Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Argazki-galeria
Ikuskizun polita eskainita, ezustekoa eman du Kanpanzar Arrasatek
Zenbait unetan atzetik joan badira ere, Igor Isasiren mutilek markagailua irauli eta 31-26 irabazi diote La Unicari Mojategin.
Isei Barbero / 2019ko otsailak 9, zapatua

Gaur arratsaldean Mojategira gerturatu direnek ikuskizun paregabeaz gozatzeko parada izan dute, lehenik eta behin Herensugeek jokatutako lagunarteko partiduarekin eta, ondoren, seniorrek lortutako garaipenarekin, bi kasuetan aurkaria La Unica izan dela.  Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek zailtasun ugariei egin behar izan dizkiete aurre gaurko neurketan –atsedenaldira 7-21 galtzen joan dira- baina, zorionez, markagailuari buelta eman eta azkenean 31-26 nagusitu dira.  

Beste batzuetan ez bezala, gaurkoan lo zelairatu dira Isasiren mutilak eta, konturatu orduko, atzean ziren markagailuan.  Partidua hasi eta berehala La Unicak baloia hartu eta ziztu bizian abiatu da etxekoen entsegu eremura, 0-7koa markagailuan jarriz.  Batekin konformatu ez, eta 10 minutu beranduago nafarrek arratsaldeko bigarrena egin dute, oraingoan ere transformazioa gauzatzerako orduan hutsik egin gabe (0-14).
 
300 (id: 4290629)

Kolpe bikoitz hau, baina, Kanpanzar Arrasate suspertzeko baliagarria izan da eta, bultzaldi luze baten ostean sarrailagileek markagailua nolabait orekatu dute euren aurreneko entsegua lortuta.  Ohi bezala, Arizaleta eraginkor aritu da baloia kolpatzerako orduan eta, honenbestez, 7-14koa igo da markagailura.  Jada lehenengo zatiaren ekuatorea gaindituta, indarrek parekatuta jarraitu dute berdegunean, zenbait unetan partidua berotuz.  Min hartu ostean Olabarriak zelaia utzi behar izan du baina, zorionez, handik minutu batzuetara berriro ere berdegunera itzuli da.  Eta arauzko denbora amaitzeko 10 minutu eskasen faltan La Unicak entsegu berri bat egin du.  Ez da tarterik izan arrasatearren erreakziorako eta, markagailuak 7-21ekoa erakusten zuela, aldageletarako bidea hartu dute bi taldeek.

Atsedenalditik bueltan polita izan da benetan etxekoek emandako erakustaldia.  Partidua maldan gora baldin bazegoen ere, zelairatu eta berehala nafarren errenta txikitu dute Dolarak egindako entsegua eta Arizaletak gauzatutako transformazioarekin (14-21).  Isasiren mutilek lanean jarraitu dute berdinketaren bila, eta baita lortu ere, oraingo honetan Argoitiaren eskutik –Arizaletaren transformazioa barne- (21-21).

Kanpanzar Arrasatek oraindik, baina, kolpe berria jasotzeke zeukan, bere kontu partikularreko laugarren entsegua lortuta La Unica berriro ere jarri baita aurretik (21-26).  Isasiren mutilek, ordea, ez dute besoak jaitsi eta berriro ere markagailuari buelta emateko gai izan dira.  Lehenik eta behin Danelek entsegua eginda, eta ondoren Arizaletak transformazioa gauzatuta, 28-26koa egin dute.  Oraindik, ordea, etxekoen azken kolpea falta zen.  Zigor kolpe batean baloia zutoinen artera bidalita, jaurtitzaile zuri-moreak amaierako 31-26koa jarri du markagailuan.

Zalantza izpirik gabe mailari eusteko borrokan aurrerapauso handia gaurkoan Kanpanzar Arrasatek eman duena, aurkari gogorraren kontra, gainera.  Hurrengo asteburuan sarrailagileek Ordizia hartuko dute Mojategin eta, astebete beranduago, Fadurara joango dira Getxo B-ren kontra indarrak neurtzera. Bizkaitarren kontra zerbait positiboa urratzeak berebiziko garrantzia izango du.
 
 



ASTEBURUKO PARTIDUAK


SENIORRAK
Kanpanzar ART 31–26 La Unica

KADETEAK
Errioxa 35–10 Kanpanzar ART

FEDERATUTAKO INFANTILAK
Getxo 41–26 Arrasate/Gaztedi

ESKOLA MAILAKO INFANTILAK
Kanpanzar ART – Zarautz

EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE