aurrera eramaten ari da, eta Espainiako Txapelketan parte hartu ostean, irailean Bertikalen Euskal Herriko Txapelketa irabazi du ofizialki. Zapatu honetan ere Anboton "dena emango dut".

595.Iñigo.Alzola.Anboton.Garaile.FACEBOOK (id: 552300)


Testua: Gontzal Landa Herbias / Argazkia: Facebooketik / 2019ko urriak 3, osteguna

 

Bertikalen Euskal Herriko Txapelketa irailaren 14an jokatu zen Aralarren, eta lasterkari arrasatearra txapelduna izan zen. 

 

Hala ere, kirol-legez azaldu digu "ni bigarren helmugaratu nintzela, baina Federazioak antolatutako lasterketa zenez, eta federatua izatea eskatzen zutenez, helmugaratutako lehenak (federatu gabe zegoenez) ez zuen txapela jaso".

 

Ondorioz, "ofizialki txapelduna izan nintzen, baina lasterketan benetan txapeldunordea izan nintzen. Horregatik, txapelketak zapore gazi-gozoa utzi dit, eta horregatik baliteke lorpenari ez ematea beharbesteko garrantzia".

 

Horrelako proba bertikalak "nire ezaugarrientzat ondoen egokitzen diren probak dira, eta mendi-lasterketako disziplinetako bat osatzen dute".

 

Hala ere, "duda egin nuen, txapelketan parte hartu edo ez, aurrez gaixo egon nintzelako. Dena den, txapelketak ilusioa eragiten zidan, eta parte hartzea erabaki nuen proba baino egun bat lehenago, ostiralean. Lasterketan fisikoki oso ondo sentitu nintzen".

 

Iñigo Alzolak "Espainiako Kopan Granadako probara arte ondo lehiatu nuen, fisikoki oso ondo, baina ondoren belauneko lesio batengatik gainbehera izan nuen, eta Zumaiako proban ezin izan nuen parte hartu".

 

Ordutik "errekuperatzen ibili naiz, bizikletan ibiltzen, eta asteburu honetan Anboto Kilometro Bertikalean parte hartuko dut".

 

Arrasatearrak iaz proba hau irabazi zuen, eta "aurten helburu dut iazko denboraren antzekoa egitea. Erronka zaila da, iaz fisikoki oso ondo nengoelako, eta lasterketa eguneko baldintzak oso onak izan zirelako, agian inoizko onenak".

 

Izan ere, "lurra oso lehor zegoen, tenperatura egokia, eta esango nuke haizea ere alde genuela. Aurten litekeena da Anbotoko baldintzak okerragoak izatea":

 

"Larunbatean Anboton izan nintzen eta lokatza zegoen. Astean zehar euria egin du, baina ahaleginduko gara iazko markara hurbiltzen. Fisikoki prest nago, eta entrenamendu batzuetan oso gustura sentitu naiz. Nire esku dagoena egingo dut".

 

Lasterketa Maritxu Kajoi osteko zapatuan izango da, eta jaiari "uko egin diot. Garrantzi handiagoa ematen diot denborari helmugako postuari baino".

 

Anboton "nirea baino marka hobeak lortu dituzten lasterkariak izen handikoak dira. "Nire garaipen handiena iazkoa izan da, baina postuari baino garrantzi handiagoa ematen diot denborari".

 

Hobetzeko tartea duzu? "Entrenatzaileak esaten dit alor batzuk hobetu ditzakegula, batez ere Espainiako Kopako proben distantziei dagokienean. Asko dago ikasteko eta lantzeko".

 

Izan ere, "ni ez nago ohituta horrelako distantzietan entrenatzera. Ordea, kilometro bertikaletan hobetzea oso zaila da, segundoetako kontua baita".

 

"Nik iaz esaten nuen Anbotoko bertikalera ez nintzela itzuliko, iazko marka berdindu edo hobetuko ez nuelakoan. Horregatik, hara itzultzeak frustrazioa eragingo lidake, baina orain nire burua ondo ikusten dut, gustuko dut eta hobetu nahi dut".

 

"Entrenamenduetako prozesu ona kontuan hartuta, Anboton denbora on bat egiteak esan nahiko luke pastelaren ginda jatea. Pastela jada jan dugu".

 

Aurtengoa "urte polita izan da oro har, gustura bukatzen nabil, aukera oso onak izan ditut, gehiago gozatu dut, eta horrela bukatuz gero, urte borobila izango da". Zorionak Iñigo! Egurre Anboton!

 

 

Erlazionatutako albistea:

Iñigo Alzola Anboton garaile izan da eta 3. Euskal Herriko Txapelketan

2018ko urriaren 15ean argitaratutako albistea 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE