Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Eider Otxoa (Dolulaguna, Debagoieneko Dolu Laguntza Zerbitzuko sortzailea eta terapeuta):

"Zentzugabeko sufrimenduari amaiera ematea da eutanasia"

Dolu terapeuta honek azaldu digu heriotzaz lasaiago hitz egin ahal izateko "heriotza onartzeko prozesu bat bizitzea beharrezkoa dela". Esfortzu horrek baditu bere fruituak, "gauzei daukaten garrantzia ematea" adibidez. Eutanasiaren harira, azpimarratu du pertsonak Azken Borondatearen Dokumentua egitearen garrantzia. Alor hauetan, Dolulaguna zerbitzuak hainbat ekimen jakingarri ditu martxan.

595.Eider.Otxoa.Dolulaguna1 (id: 4252180)


Testua eta argazkiak: Gontzal Landa Herbias / 2019ko maiatzak 15, asteazkena

Eider Otxoa Aretxabaletako Dolulaguna, Debagoieneko Dolu Laguntza  Zerbitzuko sortzailea eta terapeuta da, eta berarekin izan gara eutanasiaren gaia hobeto ezagutzeko.

Eutanasiak zerikusia dauka heriotzarekin, nola hurbildu daiteke jendea heriotzaz hitz egitera era lasaiago batean?

"Heriotzaz lasaiago hitz egin ahal izateko prozesu bat bizitzea garrantzitsua da - azaldu digu Eiderrek - , denok bizi dugun prozesua. Pertsona batzuoi bizitzak erakutsi digu heriotzaz bizitzen, eta beste batzuk, inguruan heriotza garrantzitsuak izan dituzten arren, heriotza alboratzen edo ezkutatzen saiatu dira".

Dolulaguna zerbitzuak "lan handia egiten du heriotzaren kontzientziazioari dagokionez. Beti diogu heriotza naturaltasunez bizitzea interesgarria dela, zergatik? Bizia ematen duelako".Izan ere, "heriotzaz gero eta kontzientzia handiagoa izan, orduan eta bizitzak indar handiagoa hartzen du. Ohartzen gara heriotza bertan dagoela, eta edozein unetan hel daitekeela".

"Kontzientziatzen bagara heriotzarako gero eta minutu gutxiago falta direla, beste modu batean biziko gara. Heriotza ez da nagusitan iristen dena, edo noizean behin datorrena, heriotza hemen dago, gurekin doa, gure itzala bezalakoa da".

Heriotzari buruzko kontzientzia hartzen badugu, "lasaiago bizi gaitezke, orainaldira ekartzen baikaitu, bizi dugun errealitatera. Gizarte honetan oso ohikoa da iraganera begiratzea, buruari bueltak emanez, eta etorkizunera begiratzea, dena programatu guran, segurtasun baten bila".

Ordea, "eduki daukagun segurtasun bakarra orainaldikoa da, une honetakoa, alegia. Atzera eta aurrera begiratze horien ondorioz, oraina galtzen dugu. Heriotzaren kontzientzia izatean, oraina bizitzen ikasten dugu".

"Jaiotzen garen unetik badakigu hilko garela, jaiotza eta heriotza bat datoz, eta bien artean bizitza dago. Bizitzari zukua ateratzea da kontua".

Heriotzaren kontzientzia izateak "erlatibizatzen irakasten digu", hau da, "gauza askok garrantzi askorik ez dutela ohartzen gara, nahiz eta guk garrantzia ematen diegun".

Gainera "gizatasun handiagoa lortzen dugu, eta bizitza bere baldintza guztiekin onartzen dugu. Hau da, gaixotasuna onartzen ikasiz, gaixo daudenak, zahartzaroan identitatea galdu duten pertsonak zainduaz eta hiltzear dauden pertsonen bizipen zailean sostengua emanaz".

Eutanasia "bizitzari bukaera emateko borondate bat da", eta eutanasiaren gaian "ezberdinduko nituzke legea eta borondate humanitarioa":

"Pertsonon borondateak adierazten du, gizatasunetik, pertsonon bizitza erabakia kontuan hartzea, sufrimendua baino ez dagoenean, pertsonak bere identitatea erabat galdua duenean,  bizitza sentsurik gabe gelditzen denean, alegia".

Gaur egungo legearen arabera, "tratamendu bat baldin badago, pertsonak erabaki hori har dezake, baina beste egoera batzuetan, Sampedroren kasua esaterako, ez zegoen tratamendurik, eta ondorioz ezin izan zuen berak bere bizitzaren inguruko erabaki bat hartu".

Azkenaldian oihartzun handia lortu du Portugaleteko familia baten eskaerak, familiako ama "modu oso begetatiboan azken urteetan hiltzen joan dena".

Ildo honetan, Azken Borondateen Dokumentua dago, "guztiok kontuan hartu beharko genukeena. Portugaleteko emakume honek dokumentua idatzi zuen, eta bere borondatea zen "bera gai ez bazen, eta berarentzat eta familiarentzat sufrimendua bazen, bere bizitza bukatzea nahi zuela".

185.000 herritarrek estatu espainiarreko Kongresuari eskatu diote eutanasia despenaliza dezala. Baina hala ere "kuriosoa da Espainia mailan hiritarren %1 soilik eutanasiaren aldekoa izatea".

Portzentaje oso baxua da "legeak zailtzen duelako herritarrek jakitea zein pausu eman daitezkeen eutanasiarantz".

Eiderrek antzeko kasu bat izan du orain gutxi familian: "Orain direla bi hilabete inguru gure familiako pertsona bat hil zen, 14 urtetan zehar Alzheimerraz bizi izandakoa".

Familiako honen gaixotasuna "oso azkarra izan zen hasieran, beherakada handia izan zuen orduan, eta ondoren modu oso begetatiboan bizi izan da. Bere identitatea orain direla 14 urte galdu zuen, eta ordutik bizitza galtzen joan da tantakaz-tantakaz".

Horrelako egoeratan "eutanasia interesgarria da, betiere pertsona osasuntsu dagoenean hartutako erabakian oinarrituta".

Horregatik azken borondatearen dokumentua oso garrantzitsua da: "Egun hainbat mediku dokumentuaren aldekoak dira, eta gure kasuan ospitalean egitea posible da. Bestela notaria batean egin liteke".

Agiri horrekin adierazten dugu gure bizitzaren amaiera nolakoa izatea nahi dugun. "Guk gazteok ere borondateen dokumentua egin dezakegu", izan ere, "bat-bateko istripu bat izango bagenu, egoera txarrean gera gintezke fisikoki, mentalki edota identitateari dagokionean".

Eutanasia dugu "inolako zentzurik ez duen sufrimendu bati amaiera ematea. Badago zentzua duen sufrimendua, bizitzarako sufrimendua, haurtxo goiztiarrak esaterako, eta hemen Dolulagunan badira kasu batzuk".

 

595.Eider.Otxoa.Dolulaguna2 (id: 4297400)

"Hasierako sufrimendu hori, adibidez hiruki batzuen kasuan, umetxoetako baten kasuan merezi izan zuen, haurtxo hori egun bizi delako. Jaio ondoren, 23. astean sufritzen ikustea gogorra izan zen, baina sufrimendu hark bizitzarako balio izan zuen".

Ordea, "bizitza bukaerako sufrimendua, klinikoki itxita dauden kasuetan, interesgarria da. Nik ez nuke esango pertsona hauek ezer sentitzen ez dutenik, Alzheimerraren barruan bizipenak ere egon badaudelako".

Adibidez "gure izebak, Alzheimerrak jota zegoen arren, gure ahotsak identifikatzen zituen. Nork ziurtatzen du Alzheimerrak dutenek sentitzen ez dutela?".

Ordea, "bizi-kalitaterik ez badago, pertsona horrek bere identitatea erabat galdua badu, fisikoa, emozionala, mentala,... Etorkizun gabeko sufrimendua izan daiteke".

Portugaleteko emakumeak esaterako borondateen agiria idatzia zuen, "bere ama Alzheimerrak jota hil zitzaiolako. Beraz egoera ondo baino hobeto ezagutzen zuen".

Eider Otxoa oraintsu pertsona batekin izan da, pertsona honen aita minbizia azkar batek jota hil dela. "Beraxek esan bezala, gehiago sufritu dut aita hil baino lehen, aita hil ostean baino".

Horrenbestez, "eutanasiak badu zentzua. Borondate humano bat da, eta posible izan beharko luke oso-oso justifikatuta izatean".

Dolulaguna Zerbitzuaren lana da "pertsonen garapen lanean laguntzea, eta bide honetan 'deathcoffe'ak antolatuko ditugu hemen, Aretxabaletan eta bailaran, heriotzaz lasaitasunetik hitz egiteko".

Izan ere, "heriotzaz berba egiteko espazio berriak behar dira. 'Deathcoffe'ak ez dira terapia egiteko espazioak, baina bai pertsonak dituen lotura batzuk askatzeko espazioak. Mundu mailako mugimendu bat da".

Arrasaten 'deathcoffee' bat egin izan da, eta "ahaleginduko gara Aretxabaletan, Eskoriatzan, Antzuolan, Bergaran,... bailaran oro har egiten. Donostian, Azpeitian,... badabiltza horrelako ekimenak egiten".

"Baliteke deathcoffe batera lehen aldiz doan pertsona bat, ekitaldian zehar entzutera mugatzea, hitza hartu barik. Baliteke ere, bigarren saioan izatean, heriotzaren inguruko lau hitz egitea".

Arrasateko 'deathcoffee'aren esperientzia "ederra izan zen, profil ezberdineko pertsonak elkartu ginen: emakumezko eta gizonezko alargunak, euren heriotzak onartzeko prest zeuden ospitaleko 3 langile, bere buruaz beste egindako pertsona baten arreba, eta jaiotzaren inguruan hiltzen diren haurren senideok".

Beste ekimen batzuk ere martxan daude, esate baterako martxotik Donostiako San Telmo museoak heriotzaren inguruko erakusketa bat zabalik izan du. Horren harira, hitzaldiak, emanaldiak,... izan dira.

Donostiako hitzaldietako batean Dolulagunak parte hartu du, heriotzaren inguruan dabiltzan 4 adituk antolatu duten ekimenaren baitan. Aditu horietako bat Eider Otxoa izan dugu, eta tailerrak emango ditu Mar Cortina, Iñaki Izan eta Belen Capapé-rekin batera.

Mar valentziarrak 'Didáctica de la muerte' lana idatzi du, eta irakasle gisa, heriotzaren gaia Hezkuntzan lantzeko dihardu. Beste hainbat liburu ere eginak ditu.

Iñaki Izan Elgoibarko Ur Bixixa elkarteko kide da, eta barne-hazkuntzarako tailerrak eskaintzen ditu baserri batean, bere neskalagunarekin batera.

Belenek dantza bidezko terapeuta da. 20 urte daramatza horretan, eta Pedagogia Terapeutikoa eta Sistematikoa ikertzen dihardu, besteak beste.

Hortaz gain, Dolulaguna hileta zibilak antolatzen hasi da, "bizitzaren bukaerako beste borondate gisa. Omenaldi, jai, agur,... hori oroimenerako eta eskertzarako une goxo bat sortzea da".

"Baliteke 'jaialdi' hitza gehiegizkoa izatea, baina kontuan hartzekoa da hiltzear dauden pertsonak, paliatiboetan daudenak, lasaitasun oso handitik hitz egiten dutela. Heriotzarekiko beste bake batetik hitz egiten dute".

"Aitor Sarasuak esaterako, berak idatzitako testuetan irakurri ahal izan dotenez,   bere heriotzaren onarpena zuen gaixotasunetik egin zuen eta hortik abiatuta, bere ingurukoak ere prestatu zituen".

Momentuz Aretxabaletan eta Eskoriatzan eskaintzen dugu zerbitzu hau: "Oinarrizko estruktura duen ekitaldi bat eskaintzen dugu, eta berau  pertsonalizatzeko aukera ematen dugu".

Dolulaguna Zerbitzua, "bere horretan, dolu terapia gune bezala sortu genuen. Dolua galera bati egokitzapen prozesu bat da. Galera ezberdinak izaki: heriotza, Alzheimerraren diagnostikoa, minbiziarena, bikotea galtzea, dibortzioa,... oro har, gure bizitzan oreka galera ekartzen duena".

Dolu patologikoan "pertsonak ezin du minetik irten, kasu batzuetan inguruak laguntze ez duelako. Dolua ez da klinikoki errekonozitzen askotan. Sufrimendua ikaragarria da".
Horren aurrean, Dolulagunak "doluak sostengatzen ditu, dolu prozesuak aztertzen ditu,eta lagundu egiten du prozesua bizitzen".

Dolua gainditzea ez da denbora kontua, "dolua gainditzeko gakoa dolua lantzea da, lan bat da. Barruak zabaltzea gogorra da, baina beharrezkoa gauza bakoitza bere tokian jartzeko. Guk sostengatzen ditugu terapia indibidualaren, bikote terapiaren, familia terapia edo talde terapia bitartez".

Hortaz gain, Dolulagunak "doluaren inguruko kontzientzia zabaltzen du hitzaldi eta tailerren,... bitartez".

Dolulaguna hezkuntzan ere heriotzari buruzko kontzientzia zabaltzen ari da, "Arizmendi Ikastolak eskatu digu doluaren inguruko Gida bat egitea. Hala, datorren kurtsoan gaia ikastolan landuko dugu, Maite Urzainekin (Erizaina eta Dolu Terapeuta) batera, Dolulagunaren kolaboratzaile dena, besteak beste". Arrasate Herri Eskolarekin ere hasiak gara berauen Gida lantzeko lehen urratsak ematen …”

Doluaren inguruko aditu honek eskatzen du "eutanasia sufrimenduarekin bukatzeko baliabide bat izan dadila, gizatasunak duen garrantzia emanda". Eutanasiari gain beste 3 kontzepturi ere argia eman nahi nieke:

1. Suizidio lagunduari: Bere heriotza nahi duen pertsonari, laguntza ematea, behar duen materiala bere eskura jarriz. Laguntza hori profesional medikuek edo beste pertsona batzuen eskutik jaso dezake. (Momentuz, Suitzan bakarrik baimendua)
2. Tratamenduari uko egiteari: Profesional medikuek emandako tratamenduari uko egiteko pazienteak baimen informatu balioduna aurkezten duenean.
3. Sedazio Terminalari: Hilzorian dagoen paziente bati, sufrimendua arintzeko medikamentuak ematea, baimen argia jaso ondoren.
4. Eutanasiari: Gaixotasun sendaezin baten ondorioz, sufrimendua fisiko eta psikokoa pairatzen duenez, duintasunik gabeko egoera onartezinean bizi den paziente batek, behin eta berriz eta argi eta garbi, eskatutako jardunak beste pertsona batzuen eskutik gauzatzea, paziente horri minik gabeko heriotza bizkor eta eraginkorra eragiteko.

Heriotzaren inguruko kontzientzia lortzea "lan zaila da baina jarraitu deigun heriotzari gugan bere tokia jartzen,  bizitzen has gaitezen".
 

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE