Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra la política de cookies, aquí
Política de cookies +
Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia

ORIENTACIÓN AL USUARIO

Hemen zaude:
 
Larunbat honetan, Beste Bat! Egunean

Partidua jokatuko dute Oñatin errefuxiatutakoek eta Arrasateko Beste Bat! St. Paulik

Iturripeko partiduaz gain, ekitaldi gehiago izango dira, besteak beste, lagunarteko bazkaria.

590.Oñatiko.ErrefuxiatuakCEAR-BESTEBAT (id: 3363533)


Argazkiak: CEAR Euskadi eta MB Artxiboa / Testua: Gontzal Landa Herbias / 2019ko maiatzak 21, asteartea

 

Egun hainbat errefuxiatu Oñatiko Larraña Etxean bizi dira, CEAR Euskadik kudeaturiko aterpetxean.

  

Kolektibo horren berri zuen arrasatear batek, Beste Bat! St. Pauli Mondrako partaide batek, hain zuzen, eta CEARen bitartez, futbito partidu bat jokatzera gonbidatu zituen. 

  

Izan ere, "St. Pauli futbol klubeko estatutuak eta bere nazioarteko jarraitzaileen elkarteen estatutuak (sinatuta dauzkagunak) anti-arrazistak dira - baieztatu du Dirk Morenweiser arrasatearrak - eta ondorioz, solidario izaten ahalegintzen gara".

 

Bide honetan, "Arrasatetik hurbil dagoen kolektibo bati elkartasuna azaldu nahi diegu, eta horretarako eurekin kontaktuan jarri ginen, CEARen bitartez".

 

Beste Bat! St. Pauli Mondraren gonbidapena "harriduraz hartu zuten, baina errefuxiatuak partidua jokatzeko gogotsu daude".

 

Lagunarteko partidua larunbat honetan izango da, goizeko 11:00etan Iturripen, "bertan, Zaldibarren ez bezala, dutxak erabili ahal direlako. Horren harira, eskerrak ematen dizkiogu Arrasate Eskubaloiko Ines Azpiazuri, berak erraztu baitigu Iturripeko instalazioetara sarbidea izatea". 

 

Eguerdi partean, 13:00etatik aurrera, poteoa aurrera eramango dute Beste Bat!eko bazkide diren tabernetatik, besteak beste "gure jarduerei herrian bisibilitatea emateko". Eguerdiko 14:15ean talde argazkia egingo dute Herriko plazan.

 

Gero bazkaria ospatuko dute Montzon elkartean, eta bertara "Oñatiko errefuxiatuak, arratsaldean kontzertuak emango dituzten taldekideak eta oro har Beste Bat! Eguneko partaide guztiak gonbidatuta daude".

 

Larunbat arratsaldean herritar guztiak gonbidatuta daude Ferreriasko Putzu plazan (Basati taberna ondoko plazan) ospatuko diren kontzertuetara. Jaialdia arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta herriko bi taldek joko dute: Goi! & Bego eta Libertad Condicional. 

 

Horretarako, Udalak eszenatokia eta instalazioa prestatuko ditu, eta horregatik antolakuntzak eskerrak ematen dizkio.  

 

Beste Bat! Egunaren bederatzigarren edizioa izango da, eta bizitza horren gakoa "kolektiboa bera da. Pertsona anitz gara, kolore ezberdinetakoak, baina hala ere aurrera egiteko gogotsu gaude, St. Pauliren kirol-jarduerak jarraitzeko gogotsu. Gure onena ematen saiatzen gara".

 

"Giro irekian ospatzen da, gazteek eta helduek parte hartzen dute, eta seguruenik zapatu honetan ere burezur ugari ikusiko dira kaleetan zehar", adierazi du Dirkek baikortasunez. 

 

Datorren urtean "dena ondo bidean, gure hamargarren urteurrena izango da, eta ospakizun handi bat prestatu nahi dugu".  

 


EREMU PRIBATUA


Copyright © 2008 - MONDRABERRI
Mondraberri@gmail.com - www.mondraberri.com
Tel: 943 797837 - Arrasate Pasealekua 3-bajo / P.K. 101 - 20.500 - ARRASATE